ORDAINDUKOARI BURUZKO GALDERAK ETA ERANTZUNAK

Ordainketa egiteko erabil daitekeen merkataritza-dokumentua da kanbio-ordaindukoa. Dokumentua jaulki duen pertsonak —sinatzaile esaten zaionak— konpromisoa hartzen du ordaindukoaren eramaileari edo edukitzaileari muga-egunean zenbateko jakin bat ordaintzeko.

Ordaindukoa zordunak jaulkitzen du eta kanbio-letra, berriz, hartzekodunak berak (ordaindu behar zaion pertsonak).

Zeintzuk dira ordaindukoan parte hartzen duten alderdiak?

Sinatzailea: ordaindukoa jaulkitzen duena, dokumentuaren muga-egunean ordainketa egiteko konpromisoa hartzen duena, normalean zorduna bera.

Dokumentuaren edukitzailea edo eramailea: ordaindukoa ordaindu behar zaion pertsona.

Zein baldintza bete behar ditu ordaindukoak?

Ordaindukoa jasotzen duen dokumentuak bete behar dituen formalitateen artean honako hauek dira azpimarragarrienak:

  • Dokumentuaren testuan “ordainduko” izendapena azaldu behar da.
  • Diru kopuru jakin bat ordaintzeko promesa azaldu behar da, argi eta garbi.
  • Ordainketa egingo den muga-eguna jasoko du.
  • Ordainketa egingo den tokia zehaztuko du. Kontu korronteko ordaindukoen kasuan, finantza-erakunde bateko kontuan egingo da ordainketa.
  • Ordainketa egingo zaion pertsonaren edo sozietatearen izena jarriko du.
  • Ordaindukoa sinatu den data eta tokia jasoko du.
  • Ordaindukoa jaulki duenaren sinadura azaldu behar da beti.

Zein araudipean dago?

Ordaindukoa, txekea eta kanbio-letra bezala, uztailaren 16ko 19/1985 Legeak, kanbio eta txekeei buruzkoak, arautzen du. 172. BOEn, 1985eko uztailaren 19koan, dago jasota; akatsen zuzenketa 249. BOEn, urriaren 17koan.  Ordaindukoa arautzen duten xedapenak 94. artikulutik 105.era azaltzen dira.

Endosua, abala, muga-eguna, ez ordaintzeagatiko ekintzak eta abar aipatutako lege-testuan kanbio-letra arautzen duten xedapenen arabera araututa daude.

Zein dira txekearekiko eta kanbio-letrarekiko aldeak?

Txekeari dagokionez, aurkezten den unean ordaintzen da, jaulkipen-data alde batera utzita. Hortaz, txekearen ordainketa agerikoa da eta ordaindukoaren kasuan, berriz, muga-egunera arte ezin da ordainketa eskatu, ageriko moduan jaulkitzen ez bada.

Kanbio-letrari erreparatuta, ordaindukoarekiko alde handiena dokumentuaren jaulkitzailean datza: ordaindukoa zordunak berak jaulkitzen du normalean, eta kanbio-letra, berriz, hartzekodunak, ordainketa jaso behar duenak.

Ordaindukoa eskualda daiteke?

Printzipioz bai, “agindurakoa ez izateko” klausula ez badu. Ordaindukoa hirugarren bati eskualdatzeko ohiko modua endosua da.

Endosuaren bidez, ordaindukoaren edukitzaileak hirugarren bati eskualdatzen dizkio tituluari dagozkio eskubideak. Adibidez, Juanek 1.000 euro ordaindu badizkio Pedrori ordaindukoaren bidez, eta Pedrok Mariari 1.000 euro zor badizkio, Pedrok ordaindukoa endosa diezaioke Mariari. Horrela, Pedrok bere zorra kitatuko du eta Juanek ere bai. Eta dirua Pedroren eskuetatik Mariarenetara joango da.

Ordaindukoa endosatzen duenari endosu-emaile edo endosatzaile esaten zaio, eta jasotzen duenari endosu-hartzaile. Endosuak balioa izan dezan, endosu-emailearen sinadura behar du espresuki.

Zeri esaten zaio merkataritza-deskontua?

Banku-finantzaketa modu bat da. Horren bidez, kreditu-erakunde batek enpresa bati zenbateko jakin bat aurreratzen dio, enpresak hirugarren baten aurrean indarrean duen kredituaren zenbatekoa, alegia.

Aurrerakina gauzatzeko, ordaindukoa kreditu-erakundeari lagatzen zaio. Merkataritza-deskontua epe laburreko banku-finantzaketarako tresna da. Batez ere enpresek erabiltzen dute eta finantza-erakundeek zerbitzu gisa eskaintzen dute.

Kreditu-erakundeak, ordaindukoez gain, kanbio-letrak, obra-ziurtagiriak, ordainagiri negoziagarriak eta abar deskonta ditzake.

Zer egin daiteke ordaindukoa ez badute ordaintzen?

Ordaindukoa ordaintzen ez den kasuetan prozedura judizial berezia jarri behar da abian: kanbio-epaiketa. Ordaindukoa ez dela ordaindu egiaztatu behar da protesto notarialaren bidez edo kreditu-erakundeak (ordaindukoa kobratzen ahalegintzeko erabilitakoak) egindako aitorpen baliokidearen bidez.

Noiz arte burutu daitezke ordaindukoaren ondoriozko ekintzak?

Ordaindukoaren sinatzailearen aurkako kanbio-ekintza aurkezteko epea hiru urtera amaitzen da, muga-egunetik aurrera. Kanbio-epaiketak azkarrak eta betearazleak izaten dira.

Edukitzaileak urtebeteko epea du endosu-emaileen aurkako ekintza aurkezteko, protestoaren edo aitorpen baliokidearen datatik aurrera.

Endosu-emaile batzuek besteen kontra ekintzak abiatzeko epea sei hilabetekoa izango da, endosu-emaileak ordaindukoa ordaindu ondoren edo bere aurkako demandaren berri eman dioten datatik aurrera.

 

 

 

 

 

 

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....