Nola eragingo die autonomoei benetako diru-sarrerengatik kotizatzeak?

Aurreko urteetan hainbat proposamen eta saiakera egin ondoren, dirudienez 2021ean geratuko da bertan behera Langile Autonomoen Araubidearen gaur egungo kotizazio-sistema.

Horrela, urriaren 14an, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioa autonomoen elkarte nagusietako (ATA, UPTA eta UATAE) ordezkariekin bildu zen gaia jorratzeko. Izan ere, hori da Toledoko Itunaren Batzordeak egindako gomendioetako bat: autonomoek beren benetako diru-sarreren arabera kotizatzea.

Ministerioak honako hau planteatzen du: hurrengo urtean, beren konturako langileak beste sistema baten arabera kotizatzen hastea; sistema horren kotizazio-oinarria aurreikusten dituzten diru-sarreren arabera ezarriko litzateke. Ministeriotik adierazi dutenez, sistema malgu bat proposatu dute. «Sistema malgu hori aldatu egin ahal izango da urtean zehar, eta urtebete geroago erregularizatu. Gainera, itzuli egingo dira langileak behar baino gehiago ordaindutako kotizazioak.»

Benetako diru-sarreren araberako kotizazioarekin, LAABaren kotizazio-sistema alde batera utzi —sistema horretan, autonomoek beren kotizazio-oinarria aukera dezakete urteko gutxieneko eta gehieneko oinarrien barruan— eta kotizazio-tarte batzuk ezarriko dira, afiliatuen urteko diru-sarrera errealen arabera.

Formula oraindik zehazteko egon arren, eta Ministerioak eredu berria adosteko gizarte-eragileekin berriro elkartzeko asmoa badu ere, honako hauek dira Gizarte Segurantzak emandako lehen zifrak: hasiera batean, neurri horrek milioi bat autonomori baino gehiagori egingo die mesede, lanbide arteko gutxieneko soldatatik (LGStik) beherako etekinak dituztenei, eta, sistema berriarekin, haien kotizazioa gaur egungoa baino txikiagoa izango da.

Bestalde, Langile Autonomoen Elkarteak (ATAk) adierazi duenez, eredu berriari buruz aurreratu dutenaren arabera, kotizazioa igo egingo zaie 700.000 autonomori, 25.000 eurotik gorako diru-sarrerak aitortzen dituztenei. Dena den, igoera horren ordain gisa, hobetu egingo dira jarduera utzi izanagatiko prestazioak eta erretiro-pentsioak. Datu gisa, gure herrialdean dauden 3,2 milioi langile autonomoetatik % 86k gutxienekoa kotizatzen du.

Orain arte dakiguna

Gaur egungo sistemaren bidez, autonomoak aukera dezake Estatuak bere erretiroaren zein zati finantzatuko duen eta bere aurrezki pribatuarekin zenbat ordainduko duen. Horrela, autonomoek kotizazio-oinarria aukera dezakete gutxienekoaren (944,40 euro) eta gehienekoaren (4.070,10 euro) artean. Hilean ordaindu beharreko kuota zehazteaz gain, oinarriak eragina du erretiro-pentsioa jasotzeko orduan: zenbat eta handiagoa oinarria, orduan eta handiagoa pentsioa.

Zenbait komunikabidek aurreratu dutenez, Gobernua errenta-tarte batzuk ezartzear dago, autonomoen kasuan kasuko kuota ezarriko ahal izateko:

  • 11.999 eurora arteko diru-sarrerak: Tarte horretan dauden autonomoek gutxienekoa ordainduko dute, eta murrizketa handia lortuko dute orain arte kotizatu dutenarekin alderatuta (% 50erainokoa).
  • 12.000 eurotik 24.000-25.000 eurora bitarteko diru-sarrerak dituztenek ez dute aldaketa handirik izango; orain arte bezala ordainduko dute, gutxienekoa.
  • 24.000-25.000 euro horietatik 45.000 eurora bitarteko diru-sarreren kasuan, autonomoek Gizarte Segurantzari egin beharreko ekarpenek gora egingo dute, baina, kasu horretan, ez norberak nahi duelako (orain arte bezala), nahitaez baizik.
  • Gainera, lortutako diru-sarrerak baino gehiago kotizatu duten autonomoek soberakin hori jasotzeko eskubidea izango dute.

ATA, UPTA eta UATAEren proposamenak

ATAk zenbait neurri har daitezela proposatu du, Toledoko Itunak sistema hobetzeko emandako gomendioekin bat etorriz:

  • 48 urte baino gehiago dituzten langile autonomoek (autonomoen ia erdiak) kotizazioa beren diru-sarreretara egokitu dezatela (beren borondatez). Hau da, gaur egun ahalbidetzen zaien 2.077 €/hileko gehieneko oinarria kentzea.
  • Sozietateetako bazkide diren autonomoek (900.000 autonomo baino gehiago) gizarte-segurantzako kotizazioa enpresa-gastu gisa kendu ahal izatea, langile autonomo arrunten kotizazioak bezala.
  • Urtean zehar ekarpenak egin ahal izatea, autonomo bakoitzak ordaintzen duen hileko kuota edozein dela, prestazioak hobetzeko.
  • Autonomoek beren kotizazio-oinarria urtean 6 aldiz aldatzeko aukera izan dezatela.
  • Azken urtean LGStik beherako etekin garbiak izan dituzten autonomoen kotizazioa murriztea. Kasu horretan, honela kotizatuko da Gizarte Segurantzan:
    • Gutxieneko kuotaren % 50eko murrizketa beren etekin garbiak LGSra iristen ez diren autonomoentzat.
    • Gutxieneko kuotaren % 75eko murrizketa beren etekin garbiak LGSaren % 50era iristen ez diren autonomoentzat.

UPTAk kotizazio-tarte bereizi hauek proposatu ditu:

Jarduera ekonomikoen edo profesionalen urteko etekin garbiak
Kuota
LGSren % 50 baino gutxiago Kotizazio oso murriztua. Indarrean dagoen gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 25ean oinarrituta kalkulatuko da (2021eko datuekin, 944,40 x 0,25 x % 30,60 = 72,25 euro)
LAGSren % 50 eta % 100 artean Kotizazio murriztua. Indarrean dagoen gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 50ean oinarrituz kalkulatuko da (472,20 x % 30,60 = 144,50 euro)
LGS baino gehiago, baina 25.000 eurotik behera Hileko gutxieneko kotizazio-oinarria 944,40 €-koa izango litzateke; kuota, berriz, gaur egungoa, hau da, ia 289 eurokoa
25.000 eta 30.000 euro artean Hileko gutxieneko kotizazio-oinarria sozietateetako bazkide diren pertsonentzat aurreikusitako gutxieneko oinarriaren (A Taldea) baliokidea izango da (1.214,10 euro), hau da, 371,51 eurokoa
30.000 eta 40.000 euro artean Hileko gutxieneko kotizazio-oinarria aurreko tartekoa baino % 20 handiagoa izango da (1.456,96 eurokoa); kuota, berriz, 445,82 eurokoa
40.000 eta 50.000 euro artean Hileko gutxieneko kotizazio-oinarria aurreko tartekoa baino % 20 handiagoa izango da (1.748,34 eurokoa); kuota, berriz, 535 eurokoa
50.000 eta 60.000 euro artean Hileko gutxieneko kotizazio-oinarria aurreko tartekoa baino % 20 handiagoa izango da (2.098 eurokoa); kuota, berriz, 642 eurokoa
> 60.000 euro Hileko gutxieneko kotizazio-oinarria 2.517,60 eurokoa izango da; kuota, berriz, 770,38 eurokoa

UPTAk proposatzen du kotizazio-tarteen sistema hori aukerakoa izan dadila autonomoentzat. Horrela, autonomoek beren kotizazio-tartea aukeratu ahal izango dute, urteko etekin garbien aurreikuspenen arabera.

Azkenik, UATAEk ere tarteen arabera antolatutako eredu bat aurkeztu du, Valeriano Gómez laneko ministro ohiak eginda. Eredu horretan, 10 autonomotik 7k gaur egun ordaintzen dutena edo gutxiago ordainduko dute (eta, beraz, 10etik 3k orain baino gehiago). Laburbilduz:

  • Autonomoen % 50ek (1,5 milioi autonomo inguruk), hau da, hilean 1.500 € inguru edo gutxiago irabazten dutenek, gutxiago ordainduko dute; zehazki, urtean 12.000 euro baino gutxiagoko tartean daudenek % 50 gutxiago, eta urtean 12.000 eta 15.000 euro artean irabazten dutenek % 25 gutxiago (diru-sarrera garbiak, jarduera-gastu guztiak kenduta).
  • % 7k gaur egun bezala ordaintzen jarraituko du.
  • Eta tarterik altuenei dagokienez, % 15ek gutxienekoa baino oinarri altuagoak ordaintzen ditu dagoeneko, eta, beraz, berdina ordainduko luke.
  • % 30ek gehiago bideratuko luke Gizarte Segurantzara; gehieneko kotizazio-oinarria izango da muga, pixkanaka, eta ez beti modu berean.

 

Azken berriak