Kontratatzeko beharra daukat. Zer aukera ditut? Kontratu mota nagusiak.

Zure enpresan pertsona bat sartu behar baduzu, garrantzizkoa da jakitea zer kontratu mota egin dezakezun. Horrela, kontratuaren baldintzak zure beharretara egokitu eta kontratazioak ekar ditzakeen pizgarri eta hobariak optimizatu ahal izango dituzu.

Artikulu honetan, dauden kontratu mota guztien berri emango dizugu, lan-kontratuaren ezaugarriak eta hura osatzen duten elementu guztiak hobeto ulertzeko.

Nahiz eta luzaroan hitz egin den lan-kontratu mota guztiak gutxitu eta errazteko beharraz (42 kontratu mota daude gaur egun), oraingoz kontratu-eredu edo inprimakien kopurua besterik ez da murriztu, 4raino hain zuzen. Hortaz, lau dira gaur egun dauden kontratazio-modalitate nagusiak: finkoa edo mugagabea, aldi baterakoa, praktikaldiko kontratua eta prestakuntza- eta ikasketa-kontratua.

Gainerako kontratu motak lau modalitate handi horien barruan sartzen dira, horiei hainbat klausula eta baldintza erantsi ahal baitzaizkie, lan-kontratuaren baldintzak enpresaren beharretara eta langilearen ezaugarrietara egokitzeko. Dena dela, lau kontratu mota horien nondik norakoak jakitea nahikoa da haien aukerak eta ezaugarriak ondo ezagutzeko.

  1. Kontratu mugagabea

Ezaugarri nagusiak:

Kontratu mugagabeek ez dute iraupen finkorik; hortaz, enpresetan langile egonkorrak sartzeko pentsatuta daude.

Kontuan hartuta langile askok enpresa berean aldi baterako kontratuak bata bestearen ondoren kateatu ohi dituztela, langile horiek finko bihurtuko dira, baldin eta, hogeita hamar hilabeteko aldian, hogeita lau hilabete —jarraian edo etenka— edo gehiago kontratatuta egon badira lanpostu berean eta enpresa berean, aldi baterako bi kontraturen edo gehiagoren bidez. Halere, arau hori ez da aplikatuko prestakuntza-kontratuak, txanda-kontratuak edo bitarteko kontratuak erabiltzen direnean.

Dauden kontratu mugagabeen modalitate guztietatik, ekintzaileei laguntzekoa da interesgarrienetako bat. Autonomoentzat eta 50 langiletik beherako ETE-entzat pentsatuta dago. Gizarte Segurantzako kuotan hobariak eta zerga-pizgarri metagarriak jasotzen ditu modalitate horrek.

Ekintzaileei laguntzeko kontratua

Ekintzaileei laguntzeko kontratu mugagabeak honako ezaugarri hauek ditu:

Betekizunak:

Langileak langabe gisa izena emanda egon behar du, hobariak aplikatu ahal izateko.

Ezaugarriak:

Iraunaldi mugagabea, lan-jardunaldi osoa edo partziala eta urtebeteko probaldia (probaldi hori ezin da finkatu langileak lehenago zeregin berak bete baditu enpresan, edozein lan-kontraturekin). Kontratatutako langilearen enpleguak gutxienez 3 urte iraun behar du.

Enpresaren betekizunak:

50 langile baino gutxiago izatea eta azken 6 hiletan kaleratze kolektiborik edo bidegaberik egin ez izana.

Pizgarriak

  1. Zerga-alorrekoak (Sozietateen gaineko Zergari buruzko Legearen 43. artikulua):
  2. Enpresak 3.000 euroko zerga-kenkaria lortzeko eskubidea izango du, kontratatzen duen 30 urtetik beherako lehen langileagatik.

B.. Ordaindutakoaren araberako prestazioa jasotzen ari den langabetu bat kontratatzen bada, enpresak zenbateko hauetatik txikienaren gaineko % 50eko zerga-kenkaria lortzeko eskubidea izango du:

  1. Kontratatzeko unean langileak jasotzeko duen langabezia-prestazioaren zenbatekoa.
  2. Langileak onarturik duen langabezia-prestazioaren 12 hileko zenbatekoa.

Langileak gutxienez hiru hilabetez jaso badu prestazioa eta nahi badu, onarturik eta jasotzeko duen prestazioaren % 25 soldatarekin batera jaso ahal izango du kontratatzen dutenean. Jardunaldi osoko kontratuak irauten duen bitartean soilik eutsi ahal izango dio langileak bateragarritasunari, harik eta jasotzeko duen prestazioa agortu arte.

  1. Enpresek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotaren hiru urteko hobariak, Enplegu Bulegoan izena emanda dauden langileentzat:

Hobari horiek bateragarriak izango dira helburu bera duten beste laguntza publiko batzuekin, betiere hobari aplikagarrien baturak ez badu gainditzen enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotaren % 100.

GAZTEAK: 16 eta 30 urte bitartekoak, biak barne.

Lehen urtean: 88,33 euro hilean (1.000 euro urtean).

Bigarren urtean: 91,67 euro hilean (1.100 euro urtean).

Hirugarren urtean: 100 euro hilean (1.200 euro urtean).

Emakumeen ordezkaritza txikia duten sektoreetan emakume bat kontratatzen bada, zenbatekoak 8,33 eurotan handituko dira hilean (100 euro urtean).

45 URTETIK GORAKOAK:

108,33 euro hilean (1.300 euro urtean). Emakumeen ordezkaritza txikia duten sektoreetan emakume bat kontratatzen bada, 125 euro hilean (1.500 euro urtean).

Kontratua lanaldi partzialekoa bada, zerga-pizgarriak eta hobariak proportzionalak izango dira kontratuan sinatutako lanaldiarekin.

  1. Aldi baterako kontratuak:

Aldi baterako kontratuak egokienak dira langile bat denboraldi jakin baterako hartu behar denean, unean uneko lan kopuruaren gorakada dagoenean, ordezkapen bat egin behar denean edo jarduera zehatz bat bete behar denean.

Aldi baterako kontratu mota nagusiak honako hauek dira:

Obra edo zerbitzuko lan-kontratua

Hona hemen kontratu mota horren ezaugarriak:

  • Kontratuaren helburua da enpresaren jardueraren barruan berezko autonomia eta izaera duten obrak edo zerbitzuak egitea, baldin eta horiek betetzeko denbora, nahiz eta mugatua izan, ezezaguna bada. Kontratuaren iraupena ezin da hiru urtetik gorakoa izan. Halere, beste 12 hilabetez luzatu ahal izango da, estatu-mailako hitzarmen kolektiboak edo, halakorik ezean, beheragoko mailako sektore-hitzarmenek hori ahalbidetzen badute. Epe horiek igarotakoan, langileak finko bilakatuko dira enpresan.
  • Obrak edo zerbitzuak irauten duen denbora berekoa izango da kontratuaren iraupena.
  • Lanaldi osokoa edo partzialekoa izan daiteke.
  • Kontratua amaitzen denean, langileak kalte-ordaina jasoko du, kontratua formalizatu zen dataren araberakoa.
    • 2014-01-01etik aurrera sinatutako kontratuetan: 11 egun urteko.
    • 2015-01-01etik aurrera sinatutako kontratuetan: 12 egun urteko.
  • Kontratu mota hori mugagabe bihurtu ahal izango da, baina ez du inolako hobaririk jasoko [IKUSI ALDI BATERAKO KONTRATUAK MUGAGABE BIHURTZEKO GIZARTE SEGURANTZAKO PIZGARRIEN TAULA].

Behin-behineko kontratua ekoizpen-gorabeherengatik

Hona hemen kontratu mota horren ezaugarriak:

  • Produkzio-gorabeherak, zeregin-pilaketak, gehiegizko eskariak eta antzeko egoerak bideratzeko helburua du, nahiz eta enpresaren ohiko jarduera berekoak izan. Era berean, honako kasu hauetan formalizatu ahal izango da: lehen lanbide-esperientzia betetzeko, gazte batek lehen lanpostua eskuratzeko eta 30 urtetik beherako langabea kontratatzeko, baldin eta lanbide-esperientziarik ez badu edo hiru hilabetetik beherako esperientzia badu.
  • Gehieneko iraupena 6 hilabetekoa izango da, 12 hilabeteko epealdian. Halere, hitzarmen kolektiboak hala jasotzen badu, iraupena 12 hilabetekoa izan daiteke, 18 hilabeteko epealdian.
  • Luzapen bakar bat formalizatu ahal izango da.
  • Lanaldi osokoa edo partzialekoa izan daiteke.
  • Kontratua amaitzen denean, langileak kalte-ordaina jasoko du, kontratuaren hasiera-dataren araberakoa:
    • 2014-01-01etik aurrera sinatutako kontratuetan: 11 egun urteko.
    • 2015-01-01etik aurrera sinatutako kontratuetan: 12 egun urteko.
  • Kontratu mota hori mugagabe bihurtu ahal izango da, baina ez du inolako hobaririk jasoko. Halere, behin-behineko kontratua mugagabe —lanaldi osokoa zein partzialekoa— bihurtzen bada, lehen lanbide-esperientzia edo gazte baten lehen lanpostua izateko, hobariak jaso ahal izango ditu.

Bitarteko kontratua

Hona hemen kontratu mota horren ezaugarriak:

  • Lanpostua gordeta duten langileak ordezkatzeko, hautaketa-prozesu batean lanpostua aldi baterako betetzeko edo oporraldietako ordezkapenak egiteko helburua du.
  • Honako kasu hauetan ere erabili ahal izango da kontratua: langile autonomoen edo kooperatibetako langileen ordezkapenak amatasunagatik, haurdunaldiko arriskuagatik, adopzioagatik edo adopzio aurreko harreragatik.
  • Kontratua eragin duen egoerak irauten duen denbora berekoa izango da kontratuaren iraupena.
  • Lan-kontratua idatziz egin behar da.
  • Jardunaldia lanaldi osokoa izango da, salbu eta ordezkatutako langileak lanaldi partzialeko kontratua edo lanaldi murriztua badu.
  • Gainera, aldi baterako kontratuen probaldia hilabetera mugatuko da, sei hilabete baino gutxiago irauten duten lan-kontratuetan.
  1. Prestakuntza- eta ikasketa-kontratua:

Prestakuntza- eta ikasketa-kontratuak langileen trebakuntza profesionala du helburu. Horretarako, langileak txandakatu egiten ditu enpresan ordaindutako lan-jarduera eta enplegurako lanbide-heziketako sisteman edo hezkuntza-sisteman jasotako prestakuntza.

Kontratuari dagokion prestakuntza-jarduera nahitaezkoa izango da lanbide-heziketako titulua, profesionaltasun-ziurtagiria, ziurtapen akademikoa edo egiaztapen partzial metagarria lortzeko, eta lotuta egon behar du lanpostuan betetzen den lan-jarduerarekin. Kontratuak irauten duen bitartean egin behar da prestakuntza.

  • Betekizunak: praktikaldiko kontratu bat egiteko behar den trebakuntzarik ez duten 25 urtetik beherako gazteentzat (edo 30 urtetik beherakoentzat, langabezia-tasa % 15etik gorakoa bada).
  • Gutxieneko iraupena: 6 hilabete. Gehieneko iraupena: 3 urte.
  • Prestakuntza-jarduera: lehen urtean, jardunaldiaren % 25 prestakuntzarako izango da, eta bigarrenean, % 15. Prestakuntza egiaztatutako zentro batean egin daiteke, edo enpresan bertan, beharrezko baliabideak eta pertsonala baditu.
  • Enpresek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotaren hobariak: 250 langile edo gutxiago dituzten enpresetan, % 100; 250 langile baino gehiago dituztenetan, % 75.
  • Langileek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotaren hobariak: % 100.
  • Kontratuak mugagabe bihurtzeko pizgarriak: 500 euroko kenkaria urtean Gizarte Segurantzako enpresa-kuotetan, hiru urtez. Emakumezko langileak badira, hobaria 1.800 eurokoa izango da.
  1. Praktikaldiko kontratua:

Langileen ikasketa-mailari egokitutako jarduera profesionala eskaintzea du helburu, eta lanaren kostua handituz doa langileak esperientzia hartu ahala.

Praktikaldiko kontratua sinatzeko, baldintza hauek bete behar dira:

  • langileak lanbide-jarduerarako gaitasuna ematen duen titulu baten jabe izan behar du: unibertsitate-titulua, erdi-mailakoa edo goi-mailako lanbide-heziketakoa, indarrean dagoen hezkuntza-sistemaren lege arautzaileen arabera ofizialki baliokidea den titulua edo profesionaltasun-egiaztagiria, Kualifikazioak eta Lanbide Heziketa arautzen dituen 2002ko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren arabera.
  • Ezin dira 5 urte baino gehiago igaro langileak ikasketak amaitu dituenetik kontratua sinatzen duen arte, edo 7 urte desgaitasunen bat duen langilearen kasuan. Dena dela, langileak 30 urte baino gutxiago baditu, ez da kontuan hartuko ikasketak amaitzeko data.

Kontratuaren iraupena 6 hilabete eta bi urte bitartekoa izango da. Kontratua gutxienez 6 hilabeteko epealdietan luzatu ahal izango da, eta gehienez bi luzapen egin ahal izango dira. Kontratua lanaldi osokoa edo partzialekoa izan daiteke.

Gutxieneko ordainsaria hitzarmen kolektiboan adostutakoa izango da, eta halakorik ezean, lanpostu bereko langile batentzat sinatutako soldataren % 60koa (lehen urtean) eta % 75 (bigarren urtean). Soldata ezin da lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izan. Lanaldi partzialeko langileen kasuan, hitzartutako lanaldiaren arabera murriztuko da soldata.

Probaldia hitzarmen kolektiboak finkatutakoa izango da, eta halakorik ezean, ezin da hilabetetik gorakoa izan erdi-mailako tituludunentzat eta bi hilabetetik gorakoa goi-mailako tituludunentzat.

Azken berriak