MERKATARITZA ELEKTRONIKOA: NEGOZIOA AREAGOTZEKO AUKERA BAT

Ia hamarkada batean, merkataritza elektronikoa guztiz finkatu da modalitate komertzial eskuragarri, ekonomiko, azkar, eraginkor eta seguru gisa.

Erakusleiho birtual honi esker, urteko egun guztietan erakuts diezaiokezu produktu bat merkatu globalari. Horrenbestez:

  • Saltoki fisikoen jabeek sukurtsal digitalak ireki dituzte.
  • Ekintzaile askok aukera anitzeko negozioak jarri dituzte martxan.

Eustatek 2017an egindako azken Informazioaren Gizartearen Inkestaren arabera:

  • Euskadiko 41.400 saltokik, hau da, saltoki guztien laurdenek, Internetera hedatu dute beren negozioa.
  • Urte horretan, beren merkataritza-jardueraren zifrek marka guztiak hautsi zituzten: salmenta guztien % 41,4 online egin ziren eta erosketen kasuan, berriz, % 36,2. Termino absolututan, salmentak 17.274,1 milioi eurora heldu ziren eta erosketak 12.758,8 milioi eurora.

Zifra horietatik haratago, merkataritza komertzialak baditu zenbait abantaila:

Banaketa-eremuak eta -kanalak handitzea ahalbidetzen du. Merkataritza elektronikoaren bitartez errazagoa da denda fisiko batekin ia ezinezkoa den lekuetara iristea.

Garraio-kostuak merkatu egin dira. Garraio-enpresek negozio honetan jarri dute fokua eta nabarmen jaitsi dituzte beren banaketa-prezioak. Gainera, long tail efektua sortu da; horrela, produktu eta zerbitzu espezifikoenak eta oso target zehaztua dutenak erakargarriak izan daitezke ekonomikoki, kontsumo orokorrekoak bezainbeste.

Komunikazioak errazak eta arinak dira. Bezeroekiko komunikazio-kanalak berehalakoak dira, ia doakoak, eta harreman arina, erraza eta pertsonalizatua izatea ahalbidetzen dute.

 

Teknologia salmentaren zerbitzura. Digitalizazioak datu pila bat eskaintzen ditu eta horiek estrategia komertzialak hobetzeko balio dute, hala nola merkataritza elektronikoak jasotzen duen bisita bakoitzaren jarraipena egiteko, internautek zer produktu bilatzen dituzten jakiteko, edo orri horretara nola iristen diren edo zein elementu interesatzen zaizkien jakiteko.

Sarbidea gero eta azkarragoa eta zuzenagoa da. Telefono adimendunen hedapenak nabarmen areagotu du gailu horren erabilera erosketa digitalak egiteko orduan; oraindik ere ordenagailua da gehien erabiltzen den gailua, baina mugikorraren gorakadak erosketa oldarkorra errazten du, baita jarduera komertziala ere, edozein unetan eta lekutan.

Online salmentako webgune bati ahalik eta onura gehien ateratzeko oso garrantzitsua da, diseinatu aurretik, haren diseinuari eta ezaugarriei arreta berezia eskaintzea. Merkataritza elektroniko, haren helburu nagusira bideratuta egon behar dute funtzio guztiek, webgunearen bitartez saltzera alegia, eta honako elementu hauetako batzuk hartu behar ditu barne:

  • Produktuen katalogoa. Kategorien arabera egon behar du antolatuta, eta iragazkiak izan behar ditu, baita erosketa errazteko bilatzaile bat ere. Gainera, produktu bakoitzaren xehetasun-fitxa bat txertatu behar da, irudi eta guzti.
  • Rankingak. Taula honetan jasotzen dira gehien saldutako produktuak, berritasunak edo salmenta izarrak.
  • Informazio orokorra. Hori da web-orriko alderdirik garrantzitsuenetako bat, segurtasuna ematen baitu saltzeko orduan. Atal honetan sartu behar dira enpresaren informazioa, erosteko argibideak, itzultzeko politikak, harremanetarako datuak, pribatutasun-politika eta lege-informazioa, baita bidaltzeko eta ordaintzeko moduak ere, besteak beste transferentzia bidezko ordainketa, jasotzean ordaintzekoa, PayPal edo beste ordainketa-plataforma batzuk erabiliz egin daitekeena, eta kreditu- eta zordunketa-txartel bidezkoa, saltokiko terminal (ST) birtual baten bitartez.

Funtzio eta ezaugarri horiek zehaztu ondoren, web-orriaren diseinuan pentsatu behar da.

Hiru aukera orokor daude online denda bat diseinatzeko:

Webguneen programatzaile eta diseinatzaileengana jotzea, neurrira egindako webgune espezifiko eta bereizi bat diseinatzeko. Oso garestia da eta, beraz, korporazio handiek bakarrik erabiltzen dute aukera hori.

Diseinu-plataformak erabiltzea. Online denda bat martxan jartzea ahalbidetzen dute, informatikako ezagutza handiegirik ez izan arren. Honako hauek dira ezagunenetako batzuk:

  • WooCommerce. Irtenbide erraz eta azkarra da online saltoki bat martxan jartzeko. Kudeaketa konplexurik behar ez duten eta hirugarrenekin harremanetan jartzeko beharrik ez duten saltokientzat dago pentsatuta, eta oso erabilerraza da. Gainera, blog batekin osa daiteke; diseinua pertsonalizatzeko aukerak eta dagoeneko diseinatuta dauden txantiloiak eskaintzen ditu.
  • Prestashop. Zalantzarik gabe, gure inguruko saltoki digital gehienek erabiltzen dutena. Aukera asko eskaintzen ditu eta kudeaketa aurreratua egitea ahalbidetzen du zentzu askotan, baita modulu osagarriak txertatzea ere. Aukera ona da WooCommerce eskas geratzen zaien establezimenduentzat.
  • Magento. Guztietan osoena da: gainerakoek baino xehetasun, aukera eta integrazio gehiago eskaintzen ditu, eta honako hau da egokiena nazioko nahiz nazioarteko negozio handientzat. Dena den, hori da guztietan kudeaketarik konplexuena duena.

Marketplace edo «denden dendetara» jotzea. Aukera ezin hobea da banatzaile handien indarraz eta 3.000 milioi kontsumitzaile baino gehiago barne hartzen dituen merkatu potentzialaz baliatzeko, komisio edo hileko kuota baten truke. Halere, ez du norberaren eta lehiakideen produktuak bereizten, eta hori izango litzateke haren oztoporik handiena. Marketplace nagusien artean ditugu, esaterako, Amazon, eBay, Aliexpress, Wallapop, FNAC eta DENDAgo!.

Negozio tradizional batetik online batera egokitzeak dituen konnotazio guztiak azaltzeko, Spri Taldeak e-Commerce: Ikuspegi estrategikoa Interneten saltzeko ikastaroa jarri du martxan. Ikastaroa Internet eta haren erremintak modu sinplean eta doan erabiltzen ikasi nahi duten mikroenpresei eta autonomoei dago bideratuta.

Edonola ere, unibertso digitalean sartzea erabaki duten negozio-eredu ugari daude gure inguruan, horietako bakoitza bere berariazkotasunera egokitutako ezaugarriekin. Horien artean daude Fitness Digital, Orbea bizikleta-enpresa, Arroyabe kontserba-industria eta Atakontu moda-denda.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...