Kit Digitaleko laguntzak. Zer dira eta nola eskatu?

EB-Next Generation Europako Funtsak indarra hartzen ari dira hainbat dirulaguntza-programaren bidez. Lanbidek 2021etik aurrera eraldaketa digital edo ekologikorako inbertsioak egin dituzten autonomoentzako eta enpresentzako laguntzen deialdia egin ondoren, Kit Digitala izeneko ekimena jarri da orain abian.

Zer da Kit Digitala?

Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioaren programa da, enpresa txiki eta ertainentzat, mikroenpresentzat eta autonomoentzat. España Digital 2025 agendaren barruan dago, eta 3.067 milioi euro izango ditu 2023ra arte.

Laguntza horien helburua da negozio horiei hobetzen laguntzea hainbat tresna digitalen bidez. Horretarako, bonu digitalak emango dira, hainbat zenbatekokoak, negozioek soluzio horiek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Zer soluzio-mota finantzatuko ditu Kit Digitalak?

Oraingoz, honako proiektu mota hauek finantzatzeko erabiliko dira laguntza horiek:

  • Webgunea eta Interneteko presentzia: web-orriak sortzea, SEO posizionamendua hobetzea eta enpresak sarean duen ikusgaitasuna hobetzea.
  • Merkataritza elektronikoa: online denda sortzea.
  • Sare sozialen kudeaketa: negozioa sare sozialetan ezagutzera ematea, besteak beste, publizitate-kanpainak eginda.
  • Bezero eta/edo hornitzaileen kudeaketa: digitalizazioa eta, ondorioz, bezeroekiko eta hornitzaileekiko merkataritza-harremanak optimizatzea.
  • Business Intelligence eta analitika: enpresaren datuen analisia ingurune digitalean, erabakiak hartzeko prozesua hobetzeko.
  • Bulego birtualeko zerbitzuak eta tresnak: tresna digitalak ezartzea, enpresako langileen artean lankidetza errazteko eta arintzeko.
  • Prozesuen kudeaketa: hainbat alderdi operatibo edo produktibo digitalizatzea eta automatizatzea.
  • Faktura elektronikoa: fakturen igorpen-fluxua digitalizatzea fakturazio-software baten bidez.
  • Komunikazio seguruak: enpresako gailuen eta langileen gailuen arteko konexioan segurtasuna ematea.
  • Zibersegurtasuna: enpresei beren gailuetarako segurtasuna ematea.

Norentzat dira Kit Digitaleko laguntza horiek?

Laguntza horiek jasotzeko, hiru talde bereizi dira laguntzen deialdian:

  • I. taldea: enpresa txikiak, 10 – 49 langile dituztenak.
  • II. taldea: enpresa txikiak edo mikroenpresak, 3 – 9 langile dituztenak.
  • III. taldea: enpresa txikiak edo mikroenpresak eta autonomoak, 1 – 2 langile dituztenak.

Zein izango da Kit Digitalaren zenbatekoa?

Enpresa-motaren arabera bereizteaz gain, dirulaguntzaren zenbatekoa ere bereizi da. Hona hemen talde bakoitzerako bonu digitalaren zenbatekoa:

  • I. taldea: 12.000 € enpresako.
  • II. taldea: 6.000 € enpresako.
  • III. taldea: 2.000 € enpresa edo autonomo bakoitzeko.

Ondoko taulan ikus daitekeen bezala, laguntzen zenbatekoen artean ere egin da bereizketa, eta soluzio teknologikoaren arabera aldatuko dira. Bertan, talde eta soluzio bakoitzerako gehieneko zenbatekoak ikus daitezke.

Kategoriak Laguntzak
Autonomoak Mikroenpresak Enpresa txiki eta ertainak
1 – 2 langile 3 – 9 langile 10 – 49 langile
Webgunea 2.000€ 2.000€ 2.000€
Ecommerce 2.000€ 2.000€ 2.000€
Sare sozialen kudeaketa 2.000€ 2.500€ 2.500€
Bezeroen kudeaketa 2.000€ 2.000€ 4.000€
Business Int. eta analitika 1.500€ 2.000€ 4.000€
Prozesuen kudeaketa 500€ 2.000€ 6.000€
Faktura elektronikoa 500€ 1.000€ 1.000€
Bulego birtuala 250 € / erabiltzaileko
Zibersegurtasuna 250 € /gailuko
Komunikazio seguruak 125 € / erabiltzaileko

Nola jasoko dute dirua interesa duten enpresek eta autonomoek?

Aipatutako bonu digitalaren bidez emango da dirulaguntza hori. Horrela, beren negozioen digitalizazioa inplementatzeko edo hobetzeko behar diren tresnak edo zerbitzuak eskuratu ahal izango dituzte. Hala ere, hornitzaile ofizial edo agente digitalizatzaile jakin batzuek eskainitako katalogoan bakarrik aukeratu ahal izango dute bonu horren onuradunek.

Zer egin Kit Digitalean sartzeko?

Lehenik eta behin, jakin behar da nahitaezkoa dela heldutasun digitalaren maila ebaluatzea, AceleraPyme diagnostiko-testaren arabera. Horretarako, honako urrats hauek egin behar dira:

  1. AceleraPyme plataforman sartu eta online inprimaki baten bidez erregistratu, plataformaren eremu pribatuan sartzeko.
  2. Diagnostiko digitalaren testa edo heldutasun digitalaren maila neurtzeko testa egin. Test horrek 13 galdera ditu negozioaren Interneteko konexioa ezagutzeko, enpresa mailan sare sozialak erabiltzen ote dituen edo enpresak software jakin batzuk ote dituen jakiteko.
  3. Aukerako beste bi test ere badaude, bata eraldaketa digitalaren autoebaluaziorako eta bestea zibersegurtasunaren autoebaluaziorako.
  4. Hori egindakoan, bonu digitala jasoko da, esleitutako zenbatekoarekin (ezarritako gehienekoen barruan betiere).

Nola erabiltzen da bonu digitala?

Laguntzaren onuradunak bonu digitala izatean, bere negoziorako gehien interesatzen zaizkion soluzioak eta tresnak aukeratu ahal izango ditu. Horretarako, honako urrats hauek egin behar dira:

  1. Agente digitalizatzaileek eskainitako katalogoan sartu eta tresnak eta soluzioak aukeratu.
  2. Soluzioa jarriko duen enpresarekin akordioa negoziatu, sinatu eta formalizatu.
  3. Akordioa formalizatu ondoren, enpresa hornitzaileak soluzio teknologikoa ezarriko du.
  4. Enpresa hornitzaileak faktura bakarra egingo du zerbitzua emateko lehen fasearen ondoren, zenbateko osoarekin eta diruz lagundutako zenbatekoa adierazita.
  5. Enpresa onuradunak ordainduko ditu diruz lagundu ezin diren elementuak, esate baterako, BEZa (gero kendu beharrekoa), eta enpresa hornitzaileari lagako dio diruz lagun daitekeen zenbatekoa kobratzeko eskubidea.

Zein da laguntzak eskuratzeko epea?

Programa 2021. urtearen amaieran argitaratu bazen ere Estatuko Aldizkari Ofizialean, orain hasi dira deialdiak egiteko datak aztertzen.

I. taldeko negozioetarako (enpresa txikiak, 10 – 49 langilekoak) laguntzak eskatzeko epea martxoaren 15ean hasi eta irailaren 15ean bukatuko da. Joan den asteartean deialdia ireki zenetik 16.000 eskaera jaso dira.

Gainerako bi deialdiak, II. taldekoentzat (enpresa txikiak edo mikroenpresak, 3 – 9 langilekoak) eta III. taldekoentzat (enpresa txikiak edo mikroenpresak eta autonomoak, 1 – 2 langilekoak), ekainetik eta urritik aurrera egitea espero da, hurrenez hurren. Hori guztia 3.000 milioi euroko aurrekontua agortu arte.

Azken berriak