Zer da Ticket BAI? Betebehar berria fakturak jaulkitzeko garaian

Autonomoa bazara edo Bizkaian, Araban edo Gipuzkoan enpresa bat baduzu, izango duzu seguruenik Ticket BAI sistemaren berri. Sistema hori nahitaez baliatu beharko dute enpresaburuek eta enpresek 2021eko urtarriletik aurrera.

Sistema hori azken bezeroari ondasunak edo zerbitzuak saltzen dizkioten eta diru-sarreren zati handi bat dirutan kobratzen duten enpresen eta jardueren zerga-iruzurrari lotutako prebentzio-neurrien esparruan kokatuta dago, eta nahitaez aplikatuko zaie jarduera ekonomikoak egiten dituzten eta fakturak edo ticketak (faktura sinplifikatuak) jaulki behar dituzten enpresaburu eta enpresa guztiei.

Zer da Ticket BAI sistema?

Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunek eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean garatutako proiektua da Ticket BAI, eta enpresek eta autonomo zergadunek fakturak eta ticketak jaulkitzeko lege-betebehar tekniko komun batzuk ezartzea du helburu, beren salmentak eta diru-sarrerak kontrolatu ahal izateko.

Horrela, beraz, nagusiki dirutan kobratzen diren salmenten kontrola areagotuko bada ere, Ticket Bai sistema nahitaez bete beharrekoa izango da enpresa guztientzat. Hau da, berdin dio autonomoa zaren, sozietate bat, taberna bat, ile-apaindegi bat edo saltoki bat duzun edota iturgintzan diharduzun; jarduera ekonomiko bat egiten duten zergadun guztiek, salbuespenik gabe (azken araudiak salbuespenak jasotzen dituen kasuan izan ezik), sistema horri jarraitu beharko diote fakturatzen duten bakoitzean.

.

Zehazki, ticketak edo fakturak jaulkitzen dituzten enpresaburuek eta enpresek ziurtatuta izan beharko dute ticketa edo faktura jaulkitzeko erabiliko duten gailua (ordenagailuak, kutxa erregistratzaileak, saltokiko terminalak eta abar), eta eskatutako ekintzak egitea ahalbidetuko duten ezaugarriak beteko dituen software bat erabili beharko dute. Hona hemen ekintza horiek:

  • Fakturan edo ticketean QR eta TBAI kodeak txertatzea
  • Fakturari buruzko informazioa eta gailua, programa eta erabiltzailea identifikatzeko aztarna bat bilduko dituen fitxategi bat lantzea eta bidaltzea

Funtzionamendua honako hau izango da:

  • Faktura bakoitzeko fitxategi berezi bat sortzea.
  • Fitxategia Ogasunera bidaltzea, finkatzen diren epeetan eta moduan.
  • Faktura bakoitzean TBAI izeneko kode bat eta beharrezkoa den informazio guztia bilduko duen QR kode bat txertatzea.

Aurrekoaren ondorioz, enpresa bakoitzak fakturatzeko erabiltzen duen softwarea Ticket BAI sistemaren eskakizunetara egokitu beharko da.

Nola funtzionatzen du Ticket BAI sistemak?

Lehenik eta behin, Ticket Bai sistema indarrean jartzen denetik, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadun guztiek fakturak sistema horren bidez jaulkitzeko gai izango den gailu bat izan beharko dute (ordenagailuak, kutxa erregistratzaileak, saltokiko terminalak, fakturak jaulkitzen dituzten balantzak eta abar).

Sistemak faktura bakoitza identifikatuko duen fitxategi bat sortuko du, eta dagokion Ogasunera bidali beharko da, ezarritako epeetan eta Administrazio bakoitzaren araudiari jarraikiz. Hau da, faktura sortzen denean, Ticket Bai sisteman erregistratuta geratuko da, eta Ogasunak eta bezeroak berak faktura hori geroago aitortzen den ala ez jakingo dute.

Fakturan, TBAI izeneko identifikazio-kode bat eta bidezko informazio guztia bilduko duen QR kode bat txertatu beharko da. Horrek esan nahi du fakturak sortzeko erabilitako softwareak nahitaez Ticket BAI sistemara egokituta egon beharko duela eta Foru Ogasunek onartu beharko dutela.

Zein dira Ticket BAI sistema ezartzeko epeak?

2018an eta 2019an, euskal administrazioek Ticket BAI kontrol-sistemaren zehaztapen teknikoak landu eta sistemaren funtzionamendu egokia bermatzeko probak egin zituzten, 2020an abian jartzen hasteko asmoz.

Hala ere, Ticket Bai sistema ezartzeko behin betiko data desberdina da lurralde historikoaren arabera. Prozesua aurreratuen duen lurraldea Bizkaia da. Bertako Ogasunak maiatzean argitaratuko du, seguruenik, operatiba hori jasotzen duen araudia. Gipuzkoan eta Araban, berriz, alderdi batzuk argitzeko daude artikulu hau idatzi den datan.

Bizkaia

2021eko urtarrilaren 1a izango da ezartzeko nahitaezko data enpresa guztientzat. Hala ere, nahi duten enpresak 2020ko uztailaren 1etik aurrera hasi ahal izango dira sistema borondatez ezartzen.
Era osagarrian, Bizkaiak BATUZ izeneko sistema jarriko du abian; horren arabera, pertsona fisikoen eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua (140 eredua) ez da zergadunaren bizilekuan eramango (ordenagailua eta BILA programa) orain arte bezala, egoitza elektronikoan baizik (hau da, eragiketak Ogasunaren orrialde batean erregistratzearen bidez).
Aurreikusitako ideia da fakturak jaulki eta berehala bidaltzera ez behartzea. Aitzitik, enpresek hiru hilean behin aurkeztu ahal izango dituzte Ogasunean, egoitza elektronikoaren bitartez.
Era berean, pertsona juridikoek (sozietate mugatuek, kooperatibek eta abar) eragiketa ekonomikoen erregistro-liburua (240 eredua) bete beharko dute, eta egoitza elektronikoan eramango da.

Gipuzkoa

Gipuzkoan, 2021eko urtarrilean jarriko da abian Ticket Bai sistema; egun horretan, kontabilitate- eta zerga-aholkularitzan diharduten 1.000 enpresako talde txiki batekin hasiko da abian jartzen. Sistemari atxikitako enpresen kopurua mailaka igoko da, sektorearen arabera, eta 2022. urtearen amaierarako, Gipuzkoako enpresa guztiek (54.000 inguruk) funtzionatuko dute Ticket BAI sistemara egokitutako fakturazio-programa batekin.
Dagoeneko kontsulta daiteke Gipuzkoako Ogasunak Ticket Bai sistemaren ezarpenari dagokionez argitaratutako egutegia. Bertan, zergadunek egiten duten jarduera ekonomikoaren arabera ezartzeko izango dituzten datak adierazita daude.
Gipuzkoan, gainera, informazioa automatikoki bidaliko da, eta faktura bat dagokion QR kodearekin sortzen den bakoitzean, Ogasunak berehala jasoko ditu datuak. Hortaz, interneterako sarbidea eduki beharko da.

Álava

Araban ere mailaka ezarriko da Ticket BAI sistema, eta 2021eko apirilean hasiko da, zerga-aholkulariekin, Gipuzkoan bezalaxe. Hurrengo urratsa 2021eko uztailaren 1ean egin beharko da. Data horretan, nahitaez ezarri beharko da zuzenbideari, ingeniaritzari, arkitekturari, osasun-zerbitzuei, ostalaritzari eta farmaziari lotutako jardueretan, besteak beste. Ezarpenaren azken data 2022ko urtarrila izango da, eta enpresa guztiek Ticket BAI araudi berriaren arabera fakturatu beharko dute ordurako.
Araban, halaber, denbora errealean bidaliko da fakturen informazioa.

Nolakoa izan beharko du fakturak jaulkitzeko erabiliko den softwareak?

Ticket BAI sistemak fakturak jaulkitzeko nahitaezko hainbat betekizun tekniko ezartzen ditu, eta beharrezkoa da dagokion araudira eta ezarritako betekizun teknikoetara egokitutako fakturazio-software bat erabiltzea.

Ticket BAI sistemak, funtsean, kateatu egiten ditu fakturak, eta faktura horiek elektronikoki sinatzen dira (hau da, fakturak jaulkitzeko erabiliko den gailuak gailu-ziurtagiri bat instalatuta izan beharko du, eta elektronikoki sinatzeko ahalmena izan beharko du). Era horretan, fakturak manipulatzeko edo ezabatzeko aukera eragotziko da. Horri esker, informatika-erregistroen benetakotasuna, osotasuna, trazabilitatea eta bortxaezintasuna (eta, azken batean, fakturak jaulki ondoren manipulatu edo ezabatu ezin izatea) ziurtatuko da.

Gainera, programak beharrezkoak diren datu guztiekin sortuko du faktura, eta bi eremu gehiago txertatuko ditu (fakturaren datuak beste formatu batean adierazteko, besterik gabe): Ticket BAI identifikazio-kodea eta QR kodea. Bi kodeak hartzaileari ematen zaion fakturan edo ticketean txertatu beharko dira nahitaez. Datu horiek Ogasunera bidali beharko dira, Administrazio bakoitzak ezarritako baldintzetan eta epeetan.

Beraz, behartuta dauden zergadunek araudi horretara egokituta egongo den eta bidezko fitxategiak sortzeko eta bidaltzeko ahalmena izango duen fakturazio-software bat eduki beharko dute.

Lagunduko al du Ogasunak betebehar hori betetzen? Garatuko al du aplikazioren bat?

Hiru Foru Ogasunek oinarrizko aplikazio sinple bat garatuko dute, eta beren webguneetan txertatuko dute. Aplikazio horren bidez, behartuta dauden zergadunek beren fakturak sortu ahal izango dituzte (muga jakin batzuekin), betekizun guztiak betez, eta paperean inprimatu edota bezeroei formatu elektronikoan igorri ahal izango dizkiete.

Izango al du kosturik sistema ezartzeak?

Bai, sistema ezartzeak kosturen bat eragin dezake. Kostua zergadunaren gailu teknologikoaren aldez aurreko egoeraren eta interneterako konexioa edukitzeko eskakizunaren araberakoa izango da.

Lehen kalkuluen arabera, kostua txikiagoa izango da fakturazio-programa egokitzearekin nahikoa izango dutenentzat. Gaur egun informatika-ekipamendurik ez dutenentzat eta egokitu ezin diren kutxa erregistratzaileak baino ez dituztenentzat, kostua handiagoa izango da, eta beren negozioaren premiei erantzungo dien soluzioa aukeratu beharko dute merkatuan.

Ezartzen laguntzeko, egin beharreko inbertsioak sustatuko dituzten kenkariak eta zerga-onurak jasoko dira araudian, baina epeei lotutako mugak ezarriko dira, lurraldearen arabera.

Ticket Bai sistema behar bezala ez eramateagatiko zehapenak

Foru-araudiak arestian adierazitako betebeharrak ez betetzeagatiko zehapenak ezarriko ditu. Bizkaiko Ogasunaren aurreproiektuaren arabera, Ticket BAI softwarea eramateko betebeharra ez betetzeak negozio-zifraren % 20ko eta gutxienez 20.000 euroko zehapena jasoko du. Zehatutako zergadunak arau-hauste bera egiten badu, zehapena negozio-zifraren % 30 eta gutxienez 40.000 euro izango da.

Softwarea eta informatika-fitxategiak suntsitzeak, ezabatzeak edo manipulatzeak negozio-zifraren % 20ko eta gutxienez 40.000 euroko zehapena jasoko du. Berrerortzeak, berriz, % 30eko eta gutxienez 80.000 euroko zehapena jasoko du. Halaber, zehapenak ezarriko zaizkie iruzur egitera zuzendutako softwareak garatzen dituzten enpresei, eta software horiek erabiltzen dituzten enpresei ezarritako zehapen bera izango dute.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....