LABORAL KUTXAN GURE ZERBITZUAK EGOKITU DITUGU EGOERA BEREZIA DELA ETA

Orokorrean bizi ditugun zailtasun bereziek neurri handiagoan eragiten diete autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei. Horregatik, interesgarria izan daiteke LABORAL Kutxaren zerbitzu batzuei erreparatzea, egungo egoeraren ondorioz bereziki erabilgarriak direlako eta/edo malgutu edo aldatu egin direlako. Babes-neurri gisa, ahal den neurrian eragiketak Internet bidez egitea gomendatzen dizugu.

Gure banku-zerbitzuak enpresen interesen arabera egokitzeko neurriak

Saltokiko Terminal Birtuala

Laboral Kutxak eskaintzen dituen urrutiko ordainketa sistemak aipatzea garrantzitsua da, Saltokiko Terminal birtuala adibidez eta, batez ere, horren modalitateetako  bat den PAYGOLD-a.

Modalitate honek, email, telefono, Whatsapp, Facebook zein Instagram bidez saltokiarekin harremanetan jartzen diren bezeroei ORDAINKETA SEGURU bitartez kobrantza aginduak bidaltzeko aukera ematen die. Saltokiak, bezeroak  SMS edo EMAIL bidez jasoko duen ordainketa agindu bat bidaltzen du eta, bertan eskuraturiko esteka baten bitartez, bezeroari ordainketa gauzatzeko ST birtual bat erakutsiko zaio.

PAYGOLDek eskaintzen duen abantailetako bat saltokiak ST hau web orri batean txertatzeko behar eza da. Hortaz, ordainketa sistema hau erabiltzeko ez da garapen informatikorik behar.

2 eguneko gehienezko epean saltokiak urrutiko ordainketa sistema hau erabilgarri izan dezake.

Saltokiko Terminalak (STak)

Produktu hori ez erabiltzeagatiko komisiorik ez zaie kobratuko saltokiko terminalen titularrei, egindako eragiketak kontuan hartu gabe.

Era berean, titularren txartela erabiltzeak prezioan eragina izan dezakeen modalitateetan (ST Bonus delakoan, adibidez), betekizun hori egintzat joko da, erabilera-maila edozein dela ere.

Aseguruak
  • Lagun Aroren asegururen bat duten bezeroek, ezin badira etxetik irten —arrisku-populazioaren barruan daudelako, isolamendu-egoeran direlako edo bestelako osasun-arrazoiren bat medio— eta botikak behar badituzte, medikamentuak etxera eramateko doako zerbitzua erabil dezakete 94 494 74 28 telefonora deituta eta 2. aukera hautatuta.
  • Halaber, Lagun Aro Aseguruak eta Previsión Mallorquina asegururen baten bezero direnek eta iraungitze data 2020 duten poliza guztietan ordainketa doan zatikatu ahal izango dute urtebetez. Horretarako, gestorearekin harremanetan jarri beharko dira.
  • Eta, azkenik, Merkataritza/Negozio, Erantzukizun Zibileko eta Auto/Kamioi aseguruak dituzten bezeroen kasuan, hurrengo 2020ko berritzean itzuli egingo zaie hilabete bateko aseguru-primari dagokion zenbatekoa. Aktibatzeko gestorearekin harremanetan jarri baino ez dago.
Zure kontuak gestionatzea eta gestorearekin harremanetan jartzea

Bulegoetara sartzeko egoera berezia dela eta, lehen baino zailagoa al zaizu gestorearekin harremanetan jartzea?

Zure gestorearekin harremanetan jar zaitezke Online Bankako «KONTAKTUA» ikonoan klikatuta. Horman utziko dituzun mezuei erantzungo die, zuzeneko mezuen bidez edo, nahiago baduzu, bideokonferentzia egiteko hitzordua jarrita.

Ez baduzu gogoratzen Online Bankako zure gakoa, eska ezazu Telebankara deituta (902 333 353 edo 944 286 774). Segurtasuneko galdera batzuei erantzun beharko diezu, eta, ondoren, gakoa mugikorrera bidaliko dizugu.

Eta ez baduzu Online Bankarik eta autonomo gisa sartu nahi baduzu, ez kezkatu. Txartela baduzu, webgunetik eska dezakezu Online Bankaren alta, eta 15 minutuan sartu ahal izango zara.

Txartela erabiltzeko gomendioak:

• Saiatu eskudirua saihesten eta ordainketa guztiak txartelaren bidez egiten.

• Gure txartelak contactless dira eta 20 €-tik beherako ordainketetan ez da gakorik sartu behar. Saltokiko terminalean gakoa sartu behar baduzu, garbitu eskuak jarraian.

• Gainera, txartela mugikorrean ere gaitzea gomendatzen dizugu, mugikorra ordaintzeko ere erabil dezazun. Android mugikorra baduzu, jaitsi LK-Pay appa, eta iphone bat baduzu, Apple Payrekin ordain dezakezu.

• Kutxazain batetik dirua atera behar baduzu, erabili ondoren garbitu ondo eskuak.

• Zure saltokian STa baduzu, kobratu salmentak zure saltokiko terminalaren bidez. Ordainketa gehienak contactless txartelen edo mugikorraren bidez egiten dira, eta horrela zuzeneko kontaktua saihesten da, batez ere eskudirua ukitzea.

Hemen dituzu eskuragarri autonomoentzako eta enpresentzako gomendioak.

Zure negoziorako likideziaren finantzaketa

Tamalez, alarma-egoeraren aurrean, negozio askok ateak itxi behar izan dituzte aldi baterako, eta diru-sarrerak etenda gelditu dira. Gainera, beldur dira egoeraren ondorioek datozen hilabeteetan eragina izan dezaketelako negozioen bilakaeran.

Eragin hori ahal den neurrian arintze aldera, erakunde nagusiek, finantza erakundeekin batera, Likidezia Finantzatzeko Lerroak jarri dituzte martxan, baldintza berezietan.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jaulkitakoak izan dira plazaratzen lehenak. Oso antzekoak dira abalari eta EBSei dagokienez, eta kontzeptu bera finantzatzen dute: 6 hilabeteko egitura-gastu finkoak, hau da, langile-gastuak, finantza-gastuak, zergak, lanak, hornidura eta kanpoko zerbitzuak, epe luzerako maileguen kuotak.

Gutxieneko eta gehieneko zenbatekoak ere berdinak dira:

-Autonomoak: 5.000 €-tik 50.000 €-raino

-Enpresak: 5.000 €-tik 1.000.000 €-raino

Eta baita epeak ere: 5 urtera artekoak (aukerako urtebeteko gabealdiarekin)

Eusko Jaurlaritzaren maileguaren baldintzak:

  • Maileguaren komisioak: irekitzea % 0; ezereztea eta amortizazioa % 0.
  • Interes-tasa: 6 hileko Euriborra + % 0 (% 0ko beheko mugarekin) – Mailegu-kontratuaren interes-tasa, berez, 6 hileko Euriborra + % 0,50 (% 0,50eko beheko mugarekin) da, baina diferentzia Eusko Jaurlaritzak konpentsatuko du
  • Abalaren azterketa-komisioa: % 0,25
  • Abalaren urteko komisioa: % 0,375 (kontratuan % 0,75ekoa da, baina diferentzia Eusko Jaurlaritzak konpentsatuko du)
  • EBSari egiten zaion kapital-ekarpena: eragiketaren % 2 (eragiketa amaitzean itzulgarria)
  • EBS laguntzailea: Elkargi SGR

Nafarroako Gobernuaren maileguaren baldintzak:

  • Maileguaren komisioak: irekitzea % 0; ezereztea eta amortizazioa % 0.
  • Interes-tasa: 6 hileko Euriborra + % 0,50 (% 0,50eko beheko mugarekin)
  • Abalaren azterketa-komisioa: % 0,25
  • Abalaren urteko komisioa: % 0
  • EBSari egiten zaion kapital-ekarpena: eragiketaren % 2 (eragiketa amaitzean itzulgarria)
  • EBS laguntzaileak: Sonagar SGR eta Elkargi SGR

Lerro horietakoren bat interesatzen bazaizu, eskatu zure gestoreari.

Ildo beretik, estatuko Gobernuak KOI mailegu-lerro berria jaulki du, hasieran jaulkitakoa baino osatuagoa (hura turismoaren sektorera bideratuta zegoen). Horren ezaugarriei buruzko xehetasun guztien berri ez dugu, baina jakina da, finantzaketa berriez gain, eragiketa-berritzeak ere hartuko dituela kontuan (ez birfinantzamenduak), eta gehieneko zenbatekoa handiagoa izango dela, baina seguruenik interes-tasa ere bai.

Bestalde, kreditudun Pro kontua duten bezeroek, negozioaren kontura atxikitako kreditu-muga automatikoa dutela aprobetxa dezakete.

Consulting Pro

Eta, noski, Consulting Pro zerbitzu hau ere oso erabilgarria izan daiteke zuretzat, negozioaren egunerokoan dituzun zalantzak argitzeko, baita egunotan autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei begira argitaratzen ari diren laguntzei buruzkoak ere.

Consulting Prorekin harremanetan jarri eta galdera egiteko sar zaitez hemen.

Azken berriak