9.840 establezimenduk eskatu dituzte euskal ostalaritzarako laguntzak, 30 milioi euroko zuzkidura dutenak

Joan den astean amaitu zen euskal ostalaritzarako laguntza berriak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea, eta 9.840 eskaera aurkeztu dira guztira: 5.873 eskaera 1-3 langile dituzten establezimenduenak izan dira (% 59), 3.311 eskaera 4-10 langile dituzten establezimenduenak (% 34), eta gainerako 656ak, berriz, 10 langile baino gehiago dituzten lokalenak (% 7).

Lurraldeak kontuan hartuta, 1.364 eskaera Arabakoak izan dira (% 14), 3.151 Gipuzkoakoak (% 32) eta 5.325 Bizkaikoak (% 54).

Hiriburuei dagokienez, laguntzak eskatu dituzten ostalaritza-establezimenduak 1.872 izan dira Bilbon, 984 Donostian eta 993 Gasteizen.

Euskal ostalaritzarako laguntza berrien programaren arabera, 1-3 langile dituzten establezimenduek 3.000 euroko laguntza jasoko dute, 4-10 langileko plantilla duten establezimenduek 3.500 eurokoa, eta 10 langile baino gehiago dituztenek, berriz, 4.000 eurokoa.

Laguntzen helburua da euskal ostalaritza babestea eta euskarria ematea, osasun-krisiaren eragin ekonomikoa txikiagotzeko. Laguntzak duela hilabete eskas onartu ziren, osasun-neurri berriak dekretatu eta 3 egunera, eta handik egun gutxi batzuetara argitaratu ziren. Laguntzak eskatzeko, 15 eguneko epea eman da.

Laguntzaren emakida jakinarazi ondoren, hartzaileek 10 egun izango dituzte onartzeko edo uko egiteko. 10 egunetan laguntzari uko egiten ez bazaio, onartutzat hartuko da. Epea amaitu ondoren, Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegora igorriko dira aginduak, ordainketa bideratu dezan.

Euskadin, 12.219 ostalaritza-establezimendu daude. Haietatik, 8.297k (% 67k) 1-3 langileko plantilla dute, 3.224k (% 26k) 4-10 langilekoa, eta 698k (% 5,7k) 10 langiletik gorakoa.

Azken berriak