Arabako Aldundiak handitu egingo ditu kontrataziorako laguntzak 2020an

Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Sustapen, Merkataritza eta Turismo Sailak milioi bat euro emango ditu enplegu-sorkuntza sustatzeko, langabeak kontratatzeko laguntza-programa baten bidez. Honenbestez, alor horretako aurreko urteetako aurrekontua hirukoiztu egiten du aurtengoak.

Laguntzaren zenbatekoa

Programa-deialdiaren arabera, hauek dira laguntzaren onuradunak: enpresa txikiak eta ertainak (ETEak), autonomoak eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak eta erakundeak, egoitza fiskala eta lantokiak Araban dituztenak. Kontratu mugagabe bakoitzeko 6.000 eta 7.000 eurokoak izango dira laguntzak (gizonentzat eta emakumeentzat, hurrenez hurren). Kontratatzen diren langabeak 45 urtetik gorakoak baldin badira, berriz, 1.000 euro gehiago emango da bakoitzarentzat, hau da, 7.000 eta 8.000 euro, hurrenez hurren.

Aldi baterako kontratuei dagokienez, berriz, kontratu-hil bakoitzeko 300 eta 400 eurokoak dira laguntzak (gizonentzat eta emakumeentzat, hurrenez hurren), eta 50 euro gehiago emango dira kontratatua 45 urtetik gorakoa bada. Kasu horretan, 12 hilabeteko epeari dagokiona da gehieneko dirulaguntza.

Enpresa onuradunek bere horretan eutsi behar diote langile-kopuruari, edo handitu, kontratua sinatu aurreko eta ondorengo sei hilabeteko epean, eta gutxienez urtebetez bermatu mugagabeko kontratuen egonkortasuna. 

Ez dira sartzen

Kontratu-mota hauek ez dira sartzen programan: hiru hilabetetik beherakoak, aldizkako kontratu finkoak, trebakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak, praktiketakoak, eta enpresa erabiltzaileentzat aldi baterako laneko enpresek  egiten dituztenak.

Eskaera egiteko epea

2020ko azaroaren 2an amaitzen da eskabideak aurkezteko epea, baina laguntza jasoko dutenak hauek dira: 2019ko urriaren 16tik 2020ko urriaren 31ra bitartean sinatutako kontratu mugagabeak; aldi baterakoak, berriz, 2020ko ekainaren 21etik urriaren 31ra artekoak.

 

 

 

Azken berriak