Aldundiak Bizkaia aurrera! Plana onetsi du, Covid-19aren krisiari aurre egiteko hamabi neurri dituena

Foru-plan hau maiatzaren 11n aktibatuko da eta abenduaren 31ra arte egongo da indarrean. Guztira 15 milioi euroko mikrokredituak aurreikusten ditu sektore guztietako autonomoentzat eta 2 eta 5 langile arteko enpresa txikientzat, alarma-egoerak itxita egon badira; 5 milioiko enplegu-plan berezi bat, gremioen jarduera sustatzeko Renove Etxea plan bat edo barneko turismo-plan bat, besteak beste.

                                                               ↓ Deskargatu informazioa  PDF formatuan                                                                   

12 neurri krisiaren aurrean

Gai horiek kontuan hartuta, 12 jarduketa diseinatu dira krisialdi honetan okerren pasatzen ari diren pertsona eta sektore ekonomikoei laguntzeko: alarma-egoeraren adierazpenaren ondorioz negozioak eta jarduera ixtera behartuta dauden 15.343 langile autonomoei eta lanean jarraitu duten baina kalte handiak jasan dituzten 22.764 langileei; koronabirusaren krisiaren ondorioz lana galdu duten 5.373 pertsonei; eta alarma-egoera deklaratu ondoren pertsiana jaistera behartuta dauden lurraldeko 3.347 mikroenpresa, enpresa txiki  eta ertain eta enpresa handiei eta eraginak pairatzen ari diren 6.607 enpresei.

Hamabi neurriak eta bakoitzean egingo den inbertsioa:

1 Bizkaiko autonomoei eta besteren konturako bost langile edo gutxiago dituzten enpresa txikiei laguntzeko mikrokredituak. (15M€)
2 Lanpostuei eusten laguntzeko eta langabezian dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko enplegu-plan berezia. (5M€)
3 Bizkaiko tokiko merkataritzan, kulturan, turismo-establezimenduetan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko bonoak. (5M€)
4 Renove Etxea Plana, Bizkaiko eraikuntzako gremioen artean jarduera sustatzeko.
5 Elkargik abalatutako enpresa txiki eta ertainen eta autonomoen maileguen gabeziarako laguntza-programa. (150.000 €)
6 Bizkaiko herrietan mugimendua, jarduera, kultura eta kontsumoa sustatzeko barneko turismo-plana. (300.000 €)
7 Industriari lotutako sektoreetako enpresa txiki eta ertainen eta bost eta ehun langile arteko enpresen ekonomia suspertzeko zuzeneko laguntzen programa. (4M€)
8 Bizkaia aurrera! digitalizazio-plana. (10.4M€)
9 Ekonomia eta enplegua suspertzea errazteko zerga- eta tributu-neurriak.
10 Kultura, kirol eta Covid-19ren ikerketa-jardueretarako mezenasgoa handitzea, eta 2020an haiek lehentasunezko jarduera izendatzea.
11 Bizkaian jarduera, ekonomia, kultura eta aisialdia dinamizatzen dituzten jarduerak bultzatzea osasun-agintaritzak baimentzen baditu. (2.1M€)
12 Bizkaia Gara, lurraldeko boluntarioen sarea, indartzea, eskatzen diren zeregin guztiak indartzeko eta laguntzeko. (50.000 €)

Horrela, Bizkaia aurrera! ekimenak 15 milioi euro bideratuko ditu mikrokredituetara, Bizkaiko autonomoei eta besteren konturako bost langile edo gutxiago dituzten enpresa txikiei laguntzeko. 7.500 euroko maileguak dira, interesik, komisiorik eta abalik gabe, eta gehienez bost urtean itzuli beharko dira, urtebeteko gabealdiarekin. Mikrokreditu horiek merkataritzaren, ekoizpenaren eta antolaketaren suspertzearekin lotutako gastuak ordaintzeko erabiliko dira, baina ezingo dira bideratu zorra birfinantzatzera edo pasiboa berregituratzera.

Bizkaia aurrera! ekimenak, halaber, enplegu-plan berezi bat ezartzea aurreikusten du, lanpostuei eusten laguntzeko eta langabeen kontratazioa sustatzeko, 5 milioi euroko zuzkidurarekin, enplegua sortzeagatiko zerga-kenkaria 5.000 eurotik 7.500 eurora igotzea barne, hiru programaren inguruan egituratuta:

  • Manten, gehienez 10 langile dituzten 25.000 enpresa baino gehiagori zuzendua, enpleguari eusten laguntzeko, 2.500 eta 3.500 euro bitarteko zuzeneko laguntzen bidez.
  • Kontrata, 100 langilera arteko enpresetan pertsonak kontratatzen laguntzeko, langile-premia badute, baina jarduera faltagatik gaitasun ekonomikorik ez badute.
  • 3R, lanpostua galdu duten pertsonak bir-orientatzeko, birkualifikatzeko eta birkokatzeko, baldin eta prestakuntza egokiaren bidez eta sei hilabete baino gutxiagoko epean, krisiaren aurretik lan egiten zuten sektorea ez den beste sektore batean birkokatu badaitezke.

Beste bost milioi euro Bizkaiko tokiko merkataritzan, kulturan, turismo-establezimenduetan eta ostalaritzan kontsumoa sustatzeko bonuetara bideratuko dira. Eta 4 milioi gehiago inbertituko dira industriarekin lotutako sektoreetako enpresa txiki eta ertainen eta bost eta ehun langile arteko enpresen ekonomia era adimentsuan bizkortzeko zuzeneko laguntzen programa batean. Programa honek digitalizazioarekin, ekonomia zirkularrarekin eta ingurumen-inpaktuaren murrizketarekin lotutako proiektuak lehenetsiko ditu. Diruz lagunduko dira langileen barne-gastuak, kanpo-gastuak eta ibilgetu materialean egindako inbertsioak, % 50ean, 15.000 euroko mugarekin.

Bizkaia aurrera!-k, halaber, gure lurraldeko eraikuntzako gremioen artean jarduera sustatzeko plan bat aurreikusten du, Renove Etxea Plana izenekoa. Plan horren bidez % 10eko kenkari fiskal iragankorra aplikatuko da Bizkaian bizi diren eta dagokion udal-lizentzia barne hartzen duten pertsonen ohiko etxebizitzan aldaketak egiteagatik. Kenkari hori 3.000 euroko gutxieneko aurrekontua eta 15.000 euroko gehieneko aurrekontua duten berrikuntzetan aplikatuko da, hamar urtetik gorako antzinatasuna duten etxebizitzetan.

Suspertzeko premiazko planak, gainera, Elkargik abalatutako enpresa txiki eta ertainentzako laguntza-programa ezartzen du,  hain zuzen ere maileguei dagokienez dagoen gabeziari aurre egiteko. Programa honek 150.000 euro ditu, finantza-erakunde horrek bermatutako 50 milioi euroko maileguak birfinantzatzeko laguntzetarako, printzipala itzuli gabe sei edo hamabi hilabeteko gabealdiarekin.

Bizkaia aurrera! Programan, beste alde batetik, 10,4 milioi euroko digitalizazio-plan bat dago. Horren bidez, inbertsio produktiboko premiazko programa bat jarriko da abian banda zabala Bizkaiko eskualde guztietara zabaltzeko, Arratia, Mungialdea eta Enkarterritik hasita, eta plataforma digital bat, gure lurraldeko tokiko merkataritza eta trebetasun digitalen arloko prestakuntza sustatzeko. Plan horren barruan adineko pertsonek eta baliabide gutxiko etxeek edo familiek teknologia berriak eskuratzeko programa bat ere egituratzen da, eten digitala saihesteko, eta banku nagusiekin batera egindako beste programa bat ere bai, tokiko merkataritzan eta ostalaritzan bitarteko digitalen bidezko ordainketa bultzatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren premiazko berrindartze-planak, era berean, hainbat zerga-neurri  eta neurri fiskal  jasotzen ditu, suspertze ekonomikoa eta enplegua errazteko. Hauek dira neurri horiek:

  • BEZaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta PFEZaren itzulketen gehieneko arintzea.
  • Pertsonak kontratatzeko pizgarri fiskalak. Modalitate orokorrean enplegua sortzeagatiko kenkariaren % 50eko gehikuntza (kenkari orokorraren zenbatekoa 5.000 eurotik 7.500 eurora pasatuz) eta halako bikoa laneratzeko zailak diren kolektiboena kasuan.
  • Digitalizazio-prozesuetarako pizgarri fiskalak. % 10eko gehieneko desgrabazioa eta gehienez 3.000 eurokoa Bizkaia aurrera! Programan sartzen den digitalizazio-planaren barruko gastu eta inbertsioetarako.
  • 2019ko SZren kuotaren % 60a bere fakturazio eta errendimendua txikiagotu duten enpresek bizkortze ekonomikoa sustatzera bideratzea ahalbidetzea, 2020ko galerak konpentsatzeko, enplegua sortzeko, aktibo produktiboetan inbertitzeko, I+G egiteko, 64.bis artikuluko proiektuak finantzatzeko edo ekintzailetzan inbertitzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak barne turismoko plan bat ere jaso du, gure lurraldeko herrietan mugimendua, jarduera, kultura eta kontsumoa bultzatzeko. 300.000 euroko plan horrek ia ehun plan sustatzea aurreikusten du, eskualde guztietan proposamen inspiratzaileak, erosteko errazak eta gozatzeko errazak dituztenak; web-plataforma baten bidez sustatzea eta merkaturatzea, familian, haurrekin, bikotekidearekin edo taldean gozatzeko planak ezartzea, eta proposamen tematikoak (kultura, gastronomia eta tokiko produktua, kirola, natura/paisaia…).

Bizkaia aurrera! Ekimenak kultura-, kirol- eta COVID-19aren ikerketa-jardueretarako mezenasgoa areagotzea aurreikusten du, 2020an lehentasunezko jarduerak izendatuz, eta 2,1 milioi eurorekin bultzatuko ditu Bizkaian sormena, ekonomia, kultura eta aisialdia dinamizatuko dituzten jarduerak.

Azkenik, 50.000 euro bideratuko dira Bizkaia Gara indartzeko, hau da, eskatzen diren zeregin guztietan laguntzeko lurraldeko boluntarioen sarea indartzeko, hala nola krisian hasitako martxan dauden programak egonkortzeko (elikagaiak, farmaziak, deiak), adinekoei aisialdian laguntzeko (Bizilagun), adinekoen artean irakurketa bultzatzeko Liburuak Etxera programa eta bizitza aktiboa sustatzeko Kirola Alkarregaz  programa eta larrialdietan eta ekitaldiak eta jarduerak antolatzen laguntzea.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....