NOLA KALKULATZEN DUTE BEREN PFEZ AUTONOMOEK? ZUZENEKO ZENBATESPEN ARRUNTA ETA SINPLIFIKATUA

PFEZ kanpaina betean, autonomoek beren enpresa-jardueratik edo jarduera profesionaletik ateratzen duten etekina nola kalkulatzen duten gogoraraztea komeni da, baita zein gastu murritz ditzaketen ere.

Horrela, autonomo batek enpresa-jarduera bat garatu behar duenean, PFEZ nola aitortu eta ordaindu behar duen aukeratu behar du lehenik eta behin.

  • Zenbatespen Objektiboa (Moduluak) aukera daitekeen kasu bakanetan salbu, Zuzeneko Zenbatespen Arrunta edo Zuzeneko Zenbatespen Sinplifikatua aukeratu behar izaten da.

Badakizu zein desberdintasun dauden bataren eta bestearen artean? Artikulu honetan, horien funtzionamendua azalduko dizugu, baita gehien zein komeni zaizun ere.

Zuzeneko Zenbatespen Arrunta

Besterik adierazi ezean, Zuzeneko Zenbatespen Arruntaren modalitatea aplikatzen da jarduera ekonomikoen etekin garbia zehazteko (PFEZ ordaintzeko oinarritzat hartzen den aitortutako etekina), modalitate sinplifikatua aplikatzeko, zergadunak berariazko eskaera egin behar baitu.

  • Pertsona edo erakunde (autonomoak ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen barruan sartzen dira) zergadunak Administrazioari jakinarazten ez badio modalitate sinplifikatua aplikatu nahi duela, modalitate arrunta erabiliz kalkulatuko da etekin garbia.
  • Era berean, modalitate hau aplikatzen da zergadunak modalitate sinplifikatura jo ahal izateko mugak gainditzen dituenean.

Modalitate hau aukeratzen bada:

  • Merkataritza Kodeari egokitutako kontabilitatea egin behar da. Ikuspuntu ekonomikotik, horrek garestitu egiten ditu aholkularitzak izapide hau egin ahal izateko eskaintzen dituen zerbitzuak, betiere Zuzeneko Zenbatespen Sinplifikatuaren modalitateko obligazio formalekin alderatuta, azken horiek sinpleagoak baitira.

Zuzeneko Zenbatespen Sinplifikatua. Nork erabil dezake modalitate hori?

Modalitate hori aplikatu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituzten jarduera ekonomikoak (enpresa-jarduerak edo profesionalak, edo jarduera artistikoak) gauzatzen dituzten zergadunek:

Jarduera guztien etekin garbia zehazteko modalitate hau berariaz aukeratzea.

Oro har, garatutako jarduera ekonomikorako eragiketen bolumenak aurreko urtean 600.000 euro ez gainditzea.

  • Aurreko urtean jarduerarik gauzatu ez bada, etekina modalitate honen bidez gauzatuko da, betiere hura aukeratu badu.
  • Urte natural batean eragiketen bolumen hori gainditu egiten bada, zergadunak ezin izango du modalitate sinplifikatua erabili hurrengo urtetik aurrera, eta modalitate arruntaren bitartez kalkulatuko du bere etekina.

Adierazi dugun moduan, erregimen honen eginbehar formalak sinpleagoak dira, ez baita beharrezkoa Merkataritza Kodeari egokitutako kontabilitate bat egitea, eta egin beharreko erregistroak sinpleagoak dira.

Nola kalkulatzen da etekina Zuzeneko Zenbatespen Arruntean?

Etekina kalkulatzea

PFEZ zuzeneko zenbatespen arruntaren bidez ordaintzeko, sozietate-zerga arautzen duen araudia aplikatzen da. Horrela, honako hau izango litzateke etekina:

  • Diru-sarrera guztien (aseguru-konpainiek emandako kalte-ordainak eta dirusarrerak barne) eta gastu kengarri guztien arteko kendura.
  • Gainera, jarduerari atxikitako ondare-elementuen salmentak irabazi edo galeraren bat sortu duen izan beharko dugu kontuan.
  • Jarduera duela gutxi abiarazi bada, etekin hori are gehiago murritz daiteke. Horrela, jarduera ekonomiko bat martxan jartzen duten zergadunek % 10 murritz dezakete etekin garbi positiboa, etekinak lortzen dituzten lehen urtean eta hurrengoan.

Gastu kengarriak

Oro har, gastuek honako baldintza hauek bete behar dituzte kengarri gisa jo ahal izateko:

  • Jarduera ekonomikoak gauzatzen dituzten zergadunek nahitaez bete behar dituzten erregistro-liburuetan edo kontabilitatean erregistratuta egotea.
  • Jardueraren garapenarekin lotuta egotea.
  • Behar bezala justifikatuta egotea.

Jarduerari dagozkion gastu horiez gain, gastutzat hartzen dira, halaber, jarduerari atxikita dauden inbertsioen amortizazioa eta hornidurak.

Ostalaritzako harreman publikoek, bidaiek eta automobilek sortutako gastuak

Gastuen barnean, ostalaritzako eta sukaldaritzako gastuei, bidaietako eta joan-etorrietako gastuei, eta turismo-ibilgailuekin lotutako gastuei aplikatzen zaizkien berezitasun batzuk izan behar dira kontuan.

  • Sukaldaritza- eta ostalaritza-zerbitzuetako harreman publikoek, bidaiek eta joan-etorriek eragindako gastuetatik % 50 ken daiteke, betiere gastu horiek diru-sarrerekin lotuta badaude. Dena den, zergadunak zergaldian zehar izan dituen diru-sarreren % 5 kendu ahal izango da, gehienez ere, kontzeptu horiengatik.
  • Bezeroekin, hornitzaileekin eta hirugarren pertsonekin izandako harreman publikoen gastuei bakarrik eragiten diete muga horiek. Hau da, ez zaizkie aplikatuko zergadunak edo haren langileek arrazoi profesionalengatik egin dituzten joan-etorrien gastuei, ezta produktuak sustatzeko gastuei eta/edo enpresaren zerbitzuei ere, guztiz kengarriak izan badaitezke ere.
  • Turismo-ibilgailuen eta horien atoien, ziklomotorren eta motozikleten erabilerari dagokionez, oro har, ez dira kengarriak izango horiek erosteko, inportatzeko, alokatzeko, konpontzeko, mantentzeko, balioa galtzeko edo horien erabilerarekin lotutako gastuak.

Dena den, zergadunak egiaztatzen badu erabilitako ibilgailua ezinbestekoa dela diru-sarrerak lortzeko, gastu eta zenbateko jakin batzuk kendu ahal izango dira, aspaldi argitaratu genuen ibilgailuen eta horien gastuen kengarritasuna BEZ eta PFEZ zergetan artikuluan jasotzen den moduan.

Nola kalkulatzen da etekina Zuzeneko Zenbatespen Sinplifikatuan?

Kasu honetan, diru-sarrerei gastu kengarriak kenduta kalkulatzen da etekin garbia, honako hauek kanpo utzita:

  • Narriaduragatik sortutako galerak. Aitorpena zuzeneko zenbatespen sinplifikatua erabiliz egiten duten autonomoek ezin izango dute hornidura bat egin, hau da, ezin izango dute beste gastu baten gisa hartu 6 hilabete edo gehiago ordaindu gabe daramatzan faktura baten zenbatekoa. Hori hala egin daiteke zuzeneko zenbatespen arruntean, baina zenbatespen sinplifikatuan kantitate generiko batekin ordezten da (jarraian adierazten den % 10a).
  • Amortizazioak. 
  • Ibilgailuak alokatu, laga edo balioa galtzeagatik sortutako
  • Eta jarduerari atxikitako ondare-elementuetatik eratorritako irabaziak eta galerak.

Kalkulu hori egin ondoren, azken kantitateari % 10 kenduko zaio amortizazioen, narriaduragatik sortutako galeren eta justifikatzeko zailak diren gastuen kontzeptuan.

Gainera, zifra horri jarduerari atxikitako ondare-elementuetatik eratorritako irabaziak eta galerak gehitu edo kenduko zaizkio, eta jarduera abiarazi izanagatiko murrizketa aplikatuko zaio, hala badagokio.

Ondorioak. Bi metodo horietatik zein komeni zait gehien?

Ikusi dugun moduan, bi alderdi hartu behar dira kontuan etekin garbia kalkulatzeko metodo bat edo bestea erabili aukeratzeko orduan:

  • Zuzeneko Zenbatespen Arruntaren modalitatean, jarduera kudeatzeko eskakizun formala handiagoa da eta, beraz, kostu ekonomikoa ere handiagoa da eginkizun hori aholkularitza-enpresa bati kontratatzen bazaio.
  • Inbertsioek eta horien amortizazioak duten pisua, narriaduragatik sortutako galerak eta ibilgailuen erabilera autonomoen kasuan, oro har, kontzeptu horiengatik gastu gisa ken daitekeen % 10ari dagokionez.

Horrela, kontzeptu horien zenbatekoa altua bada (ohikoa izaten da makinetan, higigarrietan, ekipo informatikoetan, lokaletan eta abarretan inbertsio garrantzitsuak egin behar dituzten autonomoen kasuan) eta aurreikusitako etekina baxua bada, komenigarriagoa izaten da Zuzeneko Zenbatespen Arruntera jotzea. Nolanahi ere, partida horietan zenbateko baxuak dituzten autonomoen eta profesionalen kasuan, Zuzeneko Zenbatespen Sinplifikatua aukeratzea izaten da egokiena.

Edonola ere, Consulting Pro zerbitzutik zure egoera zehatza aztertzen lagunduko dizugu. Deitu 900 100 240 telefono-zenbakira edo bidali zure kontsulta webgunearen bitartez, honako inprimaki hau erabiliz.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...