Fintech: zer diren eta zertan lagun gaitzaketen

Gero eta sarriago entzuten ditugu fintech delakoari edo enpresa edo aplikazio jakin batzuei buruzkoak –PayPal edo Fintonic, kasu–, finantza-munduan tokia hartzen ari baitira. Artikulu honetan azalduko dugu zer diren eta, norbere finantzak modu eraginkorragoan gestionatze aldera, nola erabil daitezkeen.

Fintech hitza ingelesezko Finance eta Technology berben lehen silaben arteko batuketa da, eta teknologia baliatuz produktuak eta finantza-zerbitzu berritzaileak eskaintzen dituzten enpresak izendatzen ditu. Eskaintza horren barruan daude, besteak beste, banku digitala, linea bidezko kredituak edo ordainketak, eta sarean dibisak trukatzea.
Teknologia-industria finantza-zerbitzuetara iristean milaka enpresa berri sortu dira, plataforma teknologikoen bidez produktu edo zerbitzu sorta zabala eskaintzen dutenak, bai partikularrei, bai beste enpresa batzuei. Era berean, betiko bankuen arteko lankidetzak eta aliantzak ahalbidetu dituzte, eta erronka berriak plazaratu eta lehiakide berriak ekarri dituzte finantza sektorera.

Fintech sektoreak dagoeneko ehundik gora enpresa biltzen ditu Espainian, eta munduan ia 20.000 milioi euro inbertitu ziren 2015ean arloko enpresetan. Hala ere, bankuek pisu gutxi izan dute orain arte sektorean. Alabaina, finantza-erakundeak, teknologiak dakartzan aldaketen jakitun, hasi dira enpresa horietan inbertitzen edo horiekin elkarlanean (edo beren aplikazioak garatzen erraldoi teknologikoekin lehiatzeko); izan ere, Google, Apple eta Microsoft mugikorrarekin ordaintzeko aplikazioak kaleratzen ari dira, bestelako finantza-zerbitzu batzuez gain.
Laboral Kutxak bere online banka mugikorreko aplikazioa du eta, gainera, partaide edo lankide da hainbat ekimenetan, Bizum edo Fintonic zerbitzuetan, esaterako.

Bizum

27 finantza-erakundek (horien artean Laboral Kutxak) bat egin dute erabiltzaileen arteko ordainketa-zerbitzu berria sortzeko. Mugikor bidezko ordainketa izango da. Bizum deituko den plataforma urrian jarri nahi dute abian. Erabiltzaileen artean ordainketa txikiak egiteko aukera eskainiko du, nahiz eta bezeroak banku berekoak ez izan, eta saltoki elektronikoetan eta fisikoetan mugikorraren bidez ordaintzeko balioko du.

BIZUM

Eragiketak egiteko modua Whatsapp bidez mezua bidaltzearen antzekoa izango da. Ordainketa txikietarako beste app batzuek txartelen teknologia dute oinarri, baina honen funtzionamendua transferentziak egitearekin pareka daiteke; hori bai, onuradunaren kontu-zenbakia jakin beharrik ez dago. Aplikazioa ez da kargatu behar, telefono mugikorra norbere kontuari lotuta egongo baita. Izan ere, Bizun ez da appa, bezeroak bere bankuaren bidez izena eman behar du zerbitzuan, bere banku-kontua telefono mugikorraren zenbakiarekin lotu dezaten.

Fintonic

Fintonic zerbitzuaren helburua bezeroek aurreztea da, eta horretarako, gure banku-kontuak eta kreditu-txartelak konektatzeko aukera (Laboral Kutxarekin funtzionatzen du) eskaintzen du, pauso gutxi batzuk emanda. Hortik aurrera zerbitzua bera arduratuko da gastuei eta diru-sarrerei buruzko informazio guztia konbinatu eta aztertzeaz.
Web – App horrek kontuen eta txartelen informazioa jasotzen du bakarrik, ezin du mugimendurik egin, ez ordainketarik, ez bestelako eragiketarik ere. Fintonic ez da gure bankuaren aplikazioaren edo webaren ordezkoa; gastuen eta diru-sarreren berri jaso, horiek antolatu, sailkatu eta etiketatzen ditu, besterik ez.

Fintonic oso erabilgarria da gure ekonomia osoa begiratu batean eta toki bakarrean ikusteko; eta gaikako antolaketari esker, txostenak, grafikoak eta estatistikak sortzen ditu, jakin dezagun zertan gastatzen dugun gehien eta non gastatu beharko genukeen gutxiago. Gainera, oharra helaraziko digu zorpekoa badugu, komisioak kobratu badizkigute eta nomina edo beste diru-sarreraren bat iristean.

Gastuen ikuspegi osoa duenez, Fintonicek bestelako zerbitzuak gomendatuko dizkigu, aurrez dezagun, eta aholkuak emango dizkigu hainbat kategoriatan gutxiago gasta dezagun.

5 fintech irtenbide enpresa-jardueraren hainbat arlotarako

1. Bestelako inbertsioa eta finantzaketa – CrowdCube

Crowdcube plataforma liderra da Europan Crowdequity metodoan. Bestelako metodo horren bidez, inbertitzaile txikiek eta profesionalek aukera dute hazteko potentziala duten enpresetan modu gardenean inbertitzeko, plataforma teknologikoaren bitartez. Orain arte inbertitzaile profesionalen eta erakundeetakoen esparru izan diren enpresetan inbertitzeko aukera eskaintzen dio edonori. Era berean, ohiko finantzaketa lortzeko zailtasunak izan ditzaketen proiektuen kasuan, finantzabide berriak jartzen dizkie eskura enpresei.

Crowdcubek Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren baimena du partaidetzazko finantzaketako plataforma gisa aritzeko.

2. Dibisazko ordainketak – The PayPro

The PayPro lineako plataformaren bidez, profesionalek eta enpresa txikiek ordainketak egin ditzakete estatu batetik bestera Europako Esparru Ekonomikoaren barruan (25 estatu); eta horrela, merkatuan aplikatzen diren batez besteko komisioen aldean kostuak aurrez ditzakete.

3. Online erosketak – Stripe

Enpresa asko kexu dira, oraindik ere, beren online ordainketa-pasabidea garestiegia (batez ere dibisa-aldaketa badago) edo teknikoki zailegia delako. Komisioen gaia konponbide zailekoa bada ere, lineako ordainketetako fintechen artean arrakasta handia izaten ari da Stripe, teknikoki erraza baita. Espainian beta fasean dago oraindik.

4. Fakturen ordainketa aurreratua – Finanzarel

Fakturen kobrantzak epealdika negoziatzen dituzten enpresentzat, fakturak aurreratzea konponbidea izan daiteke kutxa-arazoen aurrean. Horrelako kasuetan, fakturak aurreratzea konponbide egokia da. Badira fintech enpresak, Finanzarel, kasu, fakturen eta ordaindukoen enkantea egiten dutenak inbertitzaile profesionalen artean, modu horretan ahalik eta prezio gorenak lortzeko, banku-arriskua kontsumitu gabe, balantzetik kanpoko finantzaketa baita.

5. Negozioaren gestioa – Caja Square

Caja Square delakoa kutxa erregistratzailearen eta saltokiko terminalaren arteko hibridoa da, tabletan edo smartphonean instala daitekeena. Oraingoz, arlo horretan oinarrizko beharrak dituzten saltoki txikiei edo profesionalei bideratuta dago.

Behera kargatzea doakoa da eta txartel bidezko eta eskudiruzko ordainketak onartzeko prestatuta dago. Saltzaileak azkar eta erraz sar dezake bere produktuen zerrenda bertan, eta eguneratuta izan dezake beti.
Aplikazioak eskaintzen dituen konponbideen artean oso interesgarria da saltokiko salmentak osotasunean kontrolatzea ahalbidetzen duen sistema analitikoa. Sistema hori unean bertan kontsulta daiteke Interneterako sarbidea duen edozein ekipamendutatik, eta salmenten jarraipena egiteko informazio oso erabilgarria eskaintzen du.

 

Azken berriak