Ticketbai fakturazio-sistemari buruzko azken berriak eta sistema horretara egokitzeko kontuan izan behar diren laguntzak

Artikulu honetan, TicketBAI sistemaren egoeraren berri ematen saiatuko gara. Jakingo duzun moduan, 2022an nahitaez izan beharko dute ezarrita enpresariek eta enpresek Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian (Batuz ere sartuko da indarrean horientzat).

TicketBAI ezartzeko, behar bezala egokitutako fakturazio-programak erabili beharko dira, faktura egin aurretik, bertan jasotako zerga-informazio guztia barne hartuko duten fitxategiak sortzeko. Fitxategi hori automatikoki igorriko zaio Foru Ogasunari, faktura egiten den unean bertan. Gainera, ondasuna edo zerbitzua erosi duenaren fakturak (inprimatuta edo euskarri elektronikoan) kode bakarra eta QR kodea izango ditu; haren bidez, faktura behar bezala igorri dela egiaztatu ahal izango da.

.

Horregatik, TicketBAI sistema indarrean sartu ondoren, fakturak ematen dituzten pertsona eta erakunde guztiek mota honetako gailuak erabili beharko dituzte: saltokiko terminalak (ST), ordenagailu pertsonalak, vending makina aurreratuak, balantza aurreratuak, tabletak, telefono mugikorrak eta bestelako gailuak, baina horiek guztiek sistema horren araudian jasotako zehaztapen teknikoak eta funtzionalak bete beharko dituzte.

Lehenik eta behin, noiztik izango da derrigorrezkoa TicketBai sistema?

TicketBai EAEko hiru foru-ogasunen proiektu komun bat da, baina hura ezartzeko egutegia eta derrigortasuna desberdinak dira momentuz; dena den, 2022. urtea gerturatu ahala, aldaketaren bat gerta liteke. Gogorarazi behar da lehen ere 2021era atzeratu zela COVIDaren eraginez, eta azkenean beste atzerapen bat ere izan liteke, orokorra ez izan arren, zenbait jarduera-sektoreri eragin diezaiekeena. Momentuz, hauxe dakigu:

 > Bizkaia

Aurreikuspenen arabera, Bizkaian, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera (aurreratutakoarekin lotutako salbuespenak ezartzen ez badira) TicketBai derrigorrezkoa izango da pertsona juridiko guztientzat eta jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko eta erakundeentzat, eragiketen tamaina edo bolumena dena dela. Horretarako, foru-araudia bete beharko dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari, Sozietateen gaineko Zergari edo Ez Egoiliarren Errentaren gaineko Zergari dagokionez, establezimendu iraunkorren kasuan.

 > Gipuzkoa

TicketBAI sistema nahitaez ezartzeko egutegia pixkanakakoa izango da 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera. Data horretan, TicketBAI sistema bete beharko dute 582/2014 Foru Aginduko 9. artikuluan ezarritako zerga-kudeaketako profesionalek. Egun horretatik aurrera, eta hiru hilez behin, gutxi gorabehera, sektore berrietara hedatuko da, Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren epigrafeei jarraikiz. TicketBAI ezartzeko egutegia abenduaren 22ko 32/2020 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarrean dago onartuta, TicketBAI betebeharra garatzen duen Erregelamendua onesten duen Foru Dekretua (GAO, 2020-12-23).

 > Araba

Momentuz, Arabako Lurralde Historikoan pixkanaka ezarriko dela bakarrik dakigu, 2022an zehar.

Zer da TicketBAI sistema?

TicketBAI EAEko foru-ogasunek elkarrekin garatutako proiektu bat da, eta enpresa eta autonomo zergadunek fakturak eta tiketak (faktura sinplifikatuak) igortzeko legezko betebeharrak eta betebehar teknikoak ezartzea du helburu, haien salmentak eta diru-sarrerak kontrolatu ahal izateko.

Horrela, salmentak gehiago kontrolatuko badira ere (salmenta gehienak eskudirutan kobratzen dira), enpresa guztiek nahitaez bete beharko dute TicketBAI. Hau da, autonomoa bazara edo sozietate bat baduzu, taberna, ile-apaindegi edo saltoki bat baduzu, iturgintzan aritzen bazara… Jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten zergadun guztiek, salbuespenik gabe (azken araudiak salbuespenak jaso ditzake), sistema hori erabili beharko dute faktura bat egiten duten bakoitzean.

Tiketak edo fakturak igortzen dituzten enpresariek eta enpresek ziurtatuta izan beharko dute tiketa edo faktura emateko erabiliko duten gailua (ordenagailuak, kutxa erregistratzaileak, STak eta abar), eta dagozkion ezaugarriak dituen softwarea erabili beharko dute, eskatzen diren ekintzak gauzatu ahal izateko:

  • Fakturan edo tiketean QR kodea eta TBAI sartzea.
  • Fitxategi bat egitea eta bidaltzea, fakturaren informazioa eta gailua, programa eta erabiltzailea identifikatuko dituen aztarna bat barne hartuko dituena.

Funtzionamendua:

  • Faktura bakoitzeko fitxategi bakar bat sortzea.
  • Fitxategia Ogasunera bidaltzea, zehaztutako epeetan eta moduan.
  • Faktura bakoitzean TBAI izeneko kode bat eta QR kode bat sartzea, beharrezkoa den informazio guztia jasoko duena.

Aurreko guztiaren ondorioz, enpresa bakoitzak erabiltzen duen fakturazio-softwareak TicketBAI sistemaren baldintzak bete beharko ditu.

Nola funtzionatzen du TicketBAI sistemak?

Lehenik eta behin, Ticket Bai indarrean sartu orduko, jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten zergadun guztiek sistema berri horrekin fakturak igortzeko moduko gailu bat izan beharko dute (ordenagailuak, kutxa erregistratzaileak, STak, fakturak jaulkitzen dituzten balantzak…).

Sistemak faktura bakoitza identifikatzen duen fitxategi bakar bat sortuko du, eta fitxategia dagokion Ogasunera bidali beharko da, ezarritako epeetan eta Administrazio bakoitzak duen araudiarekin bat etorriz. Hau da, orain, faktura sortzen denean, hura Ticket Bai sisteman erregistratuta geratuko da, eta Ogasunak eta bezeroak berak jakingo dute gero faktura aitortzen den ala ez.

Horrela, fakturak identifikazio-kode bat izango du, TBAI izenekoa, baita QR kode bat ere, dagokion informazio guztia jasoko duena. Horrenbestez, fakturak egiteko softwareak Ticket BAI sistemara egokituta egon behar du nahitaez, eta Foru Ogasunen onespena izan beharko du.

Esteka honetan, gaur egun onartuta dauden softwareetan sar zaitezke.

Araba Bizkaia Gipuzkoa

Nolakoa izan behar du fakturak igortzeko softwareak?

Ticket BAI sistemak nahitaezko zenbait baldintza tekniko ditu fakturak egiteko. Horregatik, kasuan kasuko araudira eta ezarritako baldintza teknikoetara egokitutako fakturazio-software bat erabili behar da.

Funtsean, Ticket BAI sistemak fakturak kateatu eta elektronikoki sinatzen ditu (hau da, fakturak igortzen dituen gailuak ziurtagiria izan behar du instalatuta, eta harekin elektronikoki sinatzeko gaitasuna izan behar du), horiek ez manipulatu edo ezabatu ahal izateko. Horrela, erregistro informatikoen benetakotasuna, osotasuna, trazabilitatea eta bortxaezintasuna ziurtatuko dira, hau da, fakturak ezin izango dira manipulatu edo ezabatu horiek egin ondoren.

Gainera, programak dagozkion datu guztiekin sortuko du faktura, eta bi eremu berri izango ditu (funtsean, beste formatu batean irudikatuko dira fakturako datuak): Ticket BAI identifikazio-kode bat eta QR kode bat, eta horiek nahitaez agertu beharko dute hartzaileari ematen zaion fakturan/tiketean. Datu horiek Ogasunari bidali beharko zaizkio, Administrazio bakoitzak xedatutako baldintzetan eta epeetan.

Horrenbestez, obligazio hori duten zergadunek araudi horretara egokitutako fakturazio-software bat izan beharko dute, dagozkion fitxategiak sortzeko eta bidaltzeko aukera emango duena.

Ogasunak betebehar hori betetzea erraztuko du? Aplikazioren bat garatuko du?

Hiru foru-ogasunek oinarrizko aplikazio sinple bat garatuko dute, haien web-orrietan jasota egongo dena. Aplikazioaren bidez, zergapekoek beren fakturak sortu ahal izango dituzte (muga jakin batzuekin) eta, baldintza guztiak betez gero, paperean inprimatu edo bezeroei formatu elektronikoan bidali ahal izango dizkiete.

Aplikazio horrek ez die zergapeko guztien beharrei erantzungo seguruenik, batez ere jardueraren eta merkatuaren premiak direla-eta fakturak sistematikoki eta behin eta berriz egin behar badira.

Zer nolako ziurtagiri elektronikoa izan behar dut fakturak sinatzeko?

TicketBAI fitxategiak sinatzeko, honako ziurtagiri hauek erabili behar dira:

  • Pertsona fisikoaren ziurtagiri kualifikatuak.
  • Zigilu elektronikoaren ziurtagiri kualifikatuak.
  • Gailuaren ziurtagiriak. Identitate bakarra ematen dio gailu bakoitzari, eta fakturak igortzen dituen gailuan instalatuta eta atxikita egon behar du.
  • Autonomoaren ziurtagiria: kualifikaziorik gabeko ziurtagiria da eta jarduera ekonomikoak autonomo gisa deklaratzen dituzten pertsona fisikoei bideratuta dago. Ziurtagiri hori eskatu duenaren IFZ bermatzea da haren helburua.

Horietako bakoitzak bere abantailak eta desabantailak ditu. Esteka honetan, horien inguruko informazio gehiago eskura dezakezu.

Kosturen bat izango al du hura ezartzeak?

Bai, kosturen bat izan dezake. Kostua aldatu egin daiteke zergadunaren gailu teknologikoaren aldez aurreko egoeraren eta Interneteko konektagarritasunaren arabera.

Lehen balioespenen arabera, kostua baxuagoa izango da fakturazio-programara egokitu besterik egin behar ez dutenentzat. Gaur egun ekipo informatikorik ez dutenen eta egokitzeko aukerarik ematen ez duten kutxa erregistratzaileak bakarrik dituztenen kasuan, kostua handiagoa izango da, eta beren negozioaren beharretara egokitzen den irtenbidea aukeratu beharko dute merkatuan.

Hala ere, arestian esan bezala, ogasun bakoitzak doako software bat garatu du edo garatuko du baldintza hori betetzeko, baina muga batzuk izan ditzake, eta jarduera-mota batzuentzat egokiak ez izatea gerta liteke. Bizkaiko Foru Aldundiaren EGIN ZURE FAKTURA aplikazioak, adibidez, faktura osoak egiteko aukera ematen du, baina ez faktura sinplifikatuak edo tiketak. Hori dela-eta, ezin da erabili formatu hori ohikoa den negozioetan, hala nola ostalaritzan eta merkataritzan. Gauza bera gertatzen da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fakturabai aplikazioarekin ere. Ez dago pentsatuta egunero faktura asko egiten dituzten zergadunentzat, haren erabilera mugatuta ez egon arren.

Jaso al dezaket laguntzaren bat sistemak izan ditzakeen kostuengatik?

Lehenik eta behin, bi alderdi hauek bereizi beharko lirateke: pertsona fisikoen edo sozietateen errentaren gaineko zerga ordaintzeko kenkariak; eta beharrezko inbertsioei aurre egiteko laguntza zuzenak.

Batetik, sistema berri horren inpaktu ekonomikoa murrizteko, foru-araudietan kenkariak eta onura fiskalak jasotzen dira egin beharreko inbertsioak sustatzeko; dena den, muga jakin batzuk daude epe eta kantitateei dagokienez, eta lurralde bakoitzaren arabera.

Oro har, TicketBai kenkaria gehitu da. Haren bidez, TicketBai sistema ezarri behar duten zergadunek ezarpenarekin lotutako inbertsioen eta gastuen (ekipoak, softwarea eta abar) % 30 murriztu dezakete PFEZ edo Sozietateen gaineko Zergari dagokion kuotatik. Hala ere, zergadunak TicketBAI nahitaez ezarri aurretik egin behar da inbertsioa edo gastua, ezarpen-egutegiarekin bat etorriz, eta kenkariaren oinarria 5.000 eurokoa izango da gehienez, edo 2019an fakturatutako zifraren % 1ekoa.

BIZKAIRAKO ONURA FISKALAK

Bizkaiko Foru Aldundiak onura fiskal iragankor batzuk ezarri ditu enpresei eta autonomoei eragiten dieten zergetan. Horrela, PFEZ, Sozietateen gaineko Zerga eta Ez Egoiliarren Errentaren gaineko Zerga ordaintzen dutenek % 30eko kenkaria izango dute Ticket Bai sistemara egokitzeak sortutako gastu hauek egiteagatik:
  • Softwarea egokitzeak sortutako gastuak.
  • Software berri bat erosteko gastuak.
  • Softwareari eusteko gai diren gailuak erosteko gastuak, hala nola ordenagailuak, tabletak, kutxa erregistratzaileak, STak eta abar.
Onura fiskal hori Batuz Proiektua norbere borondatez ezarri den kasu guztietan aplikatuko da. Bizkaian, 2021eko abenduaren 31ra arte egindako gastuetarako egongo da indarrean kenkaria.

GIPUZKOARAKO ETA ARABARAKO ONURA FISKALAK

Zergak lurralde horietan ordaintzen dituzten eta Ticket BAI sistema borondatezko aldian ezartzen duten enpresek Bizkaian ezarritakoen antzeko onura fiskalak izango dituzte. Era berean, aldi baterako pizgarriak izango dituzte: Sozietateen gaineko Zergan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta Ez Egoiliarren Errentaren gaineko Zergan % 60ko kenkariak izango dituzte kuotan Gipuzkoan (gehienez 5.000 euro), eta % 30ekoak Araban, betiere arestian aipatutako TicketBAI sistemara egokitzeko gastuei dagokienez.
Kenkari horiek zergadun bakoitzari dagokion sektorea nahitaez sistema horrekin lan egiten hasi arte izango dira aplikagarriak, pixkanaka ezarriko baita, sektoreka, 2023ra arte.

Bestalde, hainbat laguntza-programa mota horretako kontzeptuetarako inbertsioak sartzen hasi dira beren dirulaguntzetan. Horren adibide da Merkataritza Saltokiak Modernizatzeko MEC 2021 Programa (aurten, saltokiez gain, ile-apaindegiak eta estetika-zentroak ere hartzen ditu barne onuradunen artean). Teknologia berriak txertatzeari buruzko laguntza-lerroan, TicketBai sistemarako fakturazio-softwarea ezartzeari egiten zaio erreferentzia, eta, horrez gain, diruz laguntzen ditu ekipo informatikoak, balantzak, STak, kutxa erregistratzaileak eta abar. Hor dugu Merkataritza- eta ostalaritza-enpresa txikien eraldaketa digitalerako dirulaguntzen programa ere, Gasteizko Udalarena.

Informazio gehiago

     

Azken berriak