TXEKEARI BURUZKO GALDERAK ETA ERANTZUNAK

Txekea agindu bat da, eurotako edo atzerri-diruko kopuru bat pertsona edo enpresa jakin bati ordaintzeko agindu soila.

Zer araudik arautzen du?

1985eko uztailaren 16ko 19/1985 Legeak, kanbio-agirienak eta txekearenak, arautzen du txekea (1985eko uztailaren 19ko 172 zenbakiko BOEn argitaratu zen eta akatsak urriaren 17ko 249 zenbakiko BOEn zuzendu ziren). Txekea arautzeko xedapenak 106tik 167ra bitarteko artikuluetan daude jasota, bai eta lege-testu horretako xedapen gehigarrietan ere.

Kanbio-agirien eta txekearen legeak eskatzen dituen formalitateak betez jaulki behar da.

Zein dira txekean parte hartzen duten alderdiak?

Igorlea txekea jaulki eta sinatzen duena da. Muga-egunean ordaintzeko konpromisoa hartzen duena, eskuarki zorduna bera.

Igorria finantza-erakundea (bankua, aurrezki-kutxa edo kreditu-kooperatiba) da, txekearen igorlea hornitzen duena eta ordainketa egingo duena, nahikoa funts badago.

Edukitzailea edo eramailea, berriz, txekea kobra dezakeen pertsona edo enpresa da.

Zer datu behar dira txekean?

Datu hauek ezinbestekoak dira txekean:

  • Dokumentuaren testuan “txekea” izendapena. Ordainketa zorduntzeko erabiliko den kontuaren finantza-erakundearen eta sukurtsalaren datuak.
  • Banku-kontuaren zenbakia eta IBAN kodea.
  • Txekearen zenbatekoa, letraz eta zenbakiz adierazita. Bat ez badatoz, letraz emandako kopurua hartuko da aintzat.
  • Jaulkipenaren data eta tokia.
  • Txekearen hartzailearen —pertsona edo erakundea— datuak.
  • Txekea jaulkitzen duen pertsonaren sinadura. Pertsona juridikoaren kasuan enpresaren zigilua behar izango da, eta enpresak kredituak izenpetzeko emandako baimena beharko du sinatzen duen pertsonak.

Zer txeke mota daude?

  • Eramaileari ordaintzeko txekea. Daraman pertsonak kobra dezake bankuko leihatilan.
  • Eramaileari ordaintzeko txeke zeharkatua. Ezin da leihatilan kobratu, hau da, banku-kontuan abonatu behar da, eta finantza-erakundea arduratuko da kobrantza-kudeaketaz.
  • Txeke izenduna. Bertan agertzen den izeneko pertsonak soilik kobra dezake leihatilan, NANa aurkeztu eta atzean sinatu ondoren. Txeke izendunetan “agindura” edo “agindura ez” klausula erants daiteke. Lehenengoak beste pertsona bati endosatzea edo intsuldatzea ahalbidetzen du; bigarrenak, ostera, galarazi egiten du endosatze bidezko transmisioa.
  • Txeke izendun gurutzatua. Txeke izendunaren parekoa da; baina, gurutzatua denez, banku-kontuan abonatu behar da nahitaez.
  • Txeke adostua. Txekea funtsez hornituta dagoela eta, ondorioz, ordaindu egingo dela bermatzen dio finantza-erakunde ordaintzaileak edukitzaileari. Txekea adosteko, finantza-erakundeak “ados”, “ziurtatua” edo antzekoren bat idatzi behar du dokumentuan, eta sinatu egin behar du. Eragiketa bermatzekotan, ordaintzeko behar den kopurua eta dagokion komisioa atxikitzen dizkio finantza-erakundeak igorleari. Hornitzaile batzuek halako txekeak eskatzen dituzte, zordunak txekea ematen dienean zorra kobratu egingo dutela bermatzeko.

Zer epe dago txekea aurkezteko?

Ikustean ordaintzekoa da txekea eta, beraz, jaulkipen-datatzat ezarritakoa baino lehen aurkez daiteke; halere, Legeak aurkezpen-epe batzuk ezartzen dizkie edukitzaileei:

  • 15 egunekoa, Espainian jaulki bada.
  • 20 egunekoa, Europar Batasunean jaulki bada.
  • 30 egunekoa, atzerrian jaulki bada.

Dokumentuan ageri den jaulkipen-datatik iragandako egun naturalak hartzen dira kontuan.

Zer ondorio dakartza aurkezpen-epea ez betetzeak?

Aurkezteko epea betetzen ez bada, ezin izango da protestoa edo pareko aitorpena egin. Horrek ez du berez igorlearen erantzukizuna mugatzen; baina gerta liteke mugatzea, endosu-emaileak egonez gero.

Txekea dagokion epean aurkezten ez bada, edukitzaileak ezingo du atzerabidezko akziorik erabili, endosu-emaileen edo igorlea ez den beste edozein obligaziodun baten aurka. Atzerabidezko akzioari esker, igorleari ez ezik, txekearen edozein endosu-emaileri ere galdatu ahal izango dio ordainketa edukitzaileak.

Zer ondorio dakartza txekea ez ordaintzeak?

Banku igorriak ez badu txekea aurkezten den unean ordaintzen, eramaile legitimoak erreklamazioa aurkez dezake igorlearen eta, dagokionean, abal-emaileen aurka, kopurua eta sortutako interesak eta gastuak galdatzeko.

Txekea ordaindu ezean, prozedura judizial berezia abiarazi ahal izango da: kanbio-epaiketa, alegia.

Noiz preskribatzen da txekea ez ordaintzearen ondorengo kanbio-ekintza?

Edukitzailearen ekintzak sei hilera preskribatzen dira, aurkezteko epea iraungitzen denetik zenbatzen hasita.

Txekea ordaintzeko obligaziodunei dagozkien ekintzak ere sei hilera preskribatzen dira, obligaziodunak txekea itzultzen duenetik edo haren aurkako ekintzaren bat egikaritzen den egunetik hasita.

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....