ZENBAT KOSTATZEN DA LANGILE BAT KONTRATATZEA?

Autonomo edo enpresa batek langile bat kontratatu nahi duenean, ohiko zalantzak izaten dira kontratazio hori zenbat kostatuko zaion enpresari, zer kontratu-mota egin ahal zaion eta zer laguntza egon daitekeen kostua murrizteko.

Autonomo edo enpresa batek langile bat kontratatu nahi duenean, ohiko zalantzak izaten dira kontratazio hori zenbat kostatuko zaion enpresari, zer kontratu-mota egin ahal zaion eta zer laguntza egon daitekeen kostua murrizteko.

Artikulu honetan, langile berria kontratatzeak autonomoari edo enpresa txikiari dakarzkion kostuak eta inplikazioak azaldu eta kalkulatuko ditugu, eta kalkulu horren adibide bat jarriko dugu argibide gisa.

Eta esteka honetan, aukeran dauden kontratu-mota guztiak ikus daitezke.

Kostuak

Oro har, langile bat kontratatzeak zuzeneko bi kostu-mota nagusi eragiten ditu:

  1. Alde batetik, langilearen soldata gordina. Hortik abiatuta, kostu eta atxikipen batzuk deskontatuta, soldata garbia ateratzen da, eta horixe da langileak hilaren bukaeran etxera eramaten duen dirua.
  2. Beste alde batetik, Gizarte Segurantzari enpresaren kontura egiten zaizkion kotizazioak, kotizazio-koefizienteen arabera zehazten direnak.

Horrez gain, kontuan hartu behar ditugu zeharkako beste gastu batzuk ere, hala nola lan-kontratuak, nominak eta gizarte-kotizazioak prestatu eta aurkezteko gestioak egiten dituen lan-aholkularitza kontratatzekoa eta laneko arriskuen prebentzio-zerbitzua kontratatzekoa.

Langilearen soldata gordina kalkulatzea

Soldata gordinak osagai hauek ditu:

  • Diruzko edo gauzazko soldatak eta soldataz kanpokoak. Azken horiek dira, adibidez, Gizarte Segurantzaren laguntza edo kalte-ordainen bidez jasotzen diren zenbatekoak, jarduerari lotutako gastuen konpentsazioak eta lekualdaketak, kaleratzeak eta etendurak direla eta jasotzen direnak.

Lehenengoek, soldatek, Gizarte Segurantzan kotizatzen dute; bigarrenek, soldataz kanpokoek, berriz, ez dute kotizatzen.

Soldata gordina zenbait eragilek baldintzatzen dute:

  • Negozioan edo enpresa-jardueran aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboak, langilearen kontratu-motak, jardunaldiak, kategoria profesionalak, funtzioek eta abarrek.

Enpresari autonomoa edo enpresa bazara, ezin duzu zeure kabuz erabaki zenbat ordainduko diozun langileari. Aitzitik, sektoreko, autonomia-erkidegoko edo probintziako hitzarmenak haren kategoria profesionalerako jasotzen duen zenbatekoa ordaindu behar diozu, gutxienez. Hitzarmenek kategoria profesionalaren araberako gutxieneko soldata finkatzen dute. Halere, askotan, soldata handiagoak hitzartzen dira, langilearen prestakuntzaren eta esperientziaren arabera eta lanpostu horretarako dagoen lanesku-eskaintzaren arabera.

Kontuan hartu behar da, era berean, aparteko lanorduak, asteburuko lana eta plusak ere araututa daudela hitzarmenetan, eta soldata gordina handitzea eragin ohi dutela.

Zure jardueran aplikagarri den hitzarmena aurkitzeko, egin klik esteka honetan.

Soldata gordinetik garbira

Enplegatzailearentzako kostua soldata gordin osoa bada ere, kontratatu beharreko langilearekin egiten diren negoziazioetan soldata garbiaren erreferentzia izaten da hizpide maiz, hau da, langileak hilaren bukaerako nominan jasoko duen zenbatekoa. Langile askok ez dute ulertzen soldata gordinez, eta jakin nahi duten gauza bakarra da hilaren bukaerako nominan geratuko zaien dirua, hau da, soldata garbia. Beraz, haiekin negoziatzeko orduan, argi ikusi behar dugu soldata gordinaren eta garbiaren arteko ezberdintasuna.

Soldata gordinetik bi kopuru kendu behar dira:

  • Langilearen kontura doan Gizarte Segurantza. Enplegatzaileak bere gain hartu behar dituen gizarte-kotizazioez gain (ikusi hurrengo atala), kontratatutako langileak ere bere soldataren zati bat erabili behar du horretarako. Hiru zati ditu:
Kontingentzia arruntengatiko kotizazioa soldata gordinaren % 4,70
Prestakuntzagatiko kotizazioa % 0,10
Langabeziagatiko kotizazioa % 1,55 kontratu mugagabeetan
% 1,60 aldi baterako kontratuetan

Guztira, soldata gordinaren % 6,35ekoa edo % 6,40koa da.

  • PFEZren atxikipena. Soldata gordinaren ehuneko aldakor bat izaten da, handituz joaten dena soldata-tartea handitu ahala (zenbat eta soldata handiagoa, orduan eta ehuneko handiagoa), eta langileari ordaintzen zaion nominatik kentzen da. Ondoren, enpresariak Ogasunari ordaindu behar dio hiru hilean behin, langilearen konturako PFEZren (errentaren gaineko aitorpenean ordaintzen den zergaren) aurrerakin gisa.

Langilearen egoera pertsonalaren araberakoa ere izaten da atxikipenaren ehunekoa: langileak bere kargura dituen ondorengoen araberakoa, hain zuzen. Orientabide gisa, % 6koa izan ohi da urteko 15.000 euroko soldata gordin baterako, % 10ekoa 20.000 euroko soldatarako eta % 15ekoa 30.000 euroko soldatarako.

Adibidea: Ikusi Bizkaiko 2019rako atxikipen-taula

Enpresaren konturako Gizarte Segurantzaren kostua kalkulatzea

Soldata gordinari enplegatzailearen konturako gizarte-kotizazioak batu behar zaizkio. Enpresaren konturako Gizarte Segurantza kostu gehigarria da, langileak kontratatzen dituen autonomoak edo enpresak Gizarte Segurantzari ordaintzen diona. Bost zati ditu:

Kontingentzia arruntengatiko kotizazioa soldata gordinaren % 23,60
Prestakuntzagatiko kotizazioa % 0,60
Langabeziagatiko kotizazioa % 5,50 kontratu mugagabeetan
% 6,70 aldi baterako kontratuetan
Lan-istripu eta gaixotasun profesionalengatiko kotizazioa jarduera bakoitzari dagokion kotizazio-taulen araberakoa da ehunekoa: % 1,50ekoa bulegoko langileentzat, % 1,65ekoa txikizkako merkataritzako langileentzat, % 3,60koa garbiketako eta segurtasuneko langileentzat eta % 6,70ekoa arrisku handiko lanbideetako langileentzat (esaterako, eraikuntzako eta errepide-garraiokoentzat)
Soldatak Bermatzeko Funtserako (Fogasarako) kotizazioa  

% 0,20

 

Adibidez, saltokiko saltzaile-lanpostu batean, enpresaren konturako Gizarte Segurantzaren kostua soldata gordinaren % 31,75ekoa da kontratu mugagabeetarako eta % 32,95ekoa behin-behineko edo iraupen jakineko kontratuetarako. Lanaldi partzialeko behin-behineko kontratuetan, beste % 1 bat igoko litzateke.

Langile baten kostuaren adibidea

Ikus dezagun zein izango litzatekeen ostalaritzako establezimendu bateko zerbitzari bat kontratatzearen kostua, Bizkaiko ostalaritzako hitzarmenaren pean, lanaldi osoan eta aldi baterako kontratuarekin.

Taldea: ostatuak, jatetxeak, fast-foodak, kafetegiak eta tabernak, cateringak, kolektibitateak…

Kategoria: hirugarren kalifikazioa

Ikus ditzagun langilearen hileko nominako soldata-kontzeptu kotizagarriak:

Oinarrizko soldata 647,57 euro
Osagarria 758,14 euro
Aparteko pagen zati proportzionala 351,43 euro
SORTUTAKO GUZTIA (SOLDATA GORDINA) 1. 757,14 euro

Soldata gordinari aplikagarri zaizkion kenkariak, berriz, honako hauek dira:

SORTUTAKO GUZTIA (SOLDATA GORDINA) 1. 757,14 euro
– Kontingentzia arruntengatiko kotizazioa – 82,59 euro
– Langabeziarako, FOGASArako eta LHrako kotizazioa – 29,87 euro
– PFEZren atxikipena (% 11) – 193,29 euro
NOMINAKO LIKIDOA (SOLDATA GARBIA) 1.451,40 euro

Ikus ditzagun enpresaren gizarte-aseguruak:

Kontingentzia arruntengatiko kotizazioa 414,69 euro
Langabeziarako, FOGASArako eta LHrako kotizazioa 131,78 euro
Kontingentzia profesional eta lan-istripuengatiko kotizazioa 26,36 euro
ENPRESAREN KONTURAKO GIZARTE SEGURANTZAREN KOSTU OSOA 572,83 euro

Kontratuari ez bazaio hobaririk egiten (ikusi KONTRATAZIORAKO HOBARIAK), enpresarentzako hileko kostua 2.329,97 eurokoa izango da (1.757,14 euro + 572,83 euro).

Kopuru horretatik, enplegatzaileak 1.451,40 euro ordainduko dizkio langileari soldata garbi gisa, 193,29 euro Ogasunari (PFEZren atxikipenei dagokien hiru hilean behingo aitorpenaren zatia) eta gainerako 682,28 euroak Gizarte Segurantzari.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...