Nabarmendu Interneten: marketin digitaleko trikimailu txikiak (I)

Artikuluaren izenburua gorabehera, kontuan izan behar da ez dela nahikoa trikimailu batzuk erabiltzea. Interneten presentzia baliagarria eta nabarmena izateko, beharrezkoa da, ezer baino lehen, estrategia argia izatea: zer denbora eta diru erabil daitekeen pentsatu behar da, eta, hortik abiatuta, zer ikuspegi bilatu eta zer tresna erabili zehaztu. Beste gauza garrantzitsu bat pazientzia izatea da, emaitzak ez baitira berehalakoak; eskuarki, erabakitako estrategia martxan jarri eta zenbait hilabetera ikusten ditugu.

Artikulu honetan, zenbait aholku emango dizkizugu sarrera gisa. Gainera, aldian-aldian, aholku horiei buruzko artikulu osatuagoak argitaratuko ditugu, zure Interneteko eta sare sozialetako estrategian erabil ditzazun. Halaber, zenbait webguneren estekak ere emango dizkizugu, artikulu honetan landutako alderdi bakoitza sakonago aztertzeko.

  1. Lehenik eta behin, egin SEO ikuskapen bat.

Gure web-orria ondo kokatuta dagoen jakiteko Googlen bilaketak egiten baditugu, gerta daiteke ez dela azaltzen. Nahiz eta hitz jakin batzuk idatzi eta gure web-orria lehen emaitzen artean azaldu ez, horrek ez du esan nahi indexatuta ez dagoenik —hau da, bilatzaileak emaitzen artean erakusteko erregistratuta ez dagoenik—; izan ere, beharbada, ez dago behar bezala kokatuta. Garrantzitsua da hori ulertzea. Dena den, arazoa ez da asko aldatzen: web-orria txarto kokatuta dago edo ez da azaltzen.

Kokapen hori hobetze aldera, eta horretarako ekintzarik egin aurretik, oso baliagarria da SEO ikuskapen bat egitea. SEO (Search Engine Optimization) deritzo webgune batek bilatzaileen emaitza organikoetan  (ordaindu gabekoak) duen ikusgaitasuna hobetzeko prozesuari.

Agentzia espezializatu batek egin diezazuke ikuskapena. Hala ere, doako on line tresnak ere badaude zure webgunearen inguruko ikuspegi orokor bat lortzeko, hala nola MetricSpot, SEMRush eta Screaming Frog.

http://www.marketingandweb.es/marketing/auditoria-seo/

  1. Kokapen ona

Interneten egotea zure enpresa-jarduerarentzat onuragarria izango bada, ezinbestekoa da ondo kokatuta egotea; hau da, norbaitek zurea bezalako negozio bat edo zu bezalako profesional bat bilatzen duenean, bilatzailearen (Google da erabiliena, Bing eta Yahoo baino askoz gehiago) lehen lekuetan egotea. Hala ez bada, bezero potentzial horrek nekez erreparatuko dio zuk eskaintzen duzunari.

http://ninjaseo.es/conceptos-basicos-busquedas-google-introduccion/

http://www.link-assistant.com/news/ranking-factors.html?utm_source=searchenginejournal&utm_campaign=searchenginejournal&utm_medium=text&utm_content=ranking-factors

https://www.quondos.com/factores-seo-posicionamiento-web-google/

Kokapen horri dagokionez, zure negozioa definitzen duten gako-hitzak zehaztu behar dituzu, jendeak zure webgunea bilatzeko erabiliko dituenak. Gako-hitz horiek zein diren jakiteko, alta eman behar duzu Google Adwords zerbitzuan, eta kanpainak planifikatzeko Keyword Planner tresna bilatu; doakoa da. Zure gako-hitzak idatzi beharko dituzu, eta tresnak adieraziko dizu zein diren konbinaziorik onenak, edo, behintzat, zein diren bilatuenak. Adibidez, “hortz-klinika” idazten baduzu, Interneten “hortz-klinika profesional eta merkeak” bilatzen direla adieraz dezake tresna horrek. Hau da, saldu nahi duzun produktuarekin edo zerbitzuarekin lotutako mezu nagusi bat emango dizu. Mezu hori zure negozioaren ikuspegiarekin bat badator, kontuan hartu beharko duzu webgunea egiteko edo sare sozialetako komunikazioa kudeatzeko, esate baterako.

Izenburu hori zure webgunea edo bloga deskribatzeko erabili behar duzu, zer egiten duzun azaltzeko, eta komeni da hasieran azaltzea, ondo ikusteko moduan. Gainera, webaren zati ikusezinean ere adierazi behar da; hau da, metadeskribapenean (metadeskribapena edo meta description tag HTML etiketa bat da, bilatzaileei web-orriaren edukiaren deskribapena emateko balio duena).

http://deteresa.com/meta-descripcion/

  1. Bilaketetara begira idatzi. SEO semantika eta Long Tail gako-hitzak

Sarrera edo zerbait idazten duzunean, bilaketak eragiteko helburua izan behar duzu; hortaz, bilatzaileetan eskaria daukaten edukiak argitaratu behar dituzu. Esaterako, Googlek erabiltzaileen galderei erantzutea balioesten du, eta puntuazio orokor hobea ematen dio domeinu osoari  (adibidez, www.midominio.es), SERPei dagokienez (Search Engine Results Page da SERP, edo, gaztelaniaz, bilatzailearen emaitza-orria. Definizio hori dagokie Google, Bing edo Yahoo bilatzaileetan bilaketa bat egitean azaltzen diren emaitzei; orokorrean, 10 emaitza dira batez beste. Beraz, SERPetan gure kokapena hobetuz gero, gure webgunea postu hobean azalduko da edozein bilatzailetan), eta kokapen hobea izango du domeinu horrek.

Horretarako, Keyword Planner edo antzeko beste tresnak oso baliagarriak dira. Haietako asko doakoak dira, baina ordainpekoek, weben kokapeneko profesionalentzat direnek, doako bertsioa izaten dute.

http://wwwhatsnew.com/2014/01/18/alternativas-gratuitas-herramienta-palabras-clave-google-adwords/

Gainera, positiboa da askotariko hitzak erabiltzea, gako-hitz berak behin eta berriz erabili beharrean. SEO semantiko deritzo horri; horren bidez, sinonimoak edo hizkuntza deskribatzaileagoa erabiltzen dituzten web-orriek kokapen hobea lortzen dute.

http://www.javiramosmarketing.com/seo-semantico-palabras-clave/

Beste aukera bat Long Tail gako-hitzak erabiltzea da. Hitz nagusiak baino bilaketa kopuru nabarmen txikiagoa duten gako-hitzak dira. Beraz, hitz nagusien emaitza gehienak marka handientzat izaten dira. Hortaz, negozio txikien eta profesionalen emaitzak orri nagusitik kanpo geratzen dira, eta horiek Long Tail estrategietan jar dezakete arreta, gauza gehiago egin baititzakete eta lehia txikiagoa baita.  Long Tail hitz horien abantailarik handienetako bat haien balio kualitatiboa da. Hau da, datu gehiago ematen dituzten hitzak dira. Gainera, haien bidez, hobeto jakin dezakegu zer asmo dituzten erabiltzaileek; alegia, bihurketa gehiago eta trafiko handiagoa lor ditzakegu.

http://www.solutum.com/long-tail-seo-conversando-con-google-y-convirtiendo-usuarios/

  1. Aprobetxatu irudien boterea: etiketatu ondo argazkiak eta lortu lagunkoiak izatea.

Testuarekin bezala, gure webguneko irudiekin ere trikimailuak erabil ditzakegu, gure kokapena hobetzeko. Funtsean, irudien pisua optimizatzea da kontua, ahalik eta txikiena izan dadin; esate baterako, irudi-fitxategia aipatu eta haren edukia deskriba dezakegu.

Pisuaren optimizazioa begien bistakoa da; izan ere, zenbat eta pisu handiagoa izan irudiek, orduan eta denbora gehiago behar du nabigatzaileak zure web-orria behar bezala erakusteko. Hori deserosoa izan daiteke zure webgunean sartu nahi duen pertsonarentzat, eta kalte egiten dio kokapenari.

Tresna asko daude oso kalitate gutxi galduta irudiak optimizatzeko, eta haietako asko on line dira (TinyPNG, Compressor.io).

http://omicrono.elespanol.com/2016/03/comprimir-y-optimizar-imagenes-online/

Irudi-fitxategiak izendatzerakoan, alde batera utzi behar ditugu ohiko IMG-0187.jpg izenak eta antzekoak. Komeni da marka-produktua-kolorea.jpg tankerako izenak edo antzekoak erabiltzea, merkaturatzen ditugun produktuak edo zerbitzuak kategorizatzeko; esate baterako, adidas-oinetakoak-running-emakumea.jpg eta informatika-excel-doako-ikastaroak.jpg. Irudiak izendatzean, komeni da ñ letra, ikurrak (beheko marra eta antzekoak) eta zenbakiak ez erabiltzea, besteak beste. Produktu beraren irudi bat baino gehiago erakutsi nahi badira, izenburu bera ez errepikatzeko eta zenbakiak ez erabiltzeko, beste elementu batzuk aipa daitezke, hala nola tailuak eta argazkia hartzeko erabilitako ikuspuntua. Adibidez, ternua-kirol-jertsea-mutila-aurrealdea.jpg.

Gure webean irudi bat sartu nahi badugu, hainbat konfigurazio-aukera daudela ohartuko gara. Haietako bat URL da; ahalik eta helbiderik lagunkoiena izan behar du. Zera esan nahi dugu: www.nirewebgunea.com/product-ID=159Fv eta antzekoak alde batera utzita, aurreko logikari jarraitu behar diogu, eta www.nirewebgunea.com/oinetakoak/ running/emakumea/adidas.jpg eta antzekoak erabili.

Ondoren, gure irudia deskribatzen duen izenburua jarri beharko genuke (emakumeentzako running-oinetakoak), eta “alt” delako ezaugarria ere erabili. Testu alternatibo bat da, irudian sar dezakezuna, hura kargatzeko arazorik badago pantailan erakusteko.

Baina ez da hori ezaugarri horren funtzio bakarra, Googlek irudia “irakurtzeko” eta haren edukia ulertzeko modurik onena baita.

https://support.google.com/webmasters/answer/114016?hl=es

Azken berriak