Nafarroan autoenplegua eta besteren konturako kontratazioa sustatzeko laguntzak

1. Autoenplegua eta enpresa-sorrera sustatzeko laguntzak

Zenbait diru-laguntza daude enpresa berriak sortzen dituztenentzat, bai eta autonomo gisara lanean hasten diren langabeentzat ere. Urte osoan eskura daitezke laguntza horiek. Labur azalduko dizkizugu. Informazio gehiago nahi baduzu, sartu laguntza bakoitzaren azalpen-fitxara webguneko DIRU-LAGUNTZAK atalean.

Halaber, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak/Nafar Lansarek ekintzailetza eta enplegu autonomoa sustatzeko egindako deialdiak ikusgai dituzu webgune honetan: esteka.

Nafarroako zenbait udalek ere ematen dituzte laguntzak eta diru-laguntzak enpresa berriak sortzeko. Iruñeko Udalak, adibidez, laguntza-programa bat du, 35 urte bitarteko gazteek jarduera ekonomiko berriak sortzeko eta martxan jartzeko egiten dituzten gastuak ordaintzeko. Orrialde honetan duzu zenbait udalek enpresa berriak sortzeko ematen dituzten laguntzen berri.

Diru-laguntzak enpresen hasierako gastuak ordaintzeko

Laguntzen artean, aipatzekoa da Nafarroako Gobernuak enpresen hasierako gastuetarako sustatutako diru-laguntzen programa. Diru-laguntza horren xedea hau da: ekintzailetza sustatzea Nafarroan, enplegua sortzeko eta Foru Erkidegoaren garapen ekonomikoa eta soziala bultzatzeko, laguntzak emanez enpresa sortu berrien eta beren helbide soziala eta jarduera Nafarroara ekartzen dituztenen hasierako gastuetarako.

Horretarako, laguntza bat gastu orokorretarako emango da, eta beste bat, espezifikoagoa, trebakuntza-, aholkularitza- eta patente-gastuak ordaintzeko eta lokalak egokitzeko. Era berea, laguntza gehigarriak banatuko dira ekimen enpresarial hauek sustatzeko:

  • Emakumeek, desgaitasunen bat dutenek eta 30 urtetik beherakoek bultzatzen dituztenak.
  • Enplegua sortzen dutenak.
  • Nafarroako Gobernuak lehentasunezkotzat jotzen dituen sektoreetako jarduerak.

500 eurotik 1.500 eurora bitartekoak dira laguntzak (pertsona fisikoentzakoak eta sozietate-enpresentzakoak, hurrenez hurren) eta, horiez gain, beste zenbateko batzuk ere banatzen dira, trebakuntzan, aholkularitzan, patenteetan eta lokalen egokitzapenean egindako gastuen araberakoak; azkenik, aipatutako ezaugarriren bat dutenentzat ere badaude laguntzak (lehenesten diren talde eta jarduerentzako laguntzak, enplegua sustatzekoak eta abar).

Enplegu autonomoa sustatzeko diru-laguntzak

Hauentzat dira laguntza horiek: lanik gabe dauden, deialdiaren baldintzak betetzen dituzten eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan-Nafar Lansaren izena emana dutenentzat, betiere autoenplegua langile autonomo gisara edo ondasun-erkidego zein sozietate zibil batean jardunda sortzekoak badira.

2.000 eurotik 3.500era bitartekoak dira laguntzak. Diru-laguntza eskatzeko epea: hilabete bat, jarduerari ekin zaion biharamunetik zenbatzen hasita.

Langabeak kooperatibetan eta lan-sozietateetan lan-bazkide gisara hartzeagatik ematen diren laguntzak

Nafarroako Gobernuak bi laguntza-lerro ditu kooperatibak eta lan-sozietateak sortzeko eta haietan langabeak lan-bazkide gisara hartzeko.

Lehenbiziko lerroan, kooperatibari ematen zaio laguntza, 2.000 eta 7.000 euro bitartekoa hartzen den lan-bazkide bakoitzeko (langabezian eman duen denboraren araberakoa da zenbatekoa). Eskariak aurkezteko epea: hiru hilabete, Gizarte Segurantzan alta ematen den egunetik zenbatzen hasita.

Bigarren lerroan, berriz, hauentzat dira laguntzak: JEZn alta eman zutenetik zenbatzen hasita gutxienez urtebete lanean daramaten lan-sozietateetako eta lan elkartuko kooperatibetako lan-bazkide egiten direnentzat. Kasu horretan, hau izango da diru-laguntzaren zenbatekoa: bazkide langile edo lan-bazkide egiteko ordaindutakoaren % 30 (gehienez ere, 6.000 euro).

Landa-eremuetan nekazaritzaz bestelako enpresak sortzeko laguntzak

Programa honek nekazaritzaz bestelako produkzio-jarduerak dituzten enpresen sorrera laguntzen du diruz, hau da, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan (REAN) izena emana duten nekazari profesionalek edo haien lehen mailako senitartekoek saltzen edo merkaturatzen dituzten ondasunak eta/edo zerbitzu pribatuak ekoiztea helburu duten enpresena.

Nafarroako 2014-2020 Landa Garapeneko Programak landa-eremutzat hartzen dituen Nafarroako udalerrietan izan behar dute jarduera enpresa horiek.

2. Kontrataziorako laguntzak

30 urtetik beherako langabeen praktikaldietarako kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak

Programa honek lanaldi osoko zein partzialeko kontratazioak egiteagatik (lanaldi osoaren % 50, gutxienez) ematen ditu diru-laguntzak. Gutxienez sei hilabete iraun behar dute kontratuek, zeinak Nafarroako Enplegu Zerbitzuan eta Gazte Bermearen Erregistro Nazionalean izena emana duten 30 urtez beheko langabeei egin behar zaizkien, betiere praktiketako kontratu baterako behar den trebakuntza akademikoa baldin badute.

Kontratatzen den pertsonaren titulazio akademikoaren araberakoa izango da diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa (6.000 eurotik gorakoa unibertsitate-titulua duten emakumeak lanaldi osorako kontratatuz gero).

Hilabeteko epea dago laguntza eskatzeko, kontratu bidezko harremana hasten den biharamunetik zenbatzen hasita.

Diru-sarrera Bermatua edo Gizarteratzeko Diru-sarrera jasotzen duten pertsonen kontratazioa sustatzeko diru-laguntzak

Programa honek lanaldi osoko kontratazioak egiteagatik ematen ditu laguntzak. Gutxienez hiru hilabete iraun behar du kontratuak, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanda egon behar dute kontratatzen direnek (langabeak), eta Diru-sarrera Bermatua edo Gizarteratzeko Diru-sarreraren hartzaile izan behar dute kontratua sinatzen denean.

Kontratuaren iraupenaren araberakoa izango da diru-laguntza, zeina hilean 1.000 eurora irits baitaiteke emakumeak kontratatuz gero.

Hilabeteko epea dago laguntza eskatzeko, kontratu bidezko harremana hasten den biharamunetik zenbatzen hasita.

 

 

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...