Ezagutu itzazu WhatsApp, Instagram eta LinkedInen “business” bertsioak

Sustatu zure negozioa

1.500 erabiltzaile aktibo eta 60.000 milioi mezu egunean. Kopuru horiekin, WhatsApp bat-bateko mezularitza-plataformarik ezagunena da munduan. Urteko jarduera hain ikaragarria eta zeroak hain ugariak izanik, ia ezinezkoa da zenbatekoak ahoskatzea. Gainera, itzelezko salmenta-potentziala du.

Antzera gertatzen da Instagram sare sozialarekin: 1.000 milioi erabiltzaile ditu munduan eta oso zabaldua dago millenial biztanleriaren eta Z belaunaldikoen artean, hau da, kontsumo digitalera lotuago dauden biztanleria-sektoreetako bitan.

Bi tresna horiek eta LinkedIn-ek aspaldi erabaki zuten euren merkatu potentzialak aprobetxatu eta “Business” atala sortzea, enpresei salmentak handitzen eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko. Horrela, poliki-poliki, balio handiko aktibo digital bilakatu dira negozioen merkataritza-jarduerarako, batez ere enpresa txiki eta ertainentzat. Honako hauek dira tresna horien ezaugarri nagusiak:

WhatsApp Business

WhatsAppen business bertsioak ohikoak bezala funtzionatzen du, baina enpresa txiki eta ertainek erabiltzeko pentsatuta dago. Abantaila nagusia da bezeroekiko harremanak modu errazean ahalbidetzen dituela, mugikorraren bidez, eta kontuaren kudeatzaileari tresnak eskaintzen dizkiola jasotzen dituen mezuak automatizatu, antolatu eta azkar erantzuteko. Testuak, argazkiak, bideoak, dokumentuak, emojiak… WhatsAppek komunikatzeko ahalmen osoa jarri du enpresa txiki eta ertainen zerbitzura, eta beste funtzionalitate batzuk gehitu dizkie:

Aukera ematen du enpresa-profila sortu eta bertan informazio garrantzitsua erakusteko: helbidea, helbide elektronikoa eta webgunea, adibidez.

Bidalitako, entregatutako eta irakurritako mezu-kopuruari buruzko estatistikak eskaintzen ditu.

Bezeroei bidaliko zaizkien erantzunak programatzeko mezularitza-tresnak ditu: ongietorri-mezuak, bidaltzailea kanpoan dela esaten dutenak, erantzun azkarrak pertsonalizatzeko aukera, etiketen arabera kategorizatzekoa eta abar.

Baina badu alde txarrik ere: ez du aukerarik ematen marketin-ekintzak aurrera eramateko, baldin eta WhatsAppek berak espresuki onartzen ez baditu. Doako tresna da eta eskuragarri dago Android eta iOS sistemetarako.

Instagram Business

Irudi batek 1.000 hitzek baino gehiago balio omen du… eta Instagram da, zalantzarik gabe, sare sozialik bisualena. 25 milioi enpresa baino gehiagok erabiltzen dute baliabide horren estetika erakargarria beren produktuak saltzeko. Diseinu-tresnak eskaintzen ditu argitalpenak eta storyak hobetzeko, eta influencer ospetsuenen komunikabide nagusia da, euren sustapenetarako erabiltzen dutena. Instagram Business ahalmen handiko marketin– eta salmenta-tresna sendoa da enpresa txiki zein handientzat. Bezeroekiko harremanak ahalbidetzen ditu, albisteak eta berriak eskaini, eta erabiltzaileen esku jartzen ditu argitalpenen etekinari buruzko estatistikak. Instagramen doako enpresa-kontua konfiguratzeko, esteka honetan adierazten diren pausoak eman behar dituzu, besterik ez.

Eduki erakargarriak lantzeko tutorial eta aholku ugariak dira Instagramen abantailetako bat. Horien artean, argazkiak moldatu eta hobetzeko aplikazioak iradokitzen ditu, adibidez Layout (baita iOS sistemarako bertsioan ere), Hyperlapse eta Boomerang (baita iPhone gailuetarako ere).

LinkedIn for Business

Enpresa-sarearen profila duenez, LinkedIn erakusleihorik onenetako bat da enpresa txiki eta ertainentzat negozioak egiteko. Gaur egun LinkedInek 332 milioi erabiltzaile inguru ditu 200 herrialde baino gehiagotan, eta hazteko marjina itzela, gainera. LinkedIn for Business lagungarria da negozio-aukera berriak sortzeko, networkinga egiteko eta bezero eta hornitzaile berriekin harremanetan jartzeko; era berean, jarduera-estatistikak eskaintzen ditu, trafikoa sortzen du beste sare batzuetara, webgune edo blog jakinetara, eta aukera ematen du enpresa-markaren izenean argitalpenak egiteko.

Hiru tresnok aktibo digital indartsu eta merkea dira gaur egun, negozioek lehiakortasuna hobetzeko aprobetxatu beharrekoa.

Tresna digital horien edo beste batzuen inguruko prestakuntza gehigarria behar baduzu, kontsulta itzazu Consulting Prok enpresentzako dituen ikastaroak eta mintegiak.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...