2020 urtea galerekin itxi zuten Gipuzkoako autonomoek jada eska dezakete zergen itzulketa

2020ko ekitaldia galerekin itxi zuten Gipuzkoako autonomoek dagoeneko eska dezakete 2019ko errenta-aitorpenean ordaindu zituzten zergen itzulketa, azken urtean galdutakoa konpentsatzea helburu. Carry-back izeneko sistema urtarrilaren 1etik dago indarrean, eta eskaerak otsailaren 15era arte egin ahal izango dira. Behin epea itxita, Gipuzkoako Foru Aldundiak otsailean bertan egingo ditu itzulketak.

Carry-back-a aplikatzeko eskaera egiteko, horretarako bereziki diseinatutako eredu bat aurkeztu behar da, Gipuzkoako foru Ogasunaren webgunean eskura daitekeena (https://www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/impuestos/modelo/cbk). Inprimaki horretan “2020ko jarduerako errendimendu negatiboak” laukitxoa bakarrik bete behar da. Gainerako eremu guztiak automatikoki beteko dira, 2019ko PFEZren aitorpenetik aterako baitira. Horrela, programak automatikoki kalkulatuko ditu zergadunak 2019an aplika dezakeen kenkaria eta 2020an integratu beharreko errentak.

Eredua modu telematikoan aurkeztu behar da, Gipuzkoako Foru Ogasunaren ZergaBidea plataformaren bidez. Horretarako, autentifikazioa behar da (B@KQ, sinadura elektronikoa edo gako operatiboa).

 

Azken berriak