GIZARTE-SEGURANTZAK JADA 48 ZERBITZU ESKAINTZEN DITU SMS BIDEZ IDENTIFIKATU ONDOREN

Gizarte Segurantzak zerbitzu elektronikoak Egoitza Elektronikoaren bidez eskaintzen ditu, herritarrei izapide zehatz batzuk egiten laguntzeko. Erabiltzaileak sisteman identifikatu behar du zerbitzu horietako batzuk erabiltzeko. Honela: autoritate ziurtagiri-emaile baimendu batek emandako ziurtagiri digital baten bidez, edo, bestela, Cl@ve plataformaren bidez.

Horrez gain, Gizarte Segurantzak beste autentifikazio-sistema bat abian jarri du, autentifikazio digitala ez duten herritarrei ere zerbitzu zehatz batzuk erabiltzen laguntzeko: erabilera bakarreko pasahitz bat mezu laburren bidez bidaltzen du, erabiltzaileak pasahitza idatzi beharko du webgunean, eta segidan zerbitzua erabiliko du.

Jada asko dira sistema hori eragiketak egiteko erabiltzen duten banku-erakundeak. Erabiltzaileek zenbait datu pertsonal ezagutu eta gailu mugikor bat erabilgarri eduki baino ez dute behar, segurtasunez identifikatzeko. Gailua aurrez erregistratuko da Gizarte Segurantzan, erabiltzailearen izenean eta prozedura seguru baten bitartez.

Gaur egun, 48 zerbitzu erabilgarri daude Egoitza Elektronikoan, SMS bidez identifikatu ondoren. Sakatu hemen zerrenda osoa jasotzeko. Behin zerrendan, zerbitzu bakoitza erabiltzeko zuzeneko sarbideak, jarraibide labur batzuk eta laguntzako eskuliburu bat ere ikusiko dituzu.

Duela gutxi, honako zerbitzu hauek ere gehitu dira zerrendan:

  1. Kotizazio-oinarria aldatzea hitzarmen berezietan.
  2. Helbidea aldatzea.
  3. Telefonoa eta helbide elektronikoa jakinaraztea.
  4. Inklusioa/esklusioa/itzultzea Nekazaritzako Sistema Berezian. Jarduerarik eza.
  5. Kotizazio-oinarriei buruzko txostenak zuzentzea.
  6. Lan-bizitzaren txostenaren zuzenketa.

Sei zerbitzu horiekin batera, aurrekoek ere funtzionamenduan jarraitzen dute. Besteak beste, txosten ugari deskargatu daitezke, hala nola lan-bizitzari buruzkoa, prestazioei buruzko txosten integratua edo banakako enpresariari buruzkoa. Horrez gain, izapideak ere egin daitezke: altak edo bajak ematea, Etxeko Langileen Lanbide Bereziko datuak aldatzea, langile autonomoen kotizazio-oinarria aldatzea edota Europako Osasun Txartela eskatzea.

Nola egin

Zerbitzu bakoitzean sartzean «SMS bidez» aukera hautatzen baduzu, honako datu hauek idatzi beharko dituzu:

  • Nortasun-agiri mota (IFZ edo AIZ) eta zenbakia.
  • Jaiotze-data
  • Telefono mugikorraren zenbakia

Gizarte Segurantzaren datu erregistratuak zuk idatzi dituzunekin bat etortzen badira, mezu labur bat jasoko duzu telefonoan, erabilera bakarreko pasahitza adierazteko (Gizarte Segurantzak telefono horren zenbakia eduki behar du). Pasahitza idatzi eta berehala, zerbitzuan sartuko zara, eta txostena irakurri, inprimatu edo gorde ahalko duzu.

Zer sarbide-arazo gerta daitezkeen

Baliteke zerbitzuetan sartzeko arazoak izatea, baina gehienetan datuak zuzenak ez izateagatik gertatzen dira.

Honako hauek dira erroreen edo errore-mezuen arrazoi ohikoenak: sarbidea kontrolatzeko formularioko datu bat idatzi ez izana, nortasun-agiri mota edo formatua balioduna ez izatea, telefono mugikorraren zenbakia edota jaiotze-data zuzenak ez izatea.

Bestalde, gerta daiteke erabiltzaile baten datuak idaztea eta Gizarte Segurantzak erabiltzaile horren datuak edo telefonoaren zenbakia erregistraturik ez izatea edo baliteke mezu bidez jasotako pasahitza txarto idatzi izana.

Azken berriak