Aldaketak zure bankuan Internet bidez identifikatzeko sisteman: PSD2 ordainketa-araudi berria

Azken asteetan zure kontuan Internet bidez sartzen saiatu bazara, mezu bat agertuko zitzaizun seguruenik, orain arteko identifikazio-sistema aldatzear zegoela eta, aurrerantzean, beste sistema seguruago bat erabiliko zela esanez. Baina,

Zertan datza aldaketa hori eta zeri zor zaio?

Printzipioz, finantza-erakundeek Europar Batasunaren (EBren) PSD2 (Payment Service Directive 2) ordainketa-araudi berria aplikatu beharko dute irailaren 14tik aurrera. Bankuak hasiak dira beren bezeroei jakinarazten araudi horrek zer aldaketa ekarriko dituen, kanal digitaletan sartzeko edo eragiketa jakin batzuk (ordainketak, adibidez) egiteko garaian bereziki.

Edonola ere, Espainiako Bankuak adierazi du luzatu egingo duela araudia aplikatzeko epea (ez du zehaztu noiz arte).

«Bezeroen autentifikazio indartua» kontzeptua dago Europako ordainketa-zerbitzuak arautzen dituen PSD2 araudi berriaren erdigunean. Araudi horri jarraiki, Internet bidez eragiketaren bat egiteko garaian, kontsumitzailearen nortasuna egiaztatu beharko da, araudiak proposatutako hiru sistemen arteko bi erabiliz gutxienez:

  • Soilik erabiltzaileak dakien zerbait (pasahitz bat edo PIN bat, adibidez).
  • Soilik erabiltzaileak daukan zerbait (koordenatu-txartel bat, pasahitz bat, PIN bat edo mugikorra, adibidez).
  • Erabiltzailearen parte den zerbait (hatz-marka, irisa, aurpegi-ezagutzea eta abar).

Independentzia bermatuta dago, aukeretako bat urratuz gero gainerako bien fidagarritasuna ez baita kaltetua izango eta ez baita gailu desberdinik erabili behar izango. Autentifikazioa nahitaezkoa izango da Internet bidez ordaintzeko kontuan sartzeko, ordainketa elektronikoko eragiketak egiteko edo arriskuren bat dakarten urruneko eragiketak gauzatzeko.

Salbuespenak

Autentifikazio indartua erabiltzeko salbuespen batzuk onartu ditu PSD2 araudi berriak: kontuan saldoa edo mugimenduak kontsultatzeko sartzea soilik, 30 eurotik beherako Internet bidezko ordainketak, 50 eurotik beherako ordainketak mugikorrarekin edo contactless sistemarekin, langilerik gabeko terminalak (autobideko ordainleku edo aparkalekuetan adibidez), bai onuradun bai kopuru bereko eragiketa errepikariak eta konfiantzazko zerrenda batean jasotako bezeroei egindako ordainketak, besteak beste.

Araudi berria LABORAL Kutxan gako-sistema berri baten bidez nola aplikatuko dugun azaltzen da infografia honetan.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...