Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak premiazko neurriak adostu dituzte, egungo egoera ekonomikoak gehien kaltetutako sektoreei likidezia emateko

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek neurri sorta bat adostu dute egungo egoera ekonomiko globalaren ondorioen eraginpean dauden eragile ekonomikoen likidezia indartzeko. Egoera horren ezaugarri nagusiak dira inflazioa eta energiaren eta lehengaien kostuen igoera, bai eta horiek ekoizpen-katean dituzten ondorioak ere. Testuinguru horretan, eta COVID-19aren pandemiak sortutako krisiaren aurrean egin zuten bezala, foru aldundiek aparteko neurriak hartu dituzte sare ekonomikoaren sektore ahulenetan egoera hau izaten ari den eragin negatiboa arintzeko, hala nola enpresa txikietan, mikroenpresetan eta langile autonomoetan.

Arabako diputatu nagusi den Ramiro Gonzalez; Bizkaiko diputatu nagusi den Unai Rementeriak; eta Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok aurreratu dutenez, neurri horiek honako hauek dira: zergen ordainketan aparteko geroratzeak ematea, interesik eta bermerik gabe; PFEZren ordainketa zatikatuak ordaintzetik salbuestea; gastuen forfait-a handitzea; eta lehen sektoreari diru-laguntza berriak ematea.

Berehala indarrean sartzeko, aldundi bakoitzak honako neurri hauek onartuko ditu, premiazko Foru Dekretu-Arauen formularen bidez:

Interesik gabeko gerorapena zergen ordainketan

Langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek aparteko gerorapena izango dute zergen ordainketetan, eta ez dute bermerik aurkeztu beharko. Foru ogasunek emango dituzten geroratze hauek ez dute interesik sortuko, eta geroratutako zenbatekoak itzultzeko zenbateko berdina izango duten sei hileko kuotatan ordaintzea eskaintzen dute, hiru hilabeteko gabealdi baten ostean egingo dena.

PFEZren ordainketa zatikatuen salbuespena

Jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoak ez daude behartuta PFEZren ordainketa zatikatuak autolikidatu eta ordaintzera urteko lehen bi hiruhilekotan.

Autonomoentzako eta mikroenpresentzako gastu-forfait handitzea

Hirugarren neurria gastuak konpentsatzeko forfait-a handitzea da, mikroenpresek eta langile autonomoek beren zerga-oinarria murrizteko, dela Sozietateen gaineko Zergan, dela PFEZan. Forfait-aren handitzeak indar berezia izango du salgaien errepidezko garraioan, nekazaritzan eta abeltzaintzan, hiru lurraldeetan % 70eraino igotzen baita. Forfait orokorra, bai PFEZan (langile autonomoak), bai Sozietateen gaineko Zergan (mikroenpresak), % 15eraino igotzen da.

5,4 milioi euro nekazaritza eta abeltzaintzari zuzeneko diru-laguntzetan

Halaber, hiru aldundiek erabaki dute zuzeneko diru-laguntzen lerro berri bat irekitzea lehen sektorea laguntzeko: 2,5 milioi euro Araban, 1,2 milioi euro Bizkaian eta 1,7 milioi euro Gipuzkoan.

Informazio gehiago nahi baduzu

   

Azken berriak