SENITARTEKOA KONTRATATZEA: AUTONOMO LAGUNTZAILEA

Langile autonomoen taldean figura berezi bat dago: autonomo laguntzailearena.

  • Langile autonomo titularraren senitartekoa da (bigarren mailarainokoa odolkidetasunez edo ezkontza-ahaidetasunez), berarekin bizi dena eta berarekin lan egiten duena.
  • Nahitaezkoa da Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAABean) alta emanda egotea.

Artikulu honetan azalduko dizugu autonomo laguntzailea nor izan daitekeen, nola kotizatzen duen eta nola ordaintzen dituen zergak.

autonomo colaborador

 

Nork hartu behar du alta autonomo laguntzaile gisa?

Autonomo laguntzailea soldatako langile bat da, baina negozioaren titularra den zuzeneko senitarteko autonomoarentzat egiten du lan eta berarekin bizi da. Hona hemen, zehatzago, autonomo laguntzaile gisa kotizatzeko baldintzak:

 

 

  • Enpresariaren senitarteko zuzena izatea: ezkontidea, ondorengo edo aurreko ahaidea eta beste edozein senitarteko, bigarren mailarainokoa odolkidetasunez edo ezkontza-ahaidetasunez (semea/alaba, gurasoa, neba/arreba, biloba, aitona/amona, koinatua/koinata eta aitaginarreba/amaginarreba) edota, dagokionean, adopzioz.
  • Autonomo titularraren lantokian jardutea. Ezin da noizean behingo laguntza izan.
  • Autonomo titularraren etxean bizitzea, eta haren kargu egotea.
  • Inoren konturako langile gisa alta hartuta ez egotea.
  • Langile autonomoek aukera izango dute 30 urtetik beherako seme-alabak inoren konturako langile moduan kontratatzeko, beraiekin bizi arren. Kasu horretan, seme-alabek ezin izango dute autonomo laguntzailearen figura bete, eta emandako babes-esparrua kanpo geldituko da langabeziagatiko estalduratik.

Baldintza horiek bete eta gero, autonomo laguntzaileak izena emanda egon behar du Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAABean). Hau da, autonomo laguntzaile gisa egin behar du alta Gizarte Segurantzan, «TA.0521-2 Ustiapenaren titularrari laguntzen dion senitartekoa» inprimakia aurkeztuz. Alabaina, ez da beharrezkoa Ogasunean alta hartzea, ez eta autonomo arruntei dagozkien zerga-betebeharrei erantzutea ere, ondoren ikusiko dugunez.

Alta hartu eta hurrengo 24 hilabeteetan, hobaria jasotzeko eskubidea dute autonomo laguntzaileek: gutxieneko kuotaren % 50ekoa lehenengo 18 hilabeteetan eta % 25ekoa hurrengo 6 hilabeteetan.

Zer zerga-betebehar ditu autonomo laguntzaileak?

Autonomo laguntzaileak Gizarte Segurantzan kotizatu behar du, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAABean). Halere, Ogasunarekiko betebeharrak oso bestelakoak dira, salbuetsita baitago hiruhilekoan behingo zerga-betebeharretatik. Ondorioz, ez du BEZaren eta PFEZren hiruhilekoan behingo aitorpenik aurkeztu behar, negozioaren titularra den autonomoaren zeregina baita hori.

Hortaz, autonomo arruntak ez bezala, autonomo laguntzaileak ez du hiruhilekoan behin BEZa likidatu behar (hiruhilekoan behingo BEZaren 303 inprimakia), ez eta PFEZren konturako atxikipenak ere (PFEZren zatikako ordainketa autolikidatzeko 130 inprimakia).

Inoren konturako langileak bezala (alegia, soldatako langileak bezala) ordaintzen ditu zergak autonomo laguntzaileak; izan ere, autonomo titularrak ordaindutako soldata gisa jasotzen ditu diru-sarrerak. Horregatik, diru-sarrerak lan-etekintzat aitortu behar ditu (beste edozein soldatako langilek bezala), jarduera ekonomikotzat aitortu beharrean. Beraz, soldatako langileek bezalaxe, urtean behin PFEZren aitorpena aurkeztu beharko du, eta nominetan ageri diren diru-sarreren araberako zergak ordaindu beharko ditu.

Zer betebehar ditu autonomo laguntzailea kontratatzen duen autonomo titularrak?

Inoren konturako edozein langilerekin izango lituzkeenen pareko betebeharrak ditu autonomo titularrak:

  • Autonomo laguntzailearen kotizazioak ordaintzea Gizarte Segurantzan (kasu honetan, LAABean).
  • Lanbide-kategoriari eta lan-hitzarmen aplikagarriari egokitutako soldata ordaintzea, eta dagokion nomina ematea.
  • Kostu horiek negozioaren gastu kengarritzat kontabilizatzea, negozioaren etekinak kalkulatzerakoan.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...