Lan-erreforma: aldi baterako langileak finko bihurtzeko epeak

Lan-erreforma berriak aldaketa garrantzitsuak sartu ditu autonomoek eta enpresek erabili ahal dituzten kontratazio-modalitateetan. Lehenik eta behin, 2022ko martxoaren 30etik aurrera, ez da egongo obra edo zerbitzuko kontraturik, ezta behin-behineko kontraturik ere. Gaur egun Espainian aldi baterako lau milioi langile daudela kalkulatzen da, eta gehienak modalitate horietan daude kontratatuta.

Hala, martxoaren 30etik aurrera, ordezte-kontratuaren modalitatea egongo da, eta soilik erabili ahal izango da langile finkoak ordezteko egoera puntualetan, hala nola, oporretan edo amatasun-bajan daudenean. Horrez gainera, behin-behineko beste kontratu-modalitate bat sortuko da, ekoizpen-gorabeheren ondoriozko kontratua, zeinak bi aldaera izango baititu. Halako kontratuak egiteko arrazoiak askoz mugatuagoak dira eta denbora gutxiagoan luzatu ahal dira lehenak baino.

Hori dela eta, pentsatzekoa da kaleratzea garestitu egingo dela, enplegatzaileek nahitaez erabili beharko dituzten modalitateek —adibidez, kontratu mugagabeek edo aldizkako finkoek— lan egindako urte bakoitzeko zortzi egun gehiagoko kalte-ordaina baitute, langilea kaleratuz gero.

Zer epe dute enplegatzaileek behin-behineko kontratuak eta obra eta zerbitzuko kontratuak aldatzeko?

Martxoaren 30etik aurrera, ezin izango da egin obra edo zerbitzuko kontraturik, ezta behin-behineko kontraturik ere.  Hala ere, data hori baino lehen aukera zegoen halakoak egiteko, eta, beraz, bi egoera egon daitezke:

  • Abenduaren 31 baino lehen aldi baterako kontratu-modalitateetako bat —behin-behinekoa edo obra eta zerbitzukoa— formalizatuta izatea.
  • Aldi iragankorrean egitea (urtarrilaren 1etik martxoaren 30era bitartean)

Kontuan hartuta noiz egin zen kontratua, urtea amaitu baino lehen egin bazen edo urtarrilaren 1etik martxoaren 30era bitartean, kontratuen iraupena ezberdina izan ahalko da, eta epe ezberdina izango dute enplegatuaren kontratua egokitzeko.

1. Abenduaren 31 baino lehen egindako obra eta zerbitzuko kontratuak eta behin-behineko kontratuak

Abenduaren 31 baino lehen egindako obra edo zerbitzuko aldi baterako kontratuen kasuan, aurreko araudia aplikatu beharko da. Ondorioz, indarrean jarraituko dute hiru urtez, gehienez, edo lau urtez, hitzarmen kolektiboaren bidez luzatu badira.

Abenduaren 31 baino lehen sinatutako behin-behineko kontratuen kasuan, araudi zaharrak ezarritako gehieneko iraupena agortu ahal izango dute ere, hau da, 6 hilabetez luzatu ahal izango dira gehienez, edo 12 hilabetez, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboaren ondorioz luzatu badira.

2. 2022ko urtarrilaren 1etik martxoaren 30era bitartean egindako obra eta zerbitzuko kontratuak edo behin-behineko kontratuak

2022ko urtarrilaren 1etik martxoaren 30era bitartean sinatutako aldi baterako obra edo zerbitzuko kontratuak sei hilabetekoak izango dira gehienez, lan-erreformaren laugarren xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera.

Halaber, arau berriak ezartzen du 2021eko abenduaren 31tik 2022ko martxoaren 30era bitartean egindako merkatu-gorabeheren ondoriozko, zeregin-pilaketen ondoriozko edo gehiegizko eskaeraren ondoriozko behin-behineko kontratuetan ere araudi berria aplikatuko dela eta sei hilabete iraungo dutela gehienez.

Horrenbestez, epe horien arabera, enplegatzaileak hiru egoera izan ditzake:

  • Urtarrilaren 1etik martxoaren 30era bitartean obra edo zerbitzuko kontratu bat edo behin-behineko kontratu bat sinatu izana. Kasu bietan, sinatu eta sei hilabetera amaituko da kontratua, hau da, irailaren 30ean beranduenez.
  • Abenduaren 31 baino lehen obra edo zerbitzuko kontratu bat sinatu izana. Kasu horretan, 2025ean amaituko da kontratua beranduenez.
  • Abenduaren 31 baino lehen behin-behineko kontratu bat sinatu izana. Kasu horretan, sei hilabetera edo hamabi hilabetera deuseztatu beharko du kontratua, hau da, 2022ko abenduaren 31n beranduenez.

Aldi baterako kontratu gehienak aldizkako finko edo mugagabe bihurtu beharko dira.

Hiru egoera horietako edozeinetan, autonomoek bi aukera izango dituzte: langile horiek ez kontratatzea edo aldizkako finko edo mugagabe bihurtzea. Izan ere, badirudi martxotik aurrera aldi baterako kontratuak formalizatzeko aukerak mugatuagoak izango direla.

Kostuetan izango dituen ondorioak

Aurrekoaren ondorioz, garestitu egingo da kaleratzea, aldizkako kontratu finkoetan eta kontratu mugagabeetan 20 egunekoa baita kaleratze objektiboaren ondoriozko kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko; behin-behineko kontratuetan, berriz, 12 egunekoa da. Hau da, 1.500 euroko soldata duen langile bati, kaleratzen badute, 400 euro gehiago ordaindu beharko dizkiote lan egindako urte bakoitzeko.

Laburbilduz

Labur esanda, lehen behin-behineko kontratua eta obra eta zerbitzuko kontratua zeuden. Behin-behinekoa egiteko, gehiegizko eskaera edo zeregin-pilaketa egon behar zen. Egoera horiek ustekabekoak izan behar ziren eta ezinezkoa izan behar zen uneko plantillarekin betetzea. Obra edo zerbitzuko kontratua egiteko, amaiera-data zehazteko aukerarik ematen ez zuten lanak egon behar ziren, eta autonomia eta izaera propioa izan behar zuten lan horiek. Kontratu horiek gehieneko iraupena, hurrenez hurren, sei hilabetekoa zen, hamabira luzatzeko aukerarekin, eta hiru urtekoa, laura luzatzeko aukerarekin.
Orain, erreformaren ondorioz, martxotik aurrera, ekoizpen-gorabeheren ondoriozko kontratu bat egongo da. Gorabehera horiek aurrez ikusteko modukoak edo aurretik ikusi ezin direnak izan daitezke. Hau da, autonomoak edo enpresak eskaeran ustekabeko goraldi bat badu, lehenago errepikatu ez dena eta puntuala dena, ekoizpen-gorabeheren ondoriozko kontratu bat sinatu ahal izango du, sei hilabeterako, hamabira luzatzeko aukerarekin. Baina egoera berezia izan behar da; izan ere, gertaera puntual hori berriro gertatuz gero, kontratu finko bat edo aldizkako finko bat egitera behartuta egongo baita.
Aurreikusteko moduko egoera bat bada ere egin daiteke ekoizpen-gorabeheren ondoriozko kontratua, baina, kasu horretan, urtean 90 egunerako baino ez, kontratua egiten duen autonomo edo enpresa bakoitzeko.  
Hots, hemendik aurrera, ia beti egin beharko dira kontratu finkoak edo mugagabeak, aldi baterako kontratuak inguruabar oso puntualetarako izango baitira.
Izan ere, kontrataziorako eskema berriaren planteamendua ikusita, Espainian, aldi baterako kontratu berria aldizkako kontratu finkoa izango da azkenean. Haren bidez, autonomoak edo enpresak langileak izan ditzake inguruabar puntualetarako, betiere behin eta berriro kontratatzen baditu. Lehen, halako kontratuak urtaroko edo sasoiko lanetarako baino ez zen erabiltzen, eta, orain, berriz, edozein motatako lanetara zabaldu da erabilera hori, betiere, araudian ezarritakoaren arabera, lana etenkakoa bada eta lan egiteko epe jakinak badaude, zehaztuak edo zehaztugabeak.

Azken berriak