2019AN AUTONOMOEN KUOTA % 1,25 IGOTZEA PROPOSATU DU GOBERNUAK

Norberaren konturako langileak ordezkatzen dituzten erakunde nagusiekin adostutakoaren arabera, gutxieneko oinarria % 1,25 igoko da datorren urtean, eta tasa % 30ean finkatuko da (gaur egun % 29,8 edo % 29,9koa da). Horrenbestez, hileko kuota 5,36 euro gehiagokoa izango da gutxieneko oinarria ordaintzen duten langile autonomoentzat (sozietate-autonomoen kasuan 6,89 euro gehiagokoa). Hurrengo urteetan kuotak goraka egingo du, 2022an % 31ra iritsi arte, proposamenak dioenez.

Autonomoen ekarpena igotzearekin batera hobetu egingo da talde horren babes soziala: lehenengo baja-egunetik kobratu ahal izango dute lan-istripuagatiko edo gaixotasun profesionalagatiko prestazioa. Gainera, gaixotasunagatiko bajaren edo aldi baterako ezintasunaren kasuetan, aukera izango dute Gizarte Segurantzari kuotarik ez ordaintzeko bigarren hilabetetik aurrera eta altaren unera arte. Era berean, autonomo guztiek izango dute jarduera uzteagatiko babesa (autonomoen langabezia-saria esaten diotena), eta horren iraupena bikoiztu egingo da.

Bestalde, Lan Ministerioak hileko 60 eurotan finkatu nahi du tarifa lauen zenbatekoa (jarduera hasi duten autonomoen kotizazio murriztua), laguntza beste urtebetez luzatzeko aukerarekin urtearen bukaeran onuradunak Gizarte Segurantzako autonomoen araubide berezian (LAABen) izena emanda jarraitzen badu.

Amatasunaren ondoren norberaren konturako jarduera hasiko duten langileek ere tarifa murriztu horiek ordaintzeko aukera izango dute. Horrela, autonomo diren amek, amatasun-bajagatiko prestazioaren ondorengo 24 hilabeteen barruan, 60 euroko tarifa laua izango dute urtebetez, aurretik jarduera utzi beharrik gabe.

Proposamenak, halaber, gai batzuk arautzeko konpromisoa ere jasotzen du: LAABetik ofizioz baja emateko prozedura kuotak behin eta berriro ez ordaintzeagatik, egiaztatzen bada autonomoak bere jarduera utzi duela; nekazaritzako langileentzako autonomoen sistema berezian sartuta dauden langileen estaldurak homogeneizatzea eta tasak sinplifikatzea; hala nahi duten sozietate-autonomoei Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko (langabezia-sarirako eskubiderik gabe) aukera emango dien prozedura bilatzea.

Horrez gain, Lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez diren autonomoentzako kotizazio “arindua” ezartzeko aukera aurreikusi du Lan Ministerioak, eta gai horri buruzko proposamena 2019ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkezteko konpromisoa hartu du, kotizazioak etekinen arabera doitzen joateko egitasmoaren ildotik.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...