ABEEE-AK 2021EKO URTARRILAREN 31RA ARTE LUZATZEA ONARTU DU GOBERNUAK

Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteetarako (ABEEE) aurrez onartutako onurak 2021eko urtarrilaren 31ra arte luzatzea erabaki du Gobernuak. Luzapen horren alderdi nagusiak honako hauek dira:

Prestazioen zenbatekoa bera izango da

Prestazioak kalkulatzeko oinarria langilearen oinarri arautzailearen % 70 izango da berriz, baina langilearen diru-sarrerak ez dira murriztuko, orain arte bezala, oinarri arautzailearen % 50era, lehen sei hilabeteak igaro ondoren.

Beheranzko prestazio-sistema hori indarrean zegoen lan-merkatua eraberritzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretua onartu zenetik, eta lehen aldiz aldatuko da langileen erosteko ahalmenari eusteko.

Jarduera eragotzi edo mugatzearen ondoriozko ABEEEa

1. Eragozpenen ondoriozko ABEEEa

Estatuko zein atzerriko agintariek 2020ko urriaren 1etik aurrera ezarritako murrizketa edo hartutako neurri berrien ondorioz beren jarduera egitea eragotzi zaien edozein sektore edo jardueratako enpresek ABEEE-en onurak baliatu ahal izango dituzte.

Osasun-neurrien ondorioz beren lantokiren batean jarduera eragotzita duten enpresek “eragozpenen ondoriozko ABEEE” bat eskatu ahal izango dute, eta ABEEE horren iraupena eragozpen-neurrien iraupenera mugatuko da.

Enpresa horiek Gizarte Segurantzarako kotizazioak ordaintzeaz salbuetsita geratuko dira itxialdian eta 2021eko urtarrilaren 31ra arte. Salbuespen hori enpresa-ekarpenaren % 100 izango da 50 langile baino gutxiagoko enpresen kasuan, eta % 90 langileak 50 edo gehiago diren kasuan.

2. Mugaketen ondoriozko ABEEEa

Espainiako agintariek hartutako erabaki edo neurrien ondorioz beren lantoki batzuetan jarduera mugatuta duten enpresek edo erakundeek “mugaketen ondoriozko ABEEE” bat eskatu ahal izango dute.

Kasu horretan, langileen Gizarte Segurantzarako kotizazioen salbuespenak beheranzkoak izango dira 2020ko urritik 2021eko urtarrilera bitarte, honako ehuneko hauei jarraikiz:

2020KO URRIA 2020KO AZAROA 2020KO ABENDUA 2021EKO URTARRILA
<50 LANGILE % 100 % 90 % 85 % 80
≥50 LANGILE % 90 % 80 % 75 % 70

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen bidezko estaldura-tasa handia eta jardueraren berreskuratze-tasa txikia duten sektoreetako enpresak

Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen bidezko estaldura-tasa handia eta jardueraren berreskuratze-tasa txikia duten enpresatzat hartuko dira erabakian jasotako Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionaleko (EJSN-09) koderen batean sailkatuta dagoen jarduera bat egiten dutenak.

Atal honetan, halaber, arauan jasotako EJSNko kodea duten enpresen mendeko jarduera ekonomiko bat egiten duten edo enpresa horien balio-katearen parte diren enpresak sartu ahal izango dira, hau da, 2019. urtean beren fakturazioaren erdia zuzenean enpresa horien mende egon dela edo, zeharka, EJSN-09 kodeen zerrendan sartutako enpresen mende daudela egiazta dezaketen enpresak.

Erabakiak ezartzen duenez, aurreko bi kategorietako enpresek, ezinbesteko ABEEEa 2021eko urtarrilaren amaierara arte automatikoki luzatzen badute, salbuespenak izango dituzte langileengatik (berraktibatuta zein etenda daudenengatik) 2020ko urrian, azaroan eta abenduan eta 2021eko urtarrilean sortutako Gizarte Segurantzako kuotetan.

Salbuespenak % 85ekoak izango dira 50 langile baino gutxiago dituzten enpresentzat, eta % 75ekoak 50 langile edo gehiago dituztenentzat, etenda dauden langileen zein lanpostura itzultzen direnen kasuan.

“Enpresa” kontzeptu hori osasun-krisiaren hasieratik orain arte langileak ehuneko esanguratsuetan berreskuratu ez dituzten (enplegu-erregulazioko espedienteetatik langileen ehuneko 65 baino gutxiago berreskuratu dituzten) eta, gainera, sektore espezifikoetakoak diren (erregimen orokorrean afiliatutako pertsona guztien ehuneko 15 baino gehiago EJSNko kode zehatz batean dituzten) enpresei lotuta dago.

Baldintza horiek berak bereziki kaltetuta dauden enpresen balio-katearen parte diren enpresetara zabalduko dira. Erakunde horiek beste enpresa baten mende dauden edo haren balio-katea osatzen duten enpresatzat hartzeko eskaera aurkeztu beharko dute dagokion lan-agintaritzan, urriaren 5etik 19ra bitarte.

Enpresa baten balio-katea osatzen duten enpresatzat hartuko dira 2019. urteko fakturazioaren % 50 gutxienez “pandemiak bereziki kaltetutako enpresekin” zuzenean egindako eragiketetan sortu duten enpresak, baita jarduera erreala zeharka enpresa horien mende duten konpainiak ere.

Salbuespen horiek berak aplikatuko dira Gizarte Segurantzarako kotizazioetan (% 85ekoak 50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan eta % 75ekoak 50 langile baino gehiago dituzten enpresetan), EJSNko kodeetako edo balio-kateko enpresek, ezinbesteko ABEEE bat amaitu ondoren, arrazoi ekonomikoen, teknikoen, antolamendu-arrazoien edo produkzio-arrazoien ondoriozko ABEEE bat hasten duten kasuan, erabakia jasotzen duen Errege Lege Dekretua indarrean jarri ondoren.

Kontagailua zeroan

ABEEE batek eraginpean hartutako langileek “kontagailua zeroan” edukiko dute, 2021ean bidegabekotzat hartutako kaleratze objektibo, banakako edo kolektibo bat edota edozein arrazoitan oinarritutako beste kaleratze mota bat jasaten badute edota urte horren barruan beren aldi baterako kontratua azkentzen bada.

ABEEE batek eraginpean hartutako pertsonek lehentasunezko arreta jasoko dute prestakuntza-ikastaroak egiteko garaian, eta kolektibo horri zuzendutako ekintza espezifikoak jarriko dira abian.

Enpleguaren babesa

Enplegua Babesteko III. Akordio Sozialak eutsi egin die martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuan eta ekainaren 26ko 24/2020 Errege Lege Dekretuan hartutako konpromisoei.

Gainera, enplegua babesteko 6 hilabeteko epe berri bat ezarri da salbuetsitako ABEEE berri bat hasten duten enpresentzat. Enpleguari eusteko aurreko konpromiso bat indarrean badago, babesaldi berria aurreko ABEEEarena amaitzean hasiko da.

Aurreko akordioan bezala, ABEEE bat hasten duten enpresetan ezin izango da aparteko ordurik egin, jardueraren kanporatze berririk ezarri, ezta kontratazio berririk hitzartu ere, zuzenekoak edo zeharkakoak izan, prestakuntza-arrazoien, gaitasun-arrazoien edo beste arrazoi objektibo eta justifikatu batzuen kasuan izan ezik.

Halaber, eutsi egin zaie aurreko akordioetan dibidenduen banaketari dagokionez finkatutako mugei eta ABEEE bat hasi nahi duten enpresak zerga-paradisuetan finkatzeko debekuari.

Aldizkako langile finkoen babesa

Aparteko langabezia-prestazio bat aitortuko zaie aldizkako lan-kontratu finkoa duten edota data jakin batzuetan lan finkoak eta aldizkakoak egiten dituzten langileei, betiere jardueraren aldi teorikoan ABEEE baten eraginpean egon badira.

Era berean, aldizkako lan-kontratu finkoa duten, eta aurrez ABEEE baten eraginpean egon ez diren eta eskatuz gero eskubidez dagozkien prestazioak edo sorospenak amaitu dituzten langileek jaso ahal izango dute prestazio hori.

Halaber, hobekuntzak ezarri dira lanaldi partzialean lan egiten duten pertsonen langabeziagatiko babesean.

 

 

Azken berriak