Zer da “Amazon tasa”? Nola eragin dezake saltoki fisikoetan eta online salmentan?

Zer da zerga hori?

“Amazon tasa” esaten zaio oro har, eta zerga berri bat da, paketeen etxez etxeko bidalketen entregak, eta beraz, merkataritza elektronikoa, zergapetzen dituena. Izen hori eman zitzaion, enpresa hori erreferentzia bat delako urrutiko salmentaren eremuan. Alabaina, orain arte dakigunarekin behintzat, merkataritza elektronikoan espezializatutako enpresak ez ezik, online saldu eta etxez etxe entregatzen duen beste edozein saltoki tradizional ere hartuko luke eraginpean.

Zerga-proposamen hori ez dugu nahastu behar, ordea, 2021ean Gobernuak indarrean jarri zuen Zerbitzu Digital Jakin batzuen gaineko Zergarekin edo “Google Tasarekin”. Horrek zerga digital jakin batzuk zergapetzen zituen, besteak beste. Amazonek zerga hori eraman zuen bere plataforma saltzeko erabiltzen zuten enpresetara, eta % 3ko kostu gehigarria ezarri zien salmenta horiengatiko komisioaren gainean.

Zerga hori barne hartua dago Espainiako Gobernua lantzen ari den zerga-erreforma berrian, eta Ogasun Ministerioari aholku emateko sortutako adituen talde batek ere gomendatzen du, Zerga Erreformaren gaineko Liburu Zurian. Paketeak etxez etxe entregatzearen ondorioz gertatu ohi den espazio publikoaren okupazioagatiko udal-tasa bat ezartzeko aukera planteatu da Liburu Zuri horretan.

 

Bartzelonako kasua

Neurri hori hainbat tokitan hartzen ari da dagoeneko. Horregatik, Bartzelonako Udala horrelako tasa bat ezartzeko aukera aztertzen ari da dagoeneko.

Tasaren zergapeko egitatea litzateke trakzio mekanikoko ibilgailuak bide publikoetan aparkatzea zerbitzu “postalak” emateko, eta, horrekin batera, aparkaleku-plazen erreserbak sortzea, horrelako entregetarako nahitaez erabiltzekoak.

Zerga-tratamenduan neutraltasuna bermatzeko, tasa ez litzateke Internet bidezko merkataritzara mugatuko eta etxez etxeko bidalketak entregatzeko jarduera guztietara hedatu beharko litzateke, nahiz eta salgaia lehenagotik establezimenduan aurez aurre erosi.

Horren truke Bartzelonak salbuespen jakin batzuk planteatzen ditu, non tasa hori ez litzatekeen aplikatuko:

  • Entrega lau gurpiletik beherako ibilgailuetan egiten bada.
  • Langile autonomo batek egiten badu.
  • Enpresen arteko salgai-banaketan diharduten garraiolariak badira.
  • Eta, paketearen entrega, erabilera horretarako gaitutako bilketa-puntuetan egiten bada.

Nolanahi ere, Liburu Zuriko Adituen Batzordeak dioenez, baztertu edo neurri txikiagoan zergapetu beharko liratekeen jarduera edo entregak mugatu beharko lirateke, eta justifikazio argi eta objektibo bat eduki beharko lukete, horrela diskriminazioak gertatzeko aukera saihesteko. Horregatik, proposamena aurrera ateratzen bada, ez dirudi hain argi haren aplikazioa orokorra izango ez denik.

 

Zer gertatzen da Espainiatik kanpo?

Zenbait herrialdetan (Erresuma Batua) edo hiritan (New York) antzeko neurriak planteatzen ari dira, kontsumitzaileen ohiturak aldatu nahian hurbileko saltoki tradizionalen mesedetan. Oraingoz, Colorado da bidalketen gaineko horrelako tasa bat onartu duen jurisdikzio bakarra, indarrean hasteko unea aurtengo uztailera arte atzeratu bada ere.

 

Tasa hau abian jartzeko eragilea

Neurri hau hartu da furgoneten bitartez paketeak banatzeak espazio publikoan garrantzizko inpaktua duela aintzat hartuta, espazio publikoa ez dagoelako merkataritza elektronikoaren hazkundera egokituta, ezta horrek berekin dakartzan trafiko-arazoetara ere.

Pandemiaren eraginez, pertsona askoren erosketa-ohiturak aldatu egin dira, eta horrek online merkataritzaren gorakada nabarmena ekarri du berekin. Dagoeneko hori arazo-iturri bihurtu da hainbat herrirentzat, banaketa-furgonetek denbora asko ematen dutelako batetik bestera mugituz edo gaizki aparkatuta (aparkatzeko tokirik ez dagoelako eta entregak azkarrak direlako), horrek zirkulazioan inpaktu bat eragiten duelarik.

Zenbait entitatek jakinarazi zituen behin baino gehiagotan problematika horren oztopoak. Besteak beste, Espainiako Logistika Zentroak, hornidura-katearen kudeaketarako erreferentziazko elkartea denak.

 

Zergari aurrea hartuz

Asko dira etxez etxeko pakete-entregen haritik datozen alde txarrak, esaterako, trafiko-pilaketak, espazio publikoaren okupazioa, emisio kutsatzaileak, efizientzia logistiko eskasa edo zerga-tasa posibleak. Horregatik, sektoreko enpresak aspalditik ari dira banaketaren kostuak mugatuko dituzten soluzio alternatibo edo osagarrien bila.

Amazonek, tasa horri izena ematen dion enpresak, urteak daramatza banaketa-eredu bat bultzatzen, batetik, puntu estrategikoetan (gasolindegiak, supermerkatuak edo garraio publikoko geltokiak) leihatila automatiko propioak jarriz, eta, bestetik, minizentro logistikoen antzera diharduten toki-saltokiekin akordioak eginez, komisio txiki baten truke (saltoki horiei aukera emanez, aldi berean, beren bezero potentzialen trafikoa pixka bat igotzeko eta beren produktuen salmenta gurutzatua eskaintzeko). Etorkizunari begira horrek aldaera berri bat irekitzen du operadore logistiko horientzat, eta litekeena da azkenean eginkizun horretaz bakarrik arduratuko diren lokal propioak irekitzea.

Online ere saltzen duten salmenta tradizionaleko beste hainbat enpresak eskaintzen dute, besteak beste, paketeak beren zentroetan jasotzeko aukera, doako aukera izanik ordainpekoa izan ohi den etxez etxeko entregaren aldean.

Azken berriak