Next Generation funtsak: laburpena 10 galderaren bidez

[2021/10/27]

1. Zer dira Next Generation funtsak?

2020ko uztailean, Kontseilu Europarrak ekonomia suspertzeko aldi baterako ezohiko tresna bat onartu zuen, Next Generation EU (EBren Hurrengo Belaunaldia) izenekoa, zeinak 750.000 milioi euroko zuzkidura baitu batasun osoarentzat. Berreskuratze Funtsak Europa osoko erantzuna bermatzen du, estatu kideekin koordinatua, COVID-19aren pandemiaren ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko.

Funtsak bi helburutarako erabil daitezke: batetik, maileguak lehentasunezko baldintzetan emateko —360.000 milioi euro gehienez— eta, bestetik, dirulaguntzak emateko —390.000 milioi euro—.

Hainbat mekanismoren artean banatuko dira 750.000 milioi euro horiek. Hauek dira nagusiak: Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoa (BEMa), 672.500 milioi euroz hornitua, eta Europako Lurraldeak eta Kohesioa Berreskuratzeko Laguntzarako Funtsa (REACT-EU), 47.500 milioi euroz hornitua.

2. Zenbat diru dagokio Espainiari?

BEMaren funtsak jasotzeko baldintza gisa, herrialde guztiek euren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana aurkeztu behar dute. Espainiako Gobernuak joan den apirilean aurkeztu zuen berea, eta ekainaren 16an sinatu zen. España Puede deritzon plan horrek 140.000 milioi euro baino gehiagoko inbertsio publikoa mugiaraziko du 2026ra arte. Inbertsio eta aldakuntza gehienak 2021etik 2023ra bitartean egingo dira, hau da, Next Generation EU Planaren lehen fasean.

3. Nola banatzen dira funtsak lurraldeen artean? Euskadiren eta Nafarroaren kasuak.

Espainiako Gobernuak Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana osatu ondoren, autonomia-erkidegoek ere euren planak landu zituzten zegokien eremuan, ikuspegi zehatzagoa eta lurraldera bideratuagoa emateko.

∴ Euskal Autonomia Erkidegoa: Euskadi Next 2021-2026. Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia Programa

Eusko Jaurlaritzak joan den maiatzean onartu zuen Euskadi Next 2021-2026 Programaren eguneratzea. Dokumentu berriaren arabera, Euskadik plan hauetan hartuko du parte: i) estatuko 6 PERTEtan (5.085 milioi euroko 29 proiektutan), ii) lurraldeko 9 PERTEtan (6.400 milioi euroko 63 proiektutan) eta iii) hainbat ekimen, inbertsio eta/edo proiektutan, dirulaguntzadeialdietara edo indarrean dauden bestelako baliabideetara jotzeko aukeraren bidez, BEMaren funtsen (6.802 milioi euro guztira) zati handi bat bideratzeko.

OHARRA: PERTEAk proiektu estrategiko handiak dira, administrazioen, enpresen eta ikerkuntza-zentroen arteko lankidetza eskatzen dutenak.

∴ Nafarroa: Nafarroa Suspertu 2020-2023

Joan den 2020ko abuztuan, Nafarroako Gobernuak Nafarroa Suspertu 2020-2023 Plana onartu zuen. Dokumentu horren bidez, 190 neurri jarri nahi ditu abian, COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko, eta, gainera, aurrerabidea, kohesioa eta berrikuntza oinarri dituen eredu berri baten bidean aurrera egiteko. 190 neurriok 7 esparru handitan bildutako 46 jarduera-lehentasunetan daude sailkatuta. Nafarroako Gobernuak 990 milioi euroko funts propioak erabiliko ditu plana finantzatzeko, gehi Europako, Espainiako eta gizarte-inbertsioetarako berreskuratze-funtsak.

Ikusi gainerako autonomia-erkidegoak hemen.

4. Noiz eta nola eskura daitezke Europako funtsak?

Lizitazio-, dirulaguntza- eta laguntza-deialdien bidez eskuratuko dira berreskuratze-funtsak. Administrazioek euren eskumenen arabera argitaratuko dituzte deialdiok, España Puede Planaren helburuak betetzeko. Ministerioak eta autonomia-erkidegoak dira, batez ere, NGEU funtsak inbertsioetara eta Planaren jarduketetara bideratzeko deialdiak zabalduko dituzten erakundeak —zuzenean edo euren mendeko erakundeen bidez—, baita, hein txikiagoan, toki-erakundeak ere.

Hala, 2023aren bukaerara arte hainbat deialdi argitaratuko dira. Horietan, enpresek eta autonomoek hartu ahal izango dute parte, baita, zenbait kasutan, herritarrek ere (adibidez, ibilgailu elektrikoak erosteko edo etxebizitza birgaitzeko).

5. Estatuko, autonomia-erkidegoetako ala tokiko deialdiak dira?

Inbertsioak egiteko antolatzen diren deialdiek eskumen-esparrua errespetatuko dute; beraz, deialdi batzuk ministerioek egingo dituzte, beste batzuk estatuko enpresa publikoek, beste batzuk autonomia-erkidegoek eta beste batzuk udalek —horiek udal-mailako lehiaketak ere deituko dituzte—.

6. Zer motatako enpresek jo dezakete deialdietara?

Espainiako Gobernuak garatutako planaren helburua ez da enpresa handietara mugatzea: ez ditu inbertsio guztiak korporazio handien gestio-gaitasunaren esku jarri nahi.

Publizitate- eta gardentasun-printzipioen arabera egingo dira deialdiak, eta ETE-en parte-hartzea bermatzeko mekanismoak jarriko dira abian.

Deialdi bakoitzaren helburuen arabera, era guztietako eragile publiko eta pribatuak gonbidatuko dira parte hartzera: ikerketa-zentroak eta unibertsitateak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak, autonomoak, enpresari-elkarteak, enpresa-taldeak eta abar, baita herritarrak ere.

Edonola ere, baliabideak modu orekatuan banatuko dira deialdietan, lurraldeen eta enpresa handien eta ETE-en artean.

7. Zer funts eta ekimen eskura ditzakete ETE-ek?

Enpresa txiki eta ertainek parte-hartze nabarmena izan dezakete Berreskuratze Planaren 30 osagaietatik 17tan. Bereziki, 13. osagaiak, «ETE-ak sustatzea» deritzonak, 4.894 milioi euro bideratuko ditu enpresa horietara, hain zuzen ere ekintzailetzara, enpresen hazkundera, digitalizaziora eta berrikuntzara, baita merkataritza eta nazioartekotzea sustatzera ere.

ETE-ek parte har dezaketen ekimenetarako funts gehienek lotura estua dute digitalizazioa, mugikortasuna eta energia berriztagarriak, prestakuntza, turismoa eta merkataritza, industria eta ekintzailetza suspertzeko proiektuekin.

Hona hemen ETE-entzat esparru horien barruko ekimenak bultzatuko dituzten erakunde batzuk: ENISA, Red.es, IDEA, CDTI, SEGITTUR, EOE eta Espainiako Merkataritza Ganbera. Horrez gain, birgaitze-bulegoak sortuko dira energia-birgaitzeko proiektuetako, eta ONE Plataforma ekintzailetza bultzatzeko.

8. Nola jaso dezaket deialdien berri?

Hurrengo atalean diogun bezala, LABORAL Kutxak aholkularitza-zerbitzu bat jarri du martxan, laguntzaile birtual batez hornitua, zure negoziorako aukerak identifikatzen laguntzeko.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak webgune bat jarri du abian, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planari buruzko informazioa emateko. Bertan, abian jartzen doazen deialdiak argitaratzen dira.

Tokian tokiko autonomia-erkidegoek ere antzeko webguneak prestatuko dituzte ziur aski.

9. Nola laguntzen dizu LABORAL Kutxak Next Generation funtsekin?

Next Generation EU funtsak gure artean egongo dira hurrengo urteetan, eta enpresa handien nahiz ETE-en inbertsioa baldintzatuko dute neurri handi batean. Horregatik, eta gure bezeroei Europako funtsek eskaintzen dituzten aukerak ulertarazten laguntzeko eta funts horietatik irits daitezkeen laguntzak eta dirulaguntzak ahalik eta gehien aprobetxatzeko, LABORAL Next sortu dugu.

Aholkularitza-zerbitzu hori 4 puntu hauetan oinarritzen da:

  • Laguntzaile birtualaren bidez, enpresak erregistratu egingo dira eta zein palanka edo osagairi buruzko informazioa jaso nahi duten erabaki ahal izango dute. Horrela, laguntzaileak enpresaren proiektu, sektore edo tamainaren ezaugarriak hartuko ditu kontuan, eta modu pertsonalizatuan bidaliko du kasu bakoitzera ondoen egokitzen diren deialdiei buruzko informazioa.
  • Proiektuaren hautagarritasuna. Enpresek aurkeztutako proiektuen datuak eta identifikatzen diren aukerak ikusita, egoera bakoitzerako deialdirik egokiena gomendatuko dugu.
  • Deialdien aurkezpena. Deialdiren batean parte hartu nahi izanez gero, enpresekin batera jardungo dugu, memoria egin eta aurkeztu beharreko dokumentazioa prestatzeko.
  • Proiektuak finantzatzea eta dirulaguntzak aurreratzea. LABORAL Kutxan beharrezko tresnak ditugu, proiektu bakoitzari finantzaketa arin eta ahalik eta modurik egokienean eskaini ahal izateko, dirulaguntzak aurreratzeko fasean nahiz proiektuaren finantzaketan bertan.

SARTU laboral Nexten

10. Eta beste zalantzaren bat badut?

Badakizu: LABORAL Kutxaren bezeroa zaren aldetik, doako kontsultak egin ditzakezu Consulting-Pro zerbitzuaren bidez, bai gai horri buruz bai zure negozioaren gestioarekin lotutako beste edozein gairi buruz (laguntzak, zerga-sistema, lege-kontuak, kontabilitatekoak, lanekoak eta abar).

Azken berriak