NOIZ PRESKRIBATZEN DUTE ZORREK?

Ohiko samarra izaten da enpresaburu batek bere enpresa-jardueraren barruan bolada txarrak izatea eta administrazio publikoekin (Ogasunarekin, Gizarte Segurantzarekin eta abar) edo beste enpresa eta enpresaburu batzuekin zorrak egitea.

Egoera horrek zalantzak sortzen ditu zordunarengan eta hartzekodunarengan: preskribatzen al dute zor horiek?, noiz? Zorra ordaintzen atzerapena gertatzen denean, kobratu behar duenak jakin behar du lehenbailehen erreklamatzea komeni dela, kobratzeko eskubidea onartzen badio zordunaren aurka egiteko aukera izango du eta. Zordunaren onarpen hori lortuz gero, zorrak ez du inoiz preskribatuko.

Kobratzeko eskubidea hartzekodunaren eskubidea da; baina, ordaintzeko betebeharra duen pertsona ezin da beti egon ordainketa erreklamatuko dioten zain, ordenamendu juridikoak onartzen ez duen ziurgabetasun juridikoa ekarriko bailuke horrek. Hori dela eta, kobratzeko eskubidea denboran mugatzera behartzen du segurtasun juridikoak. Ondorioz, legeak zorren preskripzio azkentzailea onartzen du, hau da, hartzekodunak zordundutako zenbatekoak judizialki erreklamatzeko eskubidea galtzea, eskubide hori epe baten barruan egikaritu ez izanagatik. Kode Zibilaren 1961. artikuluak arautzen duenez, zorren ordainketa judizialki erreklamatzeko ekintzek legeak finkatutako denbora tartean preskribatuko dute. Horrela, beraz, preskripzio azkentzailea hartzekodunaren zabarkeria edo utzikeriagatik gertatzen da.

Hortaz, denboraren poderioz hartzekodunak kobratzeko duen eskubidea azkentzea da preskripzioa; hau da, aldi jakin batean hartzekodunak erreklamaziorik egiten ez badu, epe hori igaro ondoren zordunak aurka egin ahal izango dio ordaintzeko betebeharrari, eta auzitegiak onartu egingo dio eskubide hori, legezko preskripzio-epea bete bada.

Aipatu beharra dago preskripzio azkentzailea onuragarria dela zordunarentzat, hari esker utzi egiten baitio zordun izateari. Nolanahi ere, zordunak alegatu beharreko arrazoi bat da, prozedura judizial batean demandari aurka egiteko. Beste era batera esanda, erreklamazio judizialeko prozeduran behartuta dagoenak erreklamatu behar du preskripzioa. Puntu hori oso garrantzitsua da, preskripzioa ezin baita ofizioz hauteman (iraungitzearekin bai, ordea). Beraz, preskripzio-epea igaro bada ere, preskripzioa alega dezakeenak egin ez badu, baliozkoa izango da hartzekodunak kobratzeko eskubidea aitor diezaioten gauzatzen duen ekintza.

Noiz arte erreklama daiteke zor bat?

Zorrak ezin dira mugarik gabeko epe batean erreklamatu, preskripzio-epe bat baitute (desberdina izaten da zor edo hartzekodun motaren arabera). Epe hori igarotzen ez den bitartean, hartzekodunak zorra abonatzea erreklamatu ahal izango du, baita auzibidez ere. Preskripzioaldia amaitzean, ordea, ez dago ordaindu gabeko zorren ordainketa erreklamatzeko biderik.

Hala ere, zorren preskripzioa ez da automatikoa. Izan ere, preskripzioa alegatu eta epeak amaitu direla frogatu behar du zordunak.

Zorren preskripzio-epeak

Kode Zibilaren 1.961. artikuluaren arabera, legez ezarritako preskripzio-epe bat dute zorren ordainketa erreklamatzeko ekintzek. Kontuan hartu behar da zor batek preskribatzeko baldintza batzuk bete behar direla aurretik, Kode Zibilaren 1.973. artikulutik ondoriozta daitekeenez:

  • Hartzekodunak judizioz barruko edo kanpoko ekintzarik egikaritu ez izana: gutunen bidalketa modu frogagarrian, notario-errekerimenduak, adiskidetze-demandak eta abar.
  • Zordunak erreklamatutako zorraren egiazkotasuna aitortu ez izana, ez esanbidez, ez isilbidez.

Beraz, zor batek legezko epe baten barruan preskribatuko du, betiere hartzekodunak zorraren erreklamazioa bertan behera uzten badu. Hartzekodunak etsitzen ez badu eta egindako erreklamazioak egiazta baditzake, zorrak ez du preskribatuko. Hori garrantzitsua da bezero berankorrak dituzten enpresa eta enpresaburuentzat: ez da erreklamazioa atzeratu behar, zordunak horrelako amarrurik erabil ez dezan.

2015eko urriaren 7az geroztik (Prozedura Zibilaren 2000ko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea erreformatzen duen 2015eko urriaren 5eko 42/2015 Legea jarri zen indarrean egun horretan), hamabost urtetik bostera murriztu da preskripzio-epe berezirik adierazita ez duten ekintza pertsonalen preskripzio orokorraren epea.

Nolanahi ere, preskripzio-epeak zorraren izaeraren eta jatorriaren araberakoak dira. Ondoren, ohikoenetako batzuk aipatuko ditugu:

Ogasunarekiko zorrak 4 urtean preskribatzen dute, eta 6 urtean iraungitzen dira. Aitorpena edo autolikidazioa aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen epea.

Bi figura horiek antzeko ezaugarriak dituzte: biek Administrazioaren jarduerarik eza, prozeduraren garapenean igarotzen den denbora eta eskubide edo betebeharren baten azkentzea —denboraren igarotzearen ondorioz— dituzte ardatz; alabaina, desberdinak dira zenbait alderditan. Denboraren ikuspuntutik, iraungitzearen kasuan ez da eteten 6 urteko epea, eta, preskripzioaren kasuan, epea 4 urtekoa bada ere, edozein izapiderengatik eten egin daiteke, eta igarotzen diren egunak ez dira zenbatzen izapidea ebazten den bitartean.

Gizarte Segurantzarekiko zorrak Zerga-izaerako zorren kasuan bezala, epea 4 urtekoa da, Gizarte Segurantzaren diru-bilketaren Erregelamendu orokorra onartzen duen 2004ko ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren 42. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz. Epe hori bete ondoren, Administrazioak ezin izango ditu eskatu zorraren ordainketa eta errekarguak, eta ezin izango du zehapenik ezarri. Azpimarratu beharra dago Administrazioak kobrantza erreklamatzeko egiten duen ekintza orok eten egingo duela zorraren preskripzio-epea.

Bestetik, bidegabeki jasotako prestazioen zenbatekoa itzultzeko betebeharrak ere lau urteko epean preskribatuko du, kobratzen diren egunetik edota itzultzea eskatzeko ekintza baliatu ahal izan zenetik aurrera zenbatzen hasita, bidegabe jaso izana eragin zuen arrazoia edozein izanik ere, Entitate Kudeatzaileari egotz dakiokeen akats baten ondoriozko laguntza-berrikuspenak barne.

Bankuekiko zorrak Erreforma berriarekin, kapitala zein interesak erreklamatzeko epea 5 urtekoa izango da.
Hipoteka-zorrak Hipoteka baten preskripzio-epea 20 urtetan dago ezarrita, maileguak finkatuta duen epemugatik aurrera zenbatzen hasita.
Alokairu-zorrak Hiri-finken edo landa-finken alokairua ez ordaintzearen ondoriozko zorrek 5 urteko preskripzio-epea dute.
Beste enpresa batzuekiko merkataritza-zorrak 5 urteko arau orokorra aplikatzen da, zenbait salbuespen badaude ere. Elektrizitate-, ur- eta gas-konpainien hornidurek eta telefoniako eta telekomunikazioetako fakturek 5 urteko epean preskribatzen dute. Hala ere, jurisprudentzian ez dago erabateko adostasunik zerbitzu horien preskripzio-epeari dagokionez. Izan ere, jurisprudentzia jakin baten arabera, zorduna kontsumitzaile bat denean telefoniaren eta uraren fakturen preskripzio-epea ez da 5 urtekoa, 3koa baizik, Kode Zibilaren 1967.4 artikuluak 3urteko epea ezartzen baitu. Artikulu horren arabera, hiru urteko epean preskribatzen dute saldutako generoen prezioa merkatariei ordaintzeko betebeharra partikularrei eskatzeko ekintzek.
Zor profesionalak Kobratzeko eskubide jakin batzuek 3 urteko preskripzio-epea dute; epe labur batean egiten diren zerbitzu profesionalen edo horniduren ondoriozko ordainketak dira, hain zuzen ere (1967. artikulua). Haien barruan, abokatuek, notarioek, erregistratzaileek, perituek eta zuzenbidearen arloko beste profesional batzuek zerbitzu juridikoengatik jasotako ordainsariak sartzen dira. Era berean, preskripzio-epea 3 urtekoa da farmazialariei, irakasleei eta, oro har, irakaskuntzako profesionalei egin beharreko ordainketen kasuan. Eta hiru urteko epea dute, halaber, ostatatze-kontratuen ondoriozko zorrek.

Halaber, 3 urteko preskripzio-epea dute partikular batek merkatari bati egindako ondasun-erosketen ondoriozko zorrek, betiere kontsumo partikularrerako erosketak badira eta birsalmentaren bidez etekina ateratzeko asmorik ez badago. Adibidez, partikular batek altzari batzuk erosten baditu, ohiko betebeharra ordainketa bakarra egitea da, 3 urteko preskripzio-epearekin. Altzarien saltzailearekin seinale bat ordaintzea eta gainerakoa hainbat epetan ordaintzea ituntzen bada, ordainketa aldizkako entregetan eginik ere (eta horrek 5 urteko preskripzioa dakar), partikular baten erosketa bat da benetan, eta horrek esan nahi du zorrak 3 urteko epean preskribatzen duela, luzatutako prezioaren zati bakoitzaren epemugatik aurrera zenbatzen hasita.

Kanbio-letren ekintzaren preskripzioa

Hartzekodunak zorraren ordainketa prozedura judizial berezi sumario baten bidez (hots, kanbio-judizio izeneko baten bidez) erreklamatzeko aukerak 3 urteko epean preskribatzen du kanbio-dokumentua kanbio-letra bat edo ordainduko bat denean, eta 6 hilabeteko epean dokumentua txeke bat denean.

Preskribatutako zor bat ordaintzea

Zordunak hartzekodunari preskribatuta zegoen zor bat ordaintzen badio, ezin dio erreklamatu ordaindutako zenbatekoa itzultzea, preskripzioa ez baita automatikoki gertatzen. Izan ere, demandatuta dagoen eta zorraren preskripzio azkentzailea mesedegarri duen zordunak baliatu beharreko salbuespena da preskripzioa. Dena dela, zordunak hartzekodunaren erreklamazioari aurka egiten ez badio eta zorrak preskribatu duela adierazten badu, hartzekodunaren kreditu-eskubideak legez indarrean jarraituko du, eta berankorrak ordaindutakoa legezkoa izango da erabat, benetan zor zuena ordaindu baitu.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....