Lanbidek laguntza berrien deialdia egin du mikroenpresek eta autonomoek egindako inbertsioetarako

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoan «Berrorekarako eta ekitaterako lurralde-proiektu berriak. Ekintzailetza eta mikroenpresak» programa finantzatzeko laguntzen deialdia argitaratu du. Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan biltzen dira laguntzak.

Eskaerak egiteko epea otsailaren 14an hasiko da. Eskabideak aurkezpen-ordenaren arabera aztertuko dira, eta laguntzak hurrenkera berean emango zaizkie deialdi honetan aurreikusitako baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte.

Bi dirulaguntza-lerro ezarri dira: bata, eraldaketa ekologikora bideratutako inbertsioak egin dituzten enpresetan enpleguari eusteko dirulaguntzak emateko, eta, bestea, eraldaketa digitalera bideratutako inbertsioak egin dituzten enpresetan enpleguari eusteko dirulaguntzak emateko.

Nor izan daitezke onuradun?

Honako hauek izan daitezke dirulaguntzaren onuradun: mikroenpresak, horien forma juridikoa edozein dela ere, ondasun-erkidegoak eta sozietate zibilak barne, kooperatibak eta lan-sozietateak, norberaren konturako langileak edo autonomoak (banakako enpresariak), baldin eta jarduera eta gutxienez lantoki bat Euskal Autonomia Erkidegoan badute, soldatapeko hamar langile baino gutxiago badituzte edo, hala badagokio, bazkide langileak edo lan-bazkideak badituzte, eta bi milioi eurotik gorakoa ez den negozio-bolumena.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzen onuradun izateko, mikroenpresek eta autonomoek beren trantsizio ekologiko edo digitalerako inbertsioak egin eta ordaindu dituztela frogatu beharko dute. 2021eko urtarrilaren 1etik dirulaguntzaren eskabidea aurkezten den egunera bitartean egin behar dituzte inbertsioak, honako kontzeptu hauetakoren batean:

Trantsizio digitalerako inbertsioen kasuan

  • Ekipo informatikoak, aplikazio informatikoak eta softwarea.
  • Hari gabeko konektibitatea hedatzeko edo hobetzeko inbertsioak.
  • Enpresaren digitalizazioan aurrera egiteko soluzio teknologikoak ezartzea: hodeian biltegiratzea, kobrantza eta ordainketa segurua, negozioaren kudeaketa integrala (bezeroak, hornitzaileak eta abar), Big Data prozesuetan oinarritutako soluzio aurreratuak, bezeroaren esperientziarekin loturiko soluzio teknologikoak (errealitate areagotua, errealitate birtuala, murgiltze errealitatea…), fakturazio elektronikoko soluzioak (TicketBAI-TBAI sistemarako fakturazio-softwarea barne), bezeroentzako zerbitzuen kudeaketa, saltokiko terminalak eta kodetze-sistemak, produktuen irakurketa optikoa eta abar.
  • Merkaturatze-sistemak abian jartzeko edo hobetzeko sortu, garatu eta ezarritakoak (web-orria garatzea, online salmenta –ecommerce, scommerce, mcommerce eta antzekoak–).

Trantsizio ekologikorako inbertsioen kasuan

Energia aurrezteko edo eraginkortasunez erabiltzeko neurriak ezartzeko obrak eta instalazioak.

  • Energia ez-kutsatzaile eta berriztagarriak instalatzea.
  • Jarduerara bideratutako ekipamendu energetikoki eraginkorra, betiere energia-efizientzia handiaren etiketa badute (Ahhh, Ahh eta Ah, edo baliokideak).
  • Girotze-ekipoak, baldin eta energia-efizientzia handiaren etiketa badute (Ahhh, Ahh eta Ah, edo baliokideak).
  • Ingurumen-ziurtagiriak (EMAS, ISO14001, ISO 14006, UNE 150301, etiketa berdea, etab.), eta hemen sartuko da egindako ezarpenaren inbertsioa.
  • Zuzenean eta esklusiboki enpresa- edo lanbide-jarduerari lotutako garraio-elementu elektrikoak edo hibrido entxufagarriak; elektrizitatea kargatzeko puntuak.
  • Ekonomia zirkularreko soluzioak, enpresaren jasangarritasunean aurrera egiteko: oro har kontsumoak murrizten dituztenak, eta bereziki lehengai eta energiarenak; sortutako hondakinak murrizten dituztenak; berrerabilera areagotzen dutenak; uraren erabileraren efizientzia hobetzen dutenak eta berotegi-efektuko gasen isuriak murrizten dituztenak. Produktuaren diseinu- eta enbalaje-prozesu alternatiboak ahalbidetzen dituzten eta hortaz, hondakinen sorrera ezabatu edo murrizten duten soluzioak.
  • Biodibertsitatea leheneratzeko proiektuak ezartzea, jarduera ekonomikoarekin lotutakoak.

Dirulaguntza eskuratu ahal izateko, egindako inbertsioak 600 eurokoak izango dira gutxienez, BEZik gabe, bi dirulaguntza lerroetako batean, trantsizio ekologikorako inbertsioetan edo trantsizio digitalerako inbertsioetan. Gutxieneko zenbateko horretara iristeko, lerro bereko hainbat inbertsio-kontzepturen kostua batu ahal izango da.

Enpresari indibidual edo enpresa bakoitzak bi dirulaguntza-lerroetako batekin loturiko dirulaguntza bakar bat eskuratu ahalko du.

Xedea eta eskakizunak

Deialdi honetan aurreikusitako bi dirulaguntza-lerroen helburua enpleguari eustea da; hau da, dirulaguntza eskatzeko unean enpresa onuradunek kontratatuta dituzten besteren konturako langileen kopuruari eustea, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik sei hilabeteko epean.

Soldatapeko langilerik ez duten norberaren konturako langileen eta kooperatiba eta lan-sozietateen kasuan, aldi berean eutsi beharko diote jarduerari eta langile autonomoaren edo bazkide langilearen edo lan-bazkidearen izaerari, hurrenez hurren.

Ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek denbora-tarte berean eutsi beharko diote bertan lan egiten duten bazkideen egoerari, eta, hala badagokio, kontratatutako besteren konturako langileen enpleguari eutsi.

Enpleguari eusteko baldintza ez da urratutzat joko lan-harremana arrazoi hauengatik eteten bada: arrazoi objektiboengatik edo kaleratzeagatik, baldin eta arrazoi horiek bidegabetzat jo ez badira, erretiroagatik, dimisioagatik, heriotzagatik, ezintasun iraunkor osoagatik, absolutuagatik edo baliaezintasun handiagatik; aldi baterako kontratuen kasuan, prestakuntzakoak barne, kontratua azkentzen bada hitzartutako denbora amaitzeagatik edo haren xedea den obra edo zerbitzua burutzeagatik, eta, aldizkako langile finkoen kasuan, jardueraren sasoia amaitzen edo eteten denean.

Dirulaguntzaren zenbatekoa

Laguntzaren zenbatekoa 5.000 eurokoa da mikroenpresa edo autonomo enpresari indibidual onuradun bakoitzeko.

Eskaera egiteko epea

Eskabideak aurkezteko epea 2022ko otsailaren 14tik 2023ko maiatzaren 31ra artekoa izango da.

Aurkezten diren ordenan aztertuko dira laguntza honetarako eskabideak, eta dirulaguntzak ordena berean emango zaizkie deialdi honetan aurreikusitako baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak agortu arte.

Azken berriak