Sozietate-bazkide diren autonomoek tarifa laua ordaintzeko eskubidea dutela onartu du ofizialki Gizarte Segurantzak: nola egin eskaera

Langile Autonomoen Araubide Bereziaren kotizazioari dagokion hobari hori 2013tik dago indarrean, eta, zazpi urteren ondoren, sozietate-bazkide diren autonomoei ere onartu zaie Tarifa Laua aukeratzeko eskubidea. Orain arte, pertsona fisiko gisa alta ematen zuten norberaren konturako langileek bakarrik egin zezaketen.

Auzitegi Gorenak ildo horretan hiru epai plazaratu ostean, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak irizpidea aldatzea onartu du. Hala, merkataritza-sozietate bateko kide gisa alta emango duten autonomo berri guztiek Tarifa Laua ordaintzea aukeratu dezakete, eskubide hori ofizialki onartu baitiete. Halaber, lehenago Langile Autonomoen Araubide Berezian alta ematean hobaria ukatu zieten sozietate-bazkideek ere erabili ahal izango dute eskubide hori.

Beraz, pertsona fisikoa diren autonomoek tarifa laua aukeratzeko dituzten eskubide eta baldintza berberak onartu zaizkie sozietate-bazkide diren autonomoei ere, eta, horrez gain, autonomo horiek ordaindu dituzten gehiegizko kuotak itzultzea eskatu ahal izango dute, bere garaian Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiak hobaria ukatu baldin bazien.

Sozietate-bazkide diren autonomoek 4.000 euro itzultzea eska dezakete, batez beste

Hala, sozietate-bazkide diren milaka autonomok (azken urteetan autonomo gisa alta eman eta laguntza ukatu zitzaienek, errekurtsorik jarri ez zutenek eta errekurtsoa onartu ez zitzaienek) aukera izango dute Gizarte Segurantzari kotizazioetan sobera ordaindu dioten dirua erreklamatzeko, kotizazio horiei hobaria baitagokie.

Tarifa Laua esaten zaion hobaria Langile Autonomoen Estatutua arautzen duen 20/2007 Legearen 31. artikuluan dago jasota. Bertan adierazten denez, Gizarte Segurantzako kotizazioan onurak izango dituzte autonomoen araubidean lehen aldiz izena ematen dutenek, eta baita aurreko 2 urteetan altan egon gabe izena ematen dutenek ere.

Hortaz, sozietate-bazkide diren autonomoek, baldintza horiek betetzen badituzte, erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute, hobariek irauten duten 24 hilabeteko epean kotizazioetan behar baino gehiago ordaindutako zenbatekoa itzul diezaieten eskatzeko. Tarifa laua neurri pizgarria da: norberaren konturako langileak alta hartu eta lehenengo 12 hilabeteetan 60 euroko tarifa finkoa ordainduko du, hurrengo sei hilabeteetan % 50eko murrizketa izango du kotizazio-oinarrian eta hurrengo seietan % 30ekoa.

Nolanahi ere, Tarifa Laua izateko eskubidea zegokien arren, bere garaian laguntza eskuratu ez zuten sozietate-bazkide diren autonomoei, euren kotizazioaren araberako zenbatekoa itzuliko zaie beharrezkoak ez ziren diru-sarrerak egiteagatik.

Alta eman eta lau urteko epea erreklamazioa egiteko

Autonomoek erreklamazioa egiteko aukera dutela onartzen du Gizarte Segurantzak, baina, kontuan hartu behar da bidegabeko diru-sarrerengatiko erreklamazioak lau urteren buruan iraungitzen direla, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren arabera. Horrenbestez, arauari erreparatuta, sozietate-bazkide diren autonomoen kasuan 2016ko irailaz geroztik alta hartu zutenek bakarrik erreklamatu ahal izango dituzte ordaindutako kotizazioak, betiere une horretan baldintzak betetzen bazituzten, hala dirudi, behintzat.

Zenbateko hobaria dagokio sozietate-bazkide den autonomoari?

Oraindik ez dago argi zenbatekoak izango diren ordaindu beharreko tarifa eta horri dagokion hobaria; izan ere, sozietate-bazkide diren autonomoen kasua ezin da automatikoki parekatu pertsona fisiko diren autonomoenarekin. Sozietate-bazkide den autonomoak ez du gutxieneko oinarria kotizatzen, 1 taldearen gutxieneko oinarria baizik, hau da, 1.214,10 euro, eta gutxieneko kuota 367,84 €-koa da. Pertsona fisikoa den autonomoaren oinarria, berriz, 944,35 eurokoa da eta gutxieneko kuota 283,30 eurokoa.

Zentzuzkoa da, arauak dioen moduan, sozietate-bazkide den autonomoari ez ezartzea lehenengo 12 hilabeteetan 60 euroko kuota finkoa, baizik eta kontingentzia arruntengatiko kotizazioaren ehuneko 80ko murrizketa, dagokion gutxienekoa baino kotizazio-oinarri handiagoa aukeratzen dutenentzat aurreikusita dagoena; hala, kuota 85 euro ingurukoa izango litzateke. Dena den, Auzitegi Gorenak gaiaren inguruan plazaratu dituen epaiek ez dute irizpide komun bat finkatu, eta, beraz, azken interpretazioaren zain egon beharko gara.

  1. Lehen denbora-tartea: autonomoak gutxieneko oinarria aukeratzen badu, 60 euroko kuota ordainduko du alta hartu eta lehenengo 12 hilabeteetan. Sozietate-bazkide diren autonomoen kotizazio-oinarria handiagoa dela kontuan hartuta, oraingoz ez da jakitera eman kuota 60 euro baino apur bat handiagoa izango ote den, baina seguruenik hala izango da.
  1. Bigarren denbora-tartea: ondorengo sei hilabeteetan, kotizazio-oinarriaren eta kontingentzien arabera dagokion kuotaren % 50 ordainduko du. Hortaz, hileko kuota gutxi gorabehera 183,9 €-koa izango da.
  1. Hirugarren denbora-tartea: kuotaren % 30eko murrizketa beste 3 hilabetez. Ondorioz, kuotaren % 70 ordainduko duenez, hilean 257,46 euro izango dira.
  1. Laugarren denbora-tartea: hirugarren denbora-tartearen parekoa.

Ordaindutako zenbatekoen itzulketa eskatzeko prozedura

Lehenik eta behin, erreklamazioa egin beharra dago Gizarte Segurantzari neurriz kanpo ordaindutako kotizazioak itzultzea eskatzeko, tarifa laua ez baita ofizioz aplikatuko.

Oraindik ez dago horretarako prozedura berezirik, baina badirudi bidegabe kobratutako beste kuota batzuk erreklamatzeko erabiltzen den berbera izango dela (sarrera bidegabeen itzulketa eskatzeko 13/1 eredua). Langile autonomoak ordezkatzen dituzten erakunde batzuek, ATAk, besteak beste, erreklamazioetan erabiltzeko idatzia prestatu dute.

 

 

Azken berriak