Luzapena ezinbesteko ABEEE-etan eta aldaketak arrazoi objektiboetan oinarritutako ABEEE-etan

2020ko ekainaren 26ko 24/2020 Errege Lege Dekretuak eutsi egin die ezinbesteko Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteei (ABEEE-ei) eta aldaketak egin ditu arrazoi ekonomiko, tekniko, antolaketako edo ekoizpenekoetan oinarritutako espedienteetan.

Hala, 2020ko irailaren 30era arte luzatu ditu ezinbesteko ABEEEak, dekretua kaleratu aurretik eskatu eta 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 22. artikuluaren arabera araututakoak.

Ezinbesteko ABEEEak ekainaren 30era arte luzatu zituen 18/2020 Errege Lege Dekretuak ezarritakoari eutsiz, 24/2020 Legegintzako Errege Dekretuak dio ABEEE baten pean dauden langileak jarduera aurrera eramateko beharrezkoa den neurrian itzuliko direla lanera, eta lanaldi-murrizketa bidezko doikuntzak lehenetsi ditu. Hau da, lanaldi-murrizketek lehentasuna dute kontratu-eteteen aldean.

Enpresek Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa (EEZP) jakinaren gainean jarri behar dute, ABEEEa plantilla osoari aplikatzeari uzten badiote edo aldaketaren bat izan bada (indibiduala edo kolektiboa).

Gainera, arrazoi ekonomiko, tekniko, antolaketako edo ekoizpenekoetan oinarritutako ABEEE-ei, COVID-19aren ondorioz 2020ko ekainaren 27tik irailaren 30era arte ezarritakoei, 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 23. artikulua aplikatuko zaie, negoziazio-prozesua arintzeko. Espediente horiek ezinbesteko ABEEEa indarrean dagoen bitartean has daitezke tramitatzen.

Jarraian, araudi berriaren alderdi nagusiak ikusiko ditugu:

1. Enpresa-kuotak ordaintzeko salbuespena ezinbesteko ABEEE-etan

Enpresa-kuotak ordaintzeko salbuespena ezinbesteko ABEEE osoetan

Otsailaren 29an 50 langile baino gutxiago zituzten enpresek hobariak izango dituzte enpresa-kotizazioetan, baldin eta langile guztien jarduna etetera behartuta badaude:

  • % 70ekoa uztailean
  • % 60koa abuztuan
  • % 35ekoa irailean

Enpresek 50 langile edo gehiago badituzte, berriz, kuota-salbuespena % 50ekoa izango da uztailean, % 40koa abuztuan eta % 25ekoa irailean.

Enpresa-kuotak ordaintzeko salbuespena ezinbesteko ABEEE partzialetan

Plantillari ezinbesteko ABEEEa ezarri ondoren berriro lanean hasi eta ezinbesteko ABEEE partziala indarrean duten enpresen kasuan, % 60ko hobaria izango dute lanera itzuli diren langileen uztaileko, abuztuko eta iraileko enpresa-kuotetan, eta % 35ekoa espedientepean jarraitzen dutenen enpresa-kuotetan (50 langiletik beherako enpresetan).

50 langile edo gehiago dituzten enpresetan hobaria % 40koa izango da lanari berrekin dion langile bakoitzeko, eta % 25ekoa ABEEEaren pean jarraitzen duen langile bakoitzeko.

2. Arrazoi ekonomikoek, teknikoek, antolakuntzakoek eta ekoizpenekoek eragindako ABEEE-etan ere hobariak

Errege Dekretuak ekarri duen berrikuntzarik handienetako bat da, zalantzarik gabe. Orain arte, arrazoi ekonomikoek, teknikoek, antolakuntzakoek eta ekoizpenekoek eragindako ABEEE-etan ez da kuoten salbuespenik egon. Orain, berriz, ezinbesteko ABEEE batetik arrazoi objektiboek eragindako ABEEE batera igarotzen diren enpresek ere kuoten salbuespena izango dute eta ezinbesteko ABEEE partzialetarako finkatutako hobariak eskuratuko dituzte.

50 langile baino gutxiago dituzten enpresetan

  • Lanera itzuli diren langileen enpresa-kuotetan: % 60ko hobaria uztailean, abuztuan eta irailean.
  • ABEEEan jarduna etenda jarraitzen duten langileen enpresa-kuotetan: % 35eko hobaria uztailean, abuztuan eta irailean.

50 langile baino gehiago dituzten enpresetan

  • Lanera itzuli diren langileen enpresa-kuotetan: % 40ko hobaria uztailean, abuztuan eta irailean.
  • ABEEEan jarduna etenda jarraitzen duten langileen enpresa-kuotetan: % 25eko hobaria uztailean, abuztuan eta irailean.

3. Ezinbesteko ABEEEa gaitza berriro agertu izanagatik

Araudiak kontuan hartu du 2020ko uztailaren 1etik aurrera lantokiren batean murrizketa- edo babes-neurri berriak hartzeagatik jarduera eten beharko duten enpresen kasua.

Ezinbesteko ABEEEa onartzen zaienean, enpresa horiek salbuetsita egongo dira Gizarte Segurantzaren kotizazioan enpresaren ekarpena egitetik ere. 2020ko otsailaren 29an enpresak zuen langile-kopuruaren arabera, salbuespena % 80koa izango da 50 langiletik beherako enpresentzat eta % 60koa 50 langileko edo gehiagoko enpresentzat.

4. ABEEE-en mugak

Ezinbesteko ABEEEak eta arrazoi objektiboek eragindakoak indarrean dauden bitartean debekatuta dago aparteko orduak egitea. Era berean, debekatuta dago lanak azpikontratatzea, kontratu berriak hitzartzea (zuzenean zein zeharka), aldi baterako lan-enpresen edo azpikontraten bidez, adibidez.

Nolanahi ere, kontratazio berrien eta lanak azpikontratatzearen debeku horretan salbuespena onartu du Errege Lege Dekretuak: ABEEEaren pean diren pertsonek ezin dituztenean egiteko jakin batzuk burutu, prestakuntzarik ez dutelako, gaituta ez daudelako edo bestelako arrazoi objektibo eta justifikatu batzuk medio.

Azken berriak