Arabako Foru Aldundiak 200.000 eurorekin lagunduko die txikizkako merkatariei TicketBAI sistema ezartzen

Arabako Foru Aldundiak aparteko laguntza deialdi bat zabalduko du, 200.000 eurokoa, tokiko txikizkako merkataritzarentzat, sektore horri TicketBAI fakturazio sistema ezartzen laguntzeko helburuaz. Laguntza lerro horrek beharrezko softwarea erosteko eta berritzeko kostuaren % 50 finantzatuko du, 1.000 euroko mugarekin enpresa onuradun bakoitzeko.

Aparteko laguntza deialdiaren hasierako aurrekontua 200.000 euro da, eta txikizkako merkataritzako enpresa eta autonomoentzako da –ile apaindegiak, apaindegiak, bidaia-agentziak eta artisauak barne–, baldin eta egoitza fiskala Arabako Lurralde Historikoan badute eta jendeari saltzeko gunea edo artisautza-tailerra eta gehienez ere bederatzi lagunek osaturiko plantilla badaukate.

Aparteko laguntza hauek bateragarriak izango dira beste erakunde batzuek merkataritzasektoreko enpresei eta autonomoei ematen dizkieten laguntzekin, baldin eta guztirako zenbatekoa diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren berdina edo txikiagoa bada.

TicketBAI sistemako softwarea erosi, berritu edo eguneratu eta gero aurkeztu behar dira eskabideak, dagozkien fakturekin batera, deialdiko dirulaguntzak dagoeneko gauzatu eta ordaindu diren ekintzetarako ematen baitira. Laguntzak emateko prozedurak jarraituko dio eskabideak dokumentazio osoarekin aurkeztu diren hurrenkerari.

Dirulaguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea otsailaren 17an (osteguna) hasi da, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAOn) argitaratu eta hurrengo egunean, eta 2022ko urriaren 3ko 14:00etan amaituko da.

Azken berriak