ZURE IBILGAILUA FINANTZATZEKO GAKOAK

Ibilgailu bat erosten duten pertsona gehienek nahiago dute hura finantzatu, eskura ordaindu beharrean. Erabaki horrek erositako ibilgailuaren beraren prezioak baino gehiago eragin dezake eroslearen ekonomian.

Euskal Autonomia Erkidegoko Renove Plana laguntza-programari esker (artikuluaren amaieran gogoratuko ditugu haren ezaugarriak), profesional askok beren ibilgailua berritzeko prozesuari ekingo diote seguruenik. Hori dela eta, jarraian pista batzuk emango dizkizugu, ondo informatuta egoteko eta kasu bakoitzean finantzaketarik onena aukeratzeko.

Finantzaketan kontuan izan beharreko alderdiak

Mota guztietako maileguetan daude azken prezioan zuzenean eragiten duten aldagaiak, finantzaketagatik ordaindu beharko dituzunak. Horregatik, horiek izan dezaketen kostua ondo ezagutzeko, oso garrantzitsua da Urteko Tasa Baliokidearen (UTB) datuari kasu egitea. Finantzaketaren benetako kostuari erreferentzia egiten dio.

Kontuan izan beharreko hainbat alderdi daude, ibilgailua finantzatzeko aukera nagusi guztietan:

– Kontzesionarioaren finantzaketan

– Finantza-erakundeen finantzaketan

  • Kuota guztien batura:
    • Datu garrantzitsuenetako bat da, baina ez nahikoa bere horretan.
    • Beti «interpretatu» behar da kuota finantzaketa-epe osoarekin lotuta; hau da, kuota guztiak batu behar dira: kuota bat beti izango da baxuagoa epea luzeagoa bada, baina horrek kuota gehiago ordaintzea esan nahi du.
  • Irekitzeko gastuak:
    • Finantzaketa martxan jartzen den momentuan «kolpe batez» kobratzen diren kostuak dira.
    • Honako hauek izango lirateke, funtsean: irekierako komisioa (bi finantzaketa motetan dago, baina handiagoa izaten da kontzesionarioen kasuan) eta notariotzako gastuak, banku-finantzaketa batzuetan bakarrik sortzen direnak.
  • Deskontua:
    • Finantzaketarekin berarekin lotutako deskontu bat da eta, normalean, kontzesionarioaren finantzaketan bakarrik eskaintzen da. Dena den, gainerako aldagaien testuinguruan jarri behar da beti (askotan, «baliogabetu» egiten da irekierako komisioaren kostuarekin).

Kontzeptu horiek garbi dituzunean, finantzaketaren kostua baloratu ahal izango duzu kasu bakoitzean. Oro har, eta alderdi guztiak kontuan hartuta, finantzaketa-kostu osoa antzekoa izaten da finantza-erakundeen eta kontzesionarioen artean: HelpMyCash.com finantzaketa-arloko adituek egindako azterlan baten arabera, kasu guztien % 55etan hobe da autoa bankuko mailegu baten bidez epeka ordaintzea, kontzesionarioarekin finantzatzea baino.

Halere, beste baldintzatzaile garrantzitsu batzuk ere izan behar dira gogoan aukera bakoitzaren alde on eta txarrak baloratzeko. Orokorrean horrelako baldintzatzaile gehiago egoten dira kontzesionarioen finantzaketan, eta beti ez dira behar bezala esplikatzen finantzaketa eskaintzeko orduan, Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) duela gutxi egindako azterketa batean deskribatzen den moduan.

Autoaren finantzaketa… hobe banku batean edo kontzesionarioan bertan?

KONTZESIONARIOAN FINANTZATZEA

– Alderdi positiboa: Finantzaketa-kostua ez da bankuko finantzaketa batena baino handiagoa izaten. Kasuaren arabera, eta faktore guztiak aintzat hartuta (kontzesionarioak egindako deskontua barne), zertxobait merkeagoa izan daiteke, edo garestiagoa. Bestalde, ez da arazo handiegirik egoten finantzaketa emateko orduan; azkar egin ohi da, ia berehala.

Aukera honek deskontu bat izaten du prezioan, baina, esan dugun moduan, irekierako komisioaren kostu altuak (% 3 ingurukoa izaten da) «konpentsatu» egiten du, hein handi batean.

– Alderdi negatiboen artean, hona hemen lehen aipatu ditugun baldintza gehigarriak:

  • Jabaria erreserbatzeko klausula: bankuko finantzaketetan oso ohikoa izaten ez den klausula honen bidez, ezin da autoa saldu hura guztiz ordaindu arte; izan ere, erosleak epe guztiak ordaindu arte erakundea izango da haren titularra, eta erabiltzaileak ez du ibilgailuaren gaineko eskubide osoa izango. Gainera, finantzaketa ordaintzen amaitzen duzunean, Ondasun Higigarrien Erregistroan ezeztatu egin behar da, eta horrek gastu gehigarri bat sortzen du.
  • Finantzatu beharreko gutxieneko zenbatekoa: kasu hauetan, oso ohikoa izaten da behar duzun zenbatekoa bakarrik ez finantzatu ahal izatea, kontzesionarioak adierazten duen gutxieneko kantitate bat baizik.
  • Zerbitzu gehigarriak: batzuetan, deskontua duten finantzaketak eskuratzeko zerbitzu gehigarriak kontratatu behar izaten dira, hala nola auto-aseguruak, bizitza-aseguruak, ordainketak babesteko aseguruak, bermearen luzapenak, azterketak markaren tailer ofizialean egiteko konpromisoa eta abar.
  • Iraunkortasuna: mailegua aldez aurretik kitatzeko komisioak eragin ditzakeen gastuez gain (finantza-erakundeen kasuan ere ordaindu beharrekoa da, eta, kontsumorako kreditu-kontratuei buruzko Legearen arabera, % 1ekoa edo % 0,50ekoa izango da gehienez ere, azken finantzaketa-urtean sartutakoan), kontzesionarioak finantzaketari ezar diezaiokeen iraunkortasun-klausula ere izan behar da kontuan (normalean, 36 hilabetekoa izaten da gehienez); hura ez betetzeak deskontuaren zenbateko bereko zigorra sor dezake.

 

Horrenbestez, horiek ere gogoan izan beharreko alderdiak dira. Horiek guztiak edo batzuk aplikatuta ere, kasu batzuetan finantzatzea aukera ona izan daiteke, prezioak merezi badu; baina, edonola ere, erosleak horien guztien berri izan beharko luke hasieratik, horiek kontuan hartu eta balorazio egokia egin ahal izateko.

FINANTZAKETA FINANTZA-ERAKUNDEAREKIN

– Alderdi positiboa: finantzaketa-kostuak kontzesionarioek ematen duten finantzaketaren antzekoak izaten dira (kontzesionarioak egiten duen deskontua barne). Normalean, ez dituzte izaten ikusi ditugun baldintza gehigarriak. Baldintza horien ondorioz, gerta daiteke kontzesionarioaren finantzaketa horren malgua ez izatea eta zertxobait garestiagoa izatea, bankuko finantzaketa baino. Gainera, finantzaketa ez da horren mugatua izaten, edozein ibilgailu erosteko erabil baitaiteke, eta ez du gutxieneko kantitaterik edo eperik eskatzen.

– Alderdi negatiboa: bankuek eta kreditu-erakundeek gehiago aztertzen dituzte arriskuak maileguak emateko orduan. Kasu batzuetan finantza-erakundeetako bezeroek aurrez emandako finantzaketa automatiko bat duten arren eskura (Dispon, adibidez), beste batzuetan finantza-erakundeek 2 edo 3 egun inguru behar izaten dituzte finantzaketa aztertzeko. Horrelakoetan, soldata edo abal bat eska diezazukete, erakundearekin izan duzun ibilbideak behar adina kaudimen bermatzen duenean salbu.

Hori guztia dela eta, askotan ez dira izaten autoa saltzen duen kontzesionarioari atxikitako finantzaketak bezain azkarrak.

Azkenik, kontuan izan behar dugu, batzuetan, eta finantzaketaren zenbatekoaren arabera, erakundeak mailegua notario baten aurrean egitea eska dezakeela; kasu horretan, notariotzara joan behar izateaz gain, % 0,30 inguruko kostu gehigarria sor daiteke. Hori ez dago UTBaren kalkuluan jasota, ez baita maileguarekin lotutako kostua.

Horrenbestez, zenbatekoak batzea eta kalkuluak egitea bezain erraza —edo zaila— da. Dena den, oso garrantzitsua da arreta eskaintzen dizun profesionalak, kontzesionarioan nahiz finantza-erakundean, kontuan izan behar dituzun datu guztiak ondo azaltzea eta zuk horiek baloratu ahal izateko oinarriak izatea.

Renove Planaren laguntzak

Martxoaren amaieran, Renove Plana jarriko da martxan. Euskadiko ibilgailuen parkea berritzea da helburua, eta errepide bidezko garraioan ordezko erregaiak sustatzea (elektriko hutsak, hibrido entxufagarriak eta autonomia luzatukoak, PGL, gas naturala eta hidrogenoa). Plan horrek 5 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa du guztira.

Renove Planaren onuradunak

  • Izaera pribatuko pertsona fisikoak edo juridikoak.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren edo egoitza soziala eta zerga-egoitza bertan duten pertsonak.
  • Tokiko erakundeak (udalak, mankomunitateak, kuadrillak…).

Renove Planaren onuradun izateko baldintzak

  • N1 kategoriako ibilgailu bat izatea (furgoneta), norberarena nahiz enpresarena, eta hark zazpi urteko edo hortik gorako antzinatasun frogatua izatea.
  • M1 kategoriako ibilgailu bat izatea (turismoa), norberarena nahiz enpresarena (lehen aldiz matrikulatu zenetik laguntza-eskaera egin den egunera arte), eta hark hamar urteko edo hortik gorako antzinatasun frogatua izatea.
  • Ibilgailua jabetzan izatea 2019ko urtarrilaren 1aren aurretik.
  • Erabiltzen duzun ibilgailuari behin betiko baja ematea. Ibilgailua txatar bihurtu beharko da, laguntzen deialdia indarrean sartzen den egunetik aurrera.
  • Programaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera erosi beharko da ibilgailua.
  • A energia-kalifikazioa duen ibilgailu bat erostea, gasolina- edo diesel-ibilgailuen kasuan. N1 kategoriako ibilgailuek taulan agertzen diren isurien baldintzak bete beharko dituzte; horrela, erregai-kontsumoa tamainako bereko ibilgailuen batez besteko kontsumoa baino % 25 txikiagoa izango.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...