LAN-ARLOKO LEGEZKO AUKERAK ENPRESENTZAT ETA AUTONOMOENTZAT KORONABIRUSA DELA ETA

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, COVID-19a dela eta alarma-egoera ezartzen duenak, pertsonen zirkulazio-askatasuna mugatu du, baita jarduera ugari ere, besteak beste, eremu hauetan: merkataritza, kultura-ekipamenduak, aisialdirako establezimendu eta jardunak, ostalaritza eta jatetxeak, eta abar. Era berean, mugapenaren harira, lan-arloko zenbait neurri onartu ditu. Izan ere, mugapenak jarduera etetera behartu ditu sektore horietako enpresak eta profesionalak, eta debekuan jasota ez dauden beste askok telelanean aritu beharra du.

Labur adierazita, honako hauek dira enpresek eta profesionalek dituzten aukera nagusiak
1 Ahal izanez gero, TELELANA gomendatzen da.
2 BAIMENA, ORDAINDUTAKOA EDO ORDAINDU GABEA: ordaindu gabeko baimenaren kasuan, langileak berak eskatu behar du; enpresan alta emanda jarraituko du, eta gutxieneko kotizazio-oinarria kotizatu beharrari eusten zaio.
3 ORDU-POLTSA: langilearekin edo enpresa-mailan adostuta, langileak konpromisoa du egin gabe gelditu diren lanorduak beste uneren batean betetzeko.
4 OPOR-EGUNAK HARTZEA: arazoak sor litezke joan-etorriak mugatuta badaude.
5 EGUTEGIKO EGUNAK GAINDITZEAGATIKO LANEGUNAK erabiltzea (hitzarmen kolektiboan finkatutako lanaldiari gehitutako orduak konpentsatzeko atsedenaldia): kasu horretan, langileen legezko ordezkaritzaren adostasuna beharko da, edo, bestela, langileena.
6 LAN-KONTRATUA ADOSTASUNEZ ETETEA: lan egiteko eta lana ordaintzeko betebeharra etetea berrogeialdiak iraun bitartean. Arau orokor gisa, kotizatzeko betebeharrik ere ez da egongo.
7 12 URTETIK BEHERAKO SEME-ALABAK EDO MENDEKOTASUNA DUTEN PERTSONAK ZAINTZEKO ESZEDENTZIAK EDO LANALDI-MURRIZKETAK. Kasu horietan soldata jasotzeari utziko bazaio ere, aldi hori kotizatutzat joko da prestazio gehienen ondoreetarako, eta murrizketaren kasuan, % 100eko lanaldia hartuko da kontuan.
8 LANALDIA EGOKITZEA (TXANDAK JARTZEA, ORDUTEGIA ALDATZEA ETA ABAR), langilearekin ados jarrita edo langilearen eskariz, Langileen Estatutuaren 34.8. artikuluaren babesean.
9 ALDI BATERAKO ENPLEGU-ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEAK, ezinbesteko kasua dela medio edo, bestela, ekoizpen- eta antolakuntza-arrazoiak direla eta.

Nolanahi ere, enpresa guztiak ez daude prestatuta langileek etxetik lan egiteko (dena den, administrazioak abian jartzen ari dira aukera hori baliatzeko ekimenak), edo, zuzenean, nahitaezko itxieraren ondorioz ez dute langileen lan-indarrik behar.

Horregatik, 8/2020 Errege Lege Dekretuan jasota dagoenez, ezinbesteko egoeretan —koronabirusa kutsatzea prebenitzeko neurriek eragindakoan, kasu—telelana ezinezkoa bada edo enpresaren jarduerari ezin bazaio normaltasunez eutsi, enpresek, autonomoek eta langileek legezko zenbait aukera dituzte enpleguari eusteko, eta, aldi berean, soldata- eta gizarte-kostuak gutxitu edo kentzeko.

Autonomoentzako neurriak

JARDUERA UZTEAGATIKO EZOHIKO PRESTAZIOA, COVID-19A DELA ETA SORTUTAKO OSASUN-KRISIA KUDEATZEKO DEKLARATU DEN ALARMA-EGOERAK KALTETUTAKO AUTONOMOENTZAT

Salbuespen gisa, eta alarma-egoera ezartzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua indarrean sartzen denetik hilabeteko indarraldi mugatuarekin —edo alarma-egoera hori amaitzen den hilabeteko azken egunera arte, hilabete baino gehiago luzatzen bada—, norberaren konturako langileek edo autonomoek jarduera uzteagatiko ezohiko prestazioa jasotzeko eskubidea izango dute, baldin eta haien jarduera etenda gelditu bada aipatutako Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, edo, bestela, prestazioa eskatu aurreko hilabeteko fakturazioa % 75 murriztu bada gutxienez, aurreko seihilekoko batez besteko fakturazioarekin alderatuta.

[INFORMAZIO ZEHATZA ARTIKULU HONETAN: JARDUERA UZTEAGATIKO EZOHIKO PRESTAZIOA LANGILE AUTONOMOENTZAT]

Enpresen eta autonomoen ardurapeko besteren konturako langileentzako neurriak

1. ORDUTEGIA EGOKIZEKO ETA LANALDIA MURRIZTEKO ESKUBIDEA

Covid-19aren transmisioa saihesteko beharrezkoak diren jarduerekin lotutako aparteko egoeretan, lanaldia egokitu eta/edo murrizteko eskubidea izango dute zaintza-betebeharrak egiaztatzen dituzten besteren konturako langileek, betiere, ezkontidea edo izatezko bikotekidea edota odolkidetasuneko bigarren mailara arteko senitartekoak zaindu beharra duten kasuetan.

Aipatutako aparteko egoeratzat hartuko dira:

  • Adierazitako pertsonaren baten ondoan egon behar badu langileak, hari arreta emateko, pertsona horrek adinagatik, gaixotasunagatik edo desgaitasunagatik zaintza pertsonal eta zuzenekoa behar badu COVID-19 gaixotasunaren ondorioz.
  • COVID-19a dela eta agintariek hartutako erabakien ondorioz itxi egin badituzte zaintza behar duen pertsonari arreta eskaintzen zioten ikastetxeak edo bestelako zentroak.
  • Langilearen ezkontidea edo bigarren mailara arteko senitartekoa zaintzeaz arduratu ohi den pertsonak zeregin horrekin jarraitu ezin badu COVID-19arekin lotutako arrazoi justifikagarrien ondorioz.

A) Lanaldia egokitzea

  • Langileak lanaldia egokitzeko eskubidea du, COVID-19arekin lotutako ezohiko egoeretan zaintza-betebeharrez arduratzeko, eta berak gauzatu behar du eskubidea hasieran, irismenari zein edukiari dagokienez. Langileak eman behar duen zaintzaren nondik norakoak —behar bezala akreditatuak— eta enpresaren antolaketa-beharrak kontuan hartuta, lanaldiaren egokitzapenak justifikatua, arrazoizkoa eta neurrizkoa izan beharko du.
  • Enpresak eta langileak eginahalak egin beharko dituzte ados jartzeko.
  • Lanaldia egokitzeko eskubideak lan-denbora banatzea edo lan-baldintzen beste alderdiren bat egokitzea ahalbidetuko du: lan-txanda aldatzea, ordutegia aldatzea, ordutegi malgua, lanaldi zatitua edo jarraia, lantokia aldaketa, zereginak aldatzea, lana beste modu batera egitea (urrutitik lan egiteko aukera barne hartuta), eta bestelako baldintza-aldaketa batzuk, baldin eta enpresan eskuragarri badaude edo modu arrazoituan eta neurrizkoan ezar badaitezke, aurreikusitako neurrien behin-behinekotasuna eta ezohikotasuna kontuan hartuta.

B) Lanaldi-murrizketa berezia Langileen Estatutuaren 37.6. eta 37.7. artikuluetan aurreikusita dauden egoeretan

Hamabi urtetik beherako adingaberen bat edo desgaitasuna duen pertsonaren bat zuzenean zaindu behar duen langileak eguneko lanaldia murrizteko eskubidea izango du.

Eskubide bera izango du senitarteko bat —odol- edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailakoa gehienez— zuzenean zaintzeaz arduratu behar duen langileak, senitarteko horrek ezin badu bere burua zaindu adinagatik, istripuatik edo gaixotasunagatik.

Honako baldintza hauek bete beharko dira:

  • COVID-19aren ondoriozko aparteko egoerak.
  • Soldata era proportzionalean murriztuko
  • Lanaldi-murrizketa berezia 24 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio enpresari.
  • Beharrezkoa balitz, lanaldiaren % 100ekoa izan liteke. Kasu horretan, langilearen eskubideak justifikatua, arrazoizkoa eta neurrizkoa izan beharko du, enpresaren egoera kontuan hartuta.
  • Langileak lanaldia lehendik egokituta badu lan-bizitza eta familia bateragarri egiteko, edo murriztuta seme-alabak edo senitartekoak zaintzeko, neurri horiei behin behinean uko egin diezaieke, edo terminoak aldatzeko eskubidea izango du, betiere, aurreikusitako aparteko egoeretan.

2. KONTRATUAK ETETEA ETA LANALDIA MURRIZTEA EZINBESTEKO KASUAN. EZINBESTEKO KASUAREN ONDOZIOZKO ALDI BATERAKO ENPLEGU-ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEA (ABEEE).

COVID-19aren —eta alarma-egoeraren adierazpenaren— ondoriozko jarduera-galerek zuzenean eragin dituzten kontratu-eteteak eta lanaldi-murrizketak ezinbesteko egoeraren ondoriotzat joko dira, jarduera-galerek honako egoera hauek sorrarazten badituzte: jarduerak etetea edo bertan behera uztea; jendearentzako irekita zeuden lokalak aldi baterako ixtea; garraio publikoa eta, orokorrean, pertsonen eta/edo salgaien mugikortasuna murriztea; jarduera normaltasunez aurrera eramatea galarazten duen hornidura-falta; eta larrialdi-egoerak eta ezohikoak gertatzen badira plantilla kutsatu izanagatik edo osasun-agintaritzak agindutako prebentziozko isolamendu-neurriengatik. Egoera horiek behar bezala egiaztatu beharko dira.

Ezinbesteko kasutzat jotzeak ondorio bikoitza du:

  • ABEEE-ek eragindako langileei dagokienez, Lan Ministerioak baldintzak malgutu ditu, eta, orain arte exijitzen zen gutxieneko aldia kotizatu ez badute ere, langabezia-prestazioa kobratzeko eskubidea izango dute. Bestalde, prestazioa jasotzen ematen duten denbora ez zaie etorkizuneko langabezia-aldiei kenduko.
  • Ezinbesteko ABEEEaren eskaera onartzen bazaie, enpresek eta enpresariek ez diote Gizarte Segurantzari kotizaziorik ordaindu beharko, baldin eta 50 langile baino gutxiago badituzte.

[INFORMAZIO ZEHATZA ARTIKULU HONETAN: EZINBESTEKO ABEEE-EN ALDERDI NAGUSIAK: ZER DEN]

3. ARRAZOI EKONOMIKOEK, TEKNIKOEK, ANTOLAKUNTZAKOEK ETA EKOIZPENEKOEK ERAGINDAKO ETENAK ETA LANALDI-MURRIZKETAK. ARRAZOI EKONOMIKOEK, TEKNIKOEK, ANTOLAKUNTZAKOEK ETA EKOIZPENEKOEK ERAGINDAKO ALDI BATERAKO ENPLEGU-ERREGULAZIOKO ESPEDIENTEA (ABEEE).

Kasu horretan ere prozedura erraztu egin da, baina ezinbesteko kasuan baino konplexuagoa eta luzeagoa da, eta kostua du enpresarentzat, ez baitago salbuetsita gizarte-segurantzako kotizazioak ordaintzetik.

 

 

 

 

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....