2015EKO ICO LERROAK

ICOk finantzaketa- eta berme-lerro berriak jarri ditu enpresa eta ekintzaileen eskura. Horiek kreditu-erakunde nagusien sare komertzialaren bitartez helaraziko zaizkie enpresei.

Lerroak autonomo, enpresa eta erakunde publiko nahiz pribatuei zuzendurik daude (fundazioak, gobernuz kanpoko erakundeak, administrazio publikoa…), eta hainbat finantzaketa-epe izango dituzte, epe laburrekoak (urtebetetik beherakoak) nahiz luzekoak (20 urte). Gainera, 2 urtera arteko printzipalaren gabealdia eskaintzen dute.

Likidezia edo inbertsioetarako finantzaketa behar duten enpresei bideratutako ICOren 2015eko produktuen katalogoak honako lerro hauek hartzen ditu barne: ICO Enpresak eta Ekintzaileak 2015, ICO Berrikuntzako Funts Teknologikoa 2013-2015, ECO EBS/SAECA Bermea eta ICO Enpresentzako Zor Agiriak eta Bonuak.

ICO Enpresak eta Ekintzaileak 2015 lerroari esker, enpresek % 100eraino finantza ditzakete nazio barruko inbertsioak, beren likidezia-premiak estaltzeaz gain. Era berean, finantzaketa eskaintzen die jabekide-komunitateei eta partikularrei, etxebizitzak eta eraikinak birgaitzeko beren proiektuetarako.

ICO EBS/SAECA Bermea 2015 lerroaren bitartez, finantzaketa eskaintzen zaie EBS edo SAECA baten abala duten enpresei. Finantza-baldintzak egokitu egin behar dira horretarako, bezeroarentzako azken kostuak abalik gabe gauzatutako eragiketen kostua gaindi ez dezan.

EGEF funtsekin kofinantzatutako ICO Berrikuntzako Funts Teknologikoa lerroak lehentasunezko baldintzetan eskaintzen dizkie maileguak inbertsio-proiektu berriak egiten dituzten enpresa berritzaileei; gainera, finantza-erakundearen eta ICOren artean partekatzen da eragiketen arriskua.

Azkenik, ICO Enpresentzako Zor Agiriak eta Bonuak 2015 lerroaren bitartez, Espainiako enpresek igorritako bonu eta/edo zor-agirien, Espainiako negoziazio-sistema aldeaniztunetan edo merkatu antolatuetan kotizatzeko onarturikoen, erosketa finantzatzen da.

2015eko ICOren finantzaketaren berritasun nagusiak

2015 urtean, ICOren finantzaketa-lerroen baldintzak hobetu dira bi helburu hauekin: batetik, finantzaketa behar duten enpresen beharrei estaldura hobea ematea, eta bestetik, enpresei eskainitako kredituaren zenbatekoa areagotzea.

Hobekuntza nagusien artean, enpresek finantzaketa eskatu ahal izateko epea 4 urtera luzatuko da % 100eko likidezia behar duten eragiketen kasuan (aurreko ICO lerroetan 3 urteko gehieneko epea eskaintzen zen). Hobekuntza horri esker, enpresek kapital zirkulatzailearen oinarri egonkorra izan dezakete beren ohiko ziklo komertziala finantzatu ahal izateko. Era berean, 4 urteko epea txertatu da inbertsio-eragiketetarako finantzaketa-eskaintzari dagokionez, eta horrenbestez, enpresek errazago egokitu ahal izango dute finantzaketa-epea beren inbertsio-proiektu zehatzen baldintzetara.

Gainera, enpresek lor dezaketen gehieneko finantzaketa handitu egin dela azpimarratu behar da. ICO Enpresak eta Ekintzaileak 2015, ICO Nazioartekoa 2015 eta ICO Esportatzaileak 2015 lerroen kasuan, bezero bakoitzeko gehieneko zenbatekoa 12,5 milioi eurokoa izan daiteke (10 milioi aurreko urteetan), eta ICO EBS/SAECA Bermearen kasuan, gehienez ere 2 milioi eurokoa (1,5 milioi euro aurreko urteetan). Zenbateko horien bitartez, enpresa ertain eta txiki ia guztien finantzaketa-eskaerari erantzungo zaio.

Enpresaren esportazio- eta nazioartekotze-prozesua

Espainiako enpresen esportazio- eta nazioartekotze-prozesuan erabateko laguntza eskaintzen duen banku espezializatua den heinean, ICOk Espainiako enpresak nazioartera zabaltzeko produktuen katalogoa sustatu du 2012. urtetik, betiere horiek finantzaketa nahiz bermeak lortzeko izan ditzaketen premiei erantzuteko helburuarekin. ICOren export-import katalogoak ICO Nazioartekoa 2015, ICO Esportatzaileak 2015 eta ICO Nazioarteko Abalak lerroak hartzen ditu barne.

ICO Nazioartekoa 2015 lerroak bi helburu ditu: batetik, finantza-baliabideak eta likidezia jartzen ditu enpresen eskura, horiek naziotik kanpo inbertsioak egin ditzaten; eta bestetik, enpresen esportazioak errazten dira epe ertaineko eta luzeko finantzaketaren bitartez, erosleentzako nahiz hornitzaileentzako kredituak eskainiz. Lerro horretan, bezeroak eurotan nahiz dolarretan bereganatu ahal izango du finantzaketa.

ICO Esportatzaileak 2015 lerroak  likidezia eskaintzen die enpresa esportatzaileei. Horretarako, horien epe laburreko jarduera esportatzailetik eratorritako fakturak aurreratzen dira eta enpresek izan ditzaketen likidezia-premiak estaltzen dira, esportatu behar dituen ondasunen ekoizpen-kostuei aurre egiteko.

Azkenik, ICO Nazioarteko Abalak lerroaren bitartez, nazioarteko lizitazioetan parte hartzen duten edo zuzenean naziotik kanpo esleitutako kontratuak formalizatzen dituzten Espainiako enpresei laguntzen zaie. Espainiako kreditu-erakundeek emandako bermeak nazioartean onar daitezela sustatzeko helburuarekin, ICOk horien aldeko bermeak jaulkiko ditu, betiere enpresa espainiarrari emandako bermea nazioarteko lizitazio bati edo zuzenean atzerrian esleituriko kontratu bati badagokio.

Enpresak nazioartera irtetea sustatzeko ICO 2015 lerroen berritasun nagusien artean, ICO Esportatzaileak 2015 lerroaren bitartez enpresa esportatzaileek finantziazioa lor dezakete esportatuko dituzten ondasunak edo zerbitzuak ekoizteko orduan sorturiko likidezia-premiak estaltzeko; horrez gain, fakturak aurreratzeko finantzaketa eskaintzen zaie, aurreko urteetan bezala. Lerro horren kasuan, bezero bakoitzeko gehieneko zenbatekoa zehazteko orduan eragiketen saldo bizia hartzen da kontuan, sektoreak eskatzen zuen moduan. 2015eko esportaziorako finantzaketa-eskaintza berriak ICOren nazioarteko katalogoa areagotu du, eta orain are gehiago estaltzen ditu nazioartera atera nahi duten enpresen finantzaketa-premiak.

 

Azken berriak