ZENBAT KOBRATUKO DU BAJAN DAGOEN AUTONOMOAK, AZKEN ALDAKETEN OSTEAN?

Autonomoentzako estaldurak eta prestazioak aldatu egin dira, 28/2018 Errege Dekretua onartzearen ondorioz. Beste neurri batzuen artean, kontingentzia profesionalengatik kotizatzera behartzen du Dekretuak.

Kontingentzia arruntak, kontingentzia profesionalak eta aldi baterako ezintasuna (ABE)

Orain arte, kontingentzia arruntengatik soilik kotizatu beharra zegoen nahitaez. Langilea, gaixotasun arrunta edo lanez kanpoko istripua dela eta, lan egin ezinik uzten duen egoera da kontingentzia arrunta. Kontingentzia profesionala, berriz, lanak zuzenean eragindako ezintasun-egoera da, hala nola laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak eragindakoa.

ABEa eguneroko sorospena da eta langilearen errenta-galera estaltzen du, lanerako gai ez den bitartean. Hala, norberaren konturako langileak “laneko baja” hartzeko eta ABEagatiko sorospena eskatzeko eskubidea du, baldin eta enpresa-jarduera betetzea eragozten dion gaixotasun arrunta, profesionala edo istripua jasaten badu.

Gizarte Segurantzaren osasun-laguntza jasotzen duen bitartean diru-sarreren galerari aurre egiteko diru-laguntza da ABEa. Gehienez 365 egunez jaso daiteke prestazio hori, baina, zenbait betekizun betez gero, beste sei hilabetez luza daiteke.

Prestazioaren eragilea gaixotasun arrunta edo lanez kanpoko istripua bada, bajako laugarren egunean hasten da, eta laneko istripua edo gaixotasun profesionala bada, baja hartu eta hurrengo egunean.

Zer prestazio daude sartuta kotizazioetan?

Kotizatzen dugunean, ez dugu egiten baja hartuz gero babesa izateko bakarrik. Horrez gain, kontingentzia arruntengatiko kotizazioek beste prestazio batzuk jasotzeko eskubidea ematen digute, hala nola amatasunagatik, haurdunaldiko arriskuagatik, gaixotasun arruntak edo lanez kanpoko istripuak eragindako ezintasun iraunkorragatik, aitatasunagatik, erretiroagatik eta heriotza eta bizirauteagatik (alarguntasuna, zurztasuna…), betiere gaixotasun arruntak edo lanez kanpoko istripuak eragindako heriotza bada.

Medikuaren bajagatiko prestazioak

Laneko istripuak (kontingentzia profesionalak) eragindako baja hartuz gero, mutualitateak langilearen oinarri arautzailearen % 75 ordainduko du, baja hartu eta hurrengo egunetik aurrera.

Gaixotasun arruntak (kontingentzia arruntak) eragindako baja hartuz gero, berriz, mutualitateak langilearen oinarri arautzailearen % 60 ordainduko du, baja hartu eta 4. egunetik aurrera, eta 21. egunetik aurrera, % 75.

Horretan sakondu gabe, ezberdintasun txiki batzuk daude oinarri arautzailearen eta kotizazio-oinarriaren artean. Lehena, oinarri arautzailea, prestazioen zenbatekoa kalkulatzeko erabiltzen da.

Adibide bat: jaso beharreko zenbatekoa eta aldi baterako ezintasunaren bukaera autonomoentzat

Laneko baja hartzean zenbat diru jasoko den kalkulatzeko lehen urratsa oinarri arautzailea zehaztea da. Horretarako, kalkulu erraz bat egin behar da: baja hartu aurreko hileko kotizazio-oinarria zati 30. Adibidez, 2019ko gutxieneko kotizazio-oinarria 944,40 €-koa da; bada, horren arabera kotizatzen bada, sorospena zehazteko oinarri arautzailea honako hau izango litzateke: 31,48 euro egunean.

Halere, kopuru hori (31,48 euro) ez da bajan dagoen autonomoak benetan jasoko duena; aitzitik, ehuneko batzuk aplikatu behar zaizkio, bajaren eragilearen arabera:

  • Gaixotasun arrunta edo lanez kanpoko istripua bada: oinarri arautzailearen % 60 jasoko du 4. egunetik 21.era eta % 75 21. egunetik aurrera.
  • Laneko istripua edo gaixotasun profesionala bada: oinarri arautzailearen % 75 jasoko du baja hartu eta hurrengo egunetik aurrera.

Beraz, hona hemen adibide erraz bat: gutxieneko oinarriaren arabera kotizatzen bada eta, beraz, oinarri arautzailea 31,48 eurokoa bada, eta aldi baterako ezintasuna eskatzen bada gaixotasun arruntagatik edo lanez kanpoko istripuagatik, 4. egunetik 20. egunera 18,89 euro jasoko lirateke egunean, eta 21. egunetik baja amaitu arte, 23,61 euro egunean.

Bost supostu hauetako bat gertatzen denean amaituko da aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa:

  • Gehieneko denbora amaitzea (hasierako 365 eguneko gehieneko denbora amaitzen denean, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak erabakiko du egoera luzatu —gehienez beste 180 egun gehiago—, ezintasun iraunkorreko espedientea hasi edo medikuaren alta eman).
  • Medikuaren alta.
  • Pentsiodun izatera pasatzea.
  • Medikuaren azterketetara ez joatea.
  • Heriotza.

Oinarriaren % 100 haurdunaldian eta edoskitzaroan

Haurdunaldian eta edoskitzaroan, oinarri arautzailearen % 100eko prestazioa eskura daiteke. Haurdunaldian zehar izan litekeen arriskuaren arabera zehaztuko da zenbatgarren astetik aurrera has daitekeen prestazioa jasotzen.

Ezintasun iraunkorragatiko estaldurak

Gaixotasun profesionalen estalduraren bidez, osasun-laguntza eta bajako prestazioa ez ezik, laneko istripuak eragindako beste prestazio hauek ere jaso ditzake langile autonomoak:

  • Baliaezintasunik gabeko lesioak gertatzen badira, 24 hilekoko kalte-ordaina.
  • Ezintasun iraunkor partziala gertatzen bada, 40 hilekoko kalte-ordaina.
  • Ezintasun iraunkor osoa gertatzen bada, oinarri arautzailearen % 55 eta % 75 bitarteko biziarteko pentsioa.
  • Ezintasun iraunkor absolutua gertatzen bada, oinarri arautzailearen % 100eko biziarteko pentsioa.

 

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...