Laguntza berriak eta lan-jarduera uzteagatiko prestazioaren luzapena langile autonomoentzat

Alarma-egoeraren amaierarekin batera lan-jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa ekainaren 30ean amaitu ondoren, beste babes-neurri batzuk onartu dira beren lan-jardueran COVID-19aren eragina jasan duten langile autonomoentzat.

2020ko ekainaren 26ko 24/2020 Legegintzako Errege Dekretuak 3 neurri berri xedatu ditu uztailaren 1etik irailaren 30era bitartean lan-jarduera utzi behar izango dutenentzat:

  • Batetik, jarduera uzteagatiko aparteko prestazio-laguntzak (ohikoen antzekoak) luzatzea 2020ko hirugarren hiruhilekoan diru-sarreretan murrizketa handiak izan dituzten langileentzat. Prestazio hori jaso nahi dutenek mutualitatean eskatu beharko dute berriro.
  • Bestetik, Gizarte Segurantzako kuoten salbuespena automatikoki luzatzea, fakturazioan hain jaitsiera handiak izan ez arren jarduera uzteagatiko egungo aparteko prestazioa jaso dutenentzat.  Hau da, ez da inolako tramiterik egin behar izango salbuespen horretaz baliatzeko.
  • Azkenik, «sasoiko» autonomoak babesteko prestazioa abian jartzea. Sasoikotasuna dela eta, alarma-egoera ezarri zenean alta emanda ez egoteagatik hilabete horietan jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa jasotzerik izan ez duten langile autonomoei emango zaie.

Ondoko azalpen-koadroan, prestazioak laburbilduta ikusiko ditugu:

Artikulu honetan xehetasunak emango ditugun arren, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak argitaratutako gidaliburuan laguntza berrien inguruko zalantza nagusien erantzunak aurkituko dituzu.

1. Autonomoen kuotaren salbuespena

Ekainaren 30era arte jarduera uzteagatiko prestazioa (Gizarte Segurantzako kuotaren salbuespenarekin bateragarria) eskuratu duten norberaren konturako langileek hobari hauek jaso ditzakete:

  • Uztaileko kuotaren % 100
  • Abuztuko kuotaren % 50
  • Iraileko kuotaren % 25

Halere, hobari berri horiek ez dira bateragarriak jarduera eteteagatiko prestazioarekin denbora-tarte berean. Hau da, gaur egun jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa jasotzen ari diren autonomoek eskubidea izango dute kuoten hobariaz baliatzeko, baina ez dute eskubide hori izango jarduera eteteagatiko prestazio berria jasoko dutenek.

Hona hemen berrikuntza garrantzitsu bat Gizarte Segurantzako kuoten hobariei dagokienez: bateragarriak izango dira lanerako ezintasunagatiko prestazioekin eta beste edozein dirulaguntzarekin, betiere kotizatzeko beharra mantentzen bada.

Salbuespen hori lortzeko ez da inolako tramiterik egin behar. Aparteko prestazioaren onuradunak diren autonomo guztiek, jarduera uzteagatiko prestazio berria eskatzen ez badute, automatikoki eskuratuko dute kuota-salbuespena, mutualitateetan inolako eskaerarik egin gabe. Aitzitik, jarduera uzteagatiko prestazio berria eskuratu nahi dutenek eskabidea tramitatu beharko dute.

2. Zer autonomok eutsi ahal izango dio jarduera uzteagatiko prestazioari irailera arte?

Ekainaren 30era arte jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa jaso duten langile autonomoek, baldin eta 2020ko uztailean, abuztuan eta irailean fakturazioaren % 75eko beherakada egiaztatzen badute 2019ko epealdi beraren aldean. Jarduera eteteagatiko prestazioa jasotzen jarraituko dute, baldintza hauek betetzen badituzte:

  • 2020ko lehen hiruhilekoan 5.818,75 eurotik gorako diru-sarrerak jaso ez izana (1.939,58 euro hilean).
  • Norberaren Konturako Langileen Araubide Berezian (LAABean) edo Autonomoetan edo, dagokionean, Itsas Langileen Araubide Berezian afiliatuta egotea.
  • Jarduera uzteagatiko prestazioa eskatu aurretik gutxienez 12 hilabetez etengabe kotizatu izana kontingentzia horregatik.
  • Erretiroa hartzeko ohiko adina bete gabe izatea.
  • Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta izatea. Dena den, jarduera uzteagatiko prestazioa eskatzeko datan eskakizun hori beteta ez badago, organo kudeatzaileak gonbita egingo dio langile autonomoari, zor dituen kuotak 30 egun naturaleko epe luzaezinean ordain ditzan.
Jarduera uzteagatiko prestazioa eskatu eta egiaztatzea

Ez da hiruhilekoa amaitu arte itxaron behar prestazioa eskatzeko; aitzitik, aldez aurretik eska daiteke eta iraila amaitutakoan dagozkion egiaztapenak egin. Egiaztapenak egiteko, mutualitate laguntzaileek onuradunari buruzko informazio fiskala eskatuko diote Ogasunari, behin jarduera uzteko eskaera ontzat eman ondoren. Informazio hori lortu ezean, ordea, agiri hauek eskatu ahal izango dizkiote autonomoari berari:

  • 303 ereduaren kopia, 2019. eta 2020. urteetako bigarren eta hirugarren hiruhilekoetako BEZaren autolikidazioari dagokiona.
  • 130 ereduaren kopia, 2019. eta 2020. urteetako bigarren eta hirugarren hiruhilekoetako PFEZren ordainketa zatikatuaren autolikidazioari dagokiona, urte horietako hirugarren eta laugarren hiruhilekoei dagokiena zehazteko.
  • Modulukako tributazioa egiten duten langileek beharrezko dokumentazioa edo beste edozein frogagiri aurkeztu beharko dute, adierazitako diru-sarrerak eskuratu dituztela egiaztatzeko.

Prestazio-eskabidea egiteko epea uztailaren 1ean hasiko da, eta, data horretatik aurrera eragina izan dezan, uztailaren 15a baino lehen egin beharko da erakunde gestorean, hau da, mutualitate laguntzailean. Eskaera uztailaren 15etik aurrera eginez gero, berriz, prestazioak eskabide-dataren hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Prestazioaren eta jarduera ekonomikoaren arteko bateragarritasuna

Gizarteratze eta Gizarte Segurantza Ministerioak dioenez, jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa —zenbatekoa oinarri arautzailearen % 70ekoa da eta kontingentzia arruntengatiko kuoten salbuespena dakar— bateragarria izango da norberaren konturako jarduera ekonomikoarekin.

Zer gertatuko da autonomoen kuotarekin?

Langile autonomoak prestazioa jasotzen duen bitartean, kuota osoa ordaindu beharko du Gizarte Segurantzan. Ondoren, mutualitateak norberaren konturako langileari itzuliko dizkio kontingentzia arruntengatiko kotizazioak, prestazioaren zenbatekoarekin batera.

3. Sasoiko autonomoentzako prestazio berria

Ekainaren 1etik aurrera, sasoiko autonomoek (urtean hilabete bakar batzuetan soilik alta ematen dutenek) Langile Autonomoen Araubide Bereziko oinarri arautzailearen % 70eko prestazioa jaso ahal izango dute 4 hilabetez, baldin eta uztaileko lehen 15 egun naturalen barruan aurkezten badute eskabidea. Baina, data horren ostean aurkezten badute, eskabide-dataren hurrengo egunetik aurrera izango dute prestazioa jasotzeko eskubidea.

Langileak Gizarte Segurantzan alta emanda egon behar du prestazio hori jasotzeko, baina ez du kotizatzeko beharrik izango.

Noizbehinkako diru-sarrerak dituzten sasoiko langileentzako prestazioa jasotzeko eskakizunak

Hauek dira aldizkako langile autonomo finkoentzako prestazioa jasotzeko eskakizunak:

  • Langile autonomo gisa gutxienez 5 hilabetez alta emanda egon izana eta 2018ko eta 2019ko martxotik urrira bitartean kotizatu izana.
  • Besteren konturako langile gisa 120 egun baino gehiago alta emanda edo antzeko egoera batean egon ez izana 2018ko martxoaren 1etik 2020ko martxoaren 1era bitartean.
  • Ezein araubidetan ere alta emanda edo antzeko egoera batean egon ez izana 2020ko martxotik ekainera bitartean.
  • Gizarte Segurantzako sistematik batere prestaziorik jaso ez izana 2020ko urtarriletik ekainera bitartean, salbu eta jasotako prestazioa langile autonomoaren jarduerarekin bateragarria bada.
  • Zorrik ez izatea Gizarte Segurantzarekin. Kuotak ordainduta izan ezean, Gizarte Segurantzak gonbita egingo dio langile autonomoari zor dituen kuotak 30 egun naturaleko epe luzaezinean ordain ditzan.
  • 2020an 23.275 eurotik gorako diru-sarrerarik jaso ez izana.

Prestazioa kobratzen den bitartean ez da kotizatzeko beharrik egongo, eta langileak Gizarte Segurantzako dagokion araubidean alta emanda edo antzeko egoera batean jarraituko du.

Azken berriak