Alarma-egoera: enpresa eta negozioetan eragina duten neurri nagusiak

2020ko martxoaren 14an argitaratu eta indarrean jarri zen 463/2020 Errege Dekretua, COVID-19a dela-eta sortutako osasun-krisialdia kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zuena.

Alarma-egoera horrek nazio-lurralde osoan izango du eragina eta hasiera batean 15 egun naturaleko iraupena izango du.

Hona hemen enpresetan eragina izan dezaketen neurriak:

1. Zirkulatzeko askatasuna mugatzea (7. artikulua)

  • Alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, honako kasu hauetan bakarrik zirkulatu ahal izango dute herritarrek erabilera publikoko bideetatik:
    • Elikagaiak, farmaziako produktuak eta premia bizikoak erosteko.
    • Osasun-zentroetara joateko.
    • Langileak, profesionalak eta enpresariak lantokira joateko.
    • Ohiko bizitokira itzultzeko.
    • Adinekoak, adin txikikoak, mendeko pertsonak, desgaitasuna dutenak edo bereziki ahulak zaindu eta haiei laguntzeko.
    • Finantza-erakundeetara joateko.
    • Ezinbesteko edo premia larriko kasuetan.
    • Behar bezala justifikatutako antzeko beste edozein kasutan. Herritarrak banaka jardungo du kasu horietan, salbu eta desgaitasuna duen pertsonari lagundu behar badio edo beste norbaitekin joatea justifikatzen badu.
  • Ibilgailu partikularra erabiltzea onartzen da, aurreko atalean azaldutako jarduerak betetzeko edo gasolindegi edo zerbitzuguneetan gasolina hartzeko.

2. Merkataritza-jardueraren arloko babes-neurriak (10. artikulua)

  • Txikizkako lokalak eta establezimenduak itxi egingo dira jendearentzat, salbu eta honako hauek: elikagaiak, edariak eta premia biziko produktu eta ondasunak saltzen dituztenak, farmaziak, establezimendu medikoak, optikak, produktu ortopedikoak eta higienikoak saltzen dituztenak, ileapaindegiak (etxez etxeko zerbitzua bakarrik), prentsa eta paper-gauzak saltzen dituztenak, ibilgailuentzako erregaia saltzen dutenak, estankoak, teknologia- eta telekomunikazio-ekipamenduak saltzen dituztenak, lagun egiteko animalientzako elikagaiak saltzen dituztenak, Internet, telefono eta posta bidezko merkataritzan dihardutenak, tindategiak eta garbitegiak.
  • Elikagaiak eta premia biziko produktuak erosteko behar duten denbora besterik ez dute emango kontsumitzaileek ireki daitezkeen merkataritza-establezimendu horietan, eta ezin izango dituzte produktuak establezimenduan bertan kontsumitu.
  • Nolanahi ere, jende-pilaketak saihestuko dira eta kontsumitzaileek zein establezimenduetako langileek elkarrengandik gutxienez metro bateko distantzia gordetzen dutela bermatuko da, kutsatzeak eragozteko.
  • Ezin izango dira publikoarentzat ireki museoak, artxibategiak, liburutegiak, monumentuak, ikuskizun publikoak eskaintzen dituzten lokalak eta establezimenduak eta Errege Dekretuaren eranskinean adierazitako kirol- eta aisia-jarduerak eskaintzen dituztenak.
  • Bertan behera geratuko dira ostalaritza- eta jatetxe-arloko jarduerak. Etxerako zerbitzuari bakarrik eutsi ahal izango diote horiek.

3. Garraio-arloko neurriak (14. artikulua)

Bidaiarien garraio publikoko zerbitzuetan, garraio-operadoreek gutxienez % 50 murriztuko dute ohiko eragiketa-eskaintza.

Aldiriko trenbide-zerbitzuek eutsi egingo diote ohiko eskaintzari.

Txartelak eserleku edo kabina bat hartzeko eskubidea ematen duten zerbitzuetan, garraio-operadoreek edo txartelak saltzeko kanalek eskuragarri duten gehieneko leku-kopuruaren heren bat bakarrik jarri ahal izango dute salgai, bidaiariak elkarregandik behar besteko distantzian daudela bermatzeko.

4. Elikagai-hornidura bermatzeko neurriak (15. artikulua)

Agintaritza eskudunek beharrezko neurriak hartuko dituzte elikagai-hornidura bermatzeko.

5. Prozesu- eta administrazio-epeak eta preskripzio- eta iraungitze-epeak bertan behera uztea (2., 3. eta 4. Xedapen Gehigarriak)

  • Prozesu-legeetan aurreikusitako terminoak bertan behera utzi eta epeak eten egingo dira jurisdikzio-ordena eta administrazio-epe guztietarako. Epe horien zenbaketa abian jarriko da berriro Errege Dekretu honek edo horren luzapenek indarra galtzen dutenean.
  • Egintza eta eskubide guztien preskripzio- eta iraungitze-epeak eten egingo dira alarma-egoera eta horren luzapenak indarrean dauden bitartean.

6. Administrazio Publikoetako agintaritza eskudunek hartutako neurriak berrestea (1. Azken Xedapena)

COVID-19a dela-eta, berretsi egiten dira alarma-egoeraren babespean autonomia-erkidegoetako eta toki-erakundeetako agintaritza eskudunek hartutako xedapen eta neurri guztiak.

 

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....