Jarduera uzteagatiko prestazio berriari buruzko gida praktikoa

Araua onartu zenean gure webgunean azaldu genuenez, autonomoek jarduera uzteagatiko laguntza berriak eskatzeko aukera dute joan den otsailaren 1etik aurrera. 2/2021 Errege Lege Dekretuak arautzen du jarduera uzteagatiko prestazio berria. Oraindik ez baduzu halakorik eskatu edo nolakoa den ez badakizu, gida honetan ohiko zalantzei erantzun diegu.

Aipatutako lege-mailako arauaren bidez, Gobernuak zabaldu egin zuen jarduera uzteagatiko prestazioa, minimoen azpitik dauden diru-sarrerak edukitzen jarraituko duten autonomoen lau profil barruan hartzeko. Hala, prestazioak lau modalitate ditu:

  • jarduera dekretuz itxi behar izan dutenentzako aparteko modalitatea
  • gainerako laguntzak eskuragarri ez dituztenentzako modalitatea
  • jarduerarekin bateragarria den modalitatea, % 50etik gorako fakturazio-beherakadak dituztenentzat
  • eta, laugarrena, sasoiko autonomoentzako

Prestazio horien bidez autonomoek kobratu ahal izango duten zenbatekoa gutxieneko oinarriaren % 50 eta euren kotizazio-oinarriaren % 70 bitartean egongo da. Nolanahi ere, aipatutako modalitateetako laguntzak eskuratzeko, eskakizun orokor eta zehatz batzuk bete behar dira. Jarraian ikusiko ditugu.

Deskargatu Langile Autonomoen Elkarteen Espainiako Federazioak (ATAk) egin duen NUEVAS MEDIDAS EXTRAORDINARIAS DE APOYO A LOS TRABAJADORES AUTÓNOMOS gida

1. Jarduera osoa aldi baterako eten behar izan duten autonomoentzako aparteko prestazioa 

2021eko otsailaren 1etik aurrera, agintariek ezarritako neurri murriztaileen ondorioz jarduera oro nahitaez eten behar izan duten autonomoek aparteko prestazio bat jasotzeko eskubidea izango dute.

Era berean, jarduera oro itxi izanagatik 2021eko urtarrilaren 31n jarduera uzteagatiko aparteko prestazioa jasotzen ari diren autonomoek jarraitu egingo dute laguntza hori kobratzen, eskakizun berberak beteta, jarduera etenda dagoen bitartean eta neurria bertan behera geratu ondorengo hilabeteko azken egunera arte.

Zer eskakizun bete behar ditut?

Aparteko prestazioa eskuratzeko, autonomoak baldintza hauek bete behar ditu:

  • Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAABean) afiliatuta egon behar da 2021eko urtarrilaren 1aren aurretik.
  • Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta izatea. Dena den, jarduera utzi den datan eskakizun hori beteta ez badago, organo kudeatzaileak ordaintzeko gonbita egingo dio langile autonomoari, zor dituen kuotak hogeita hamar egun naturaleko epe luzaezinean ordain ditzan.

Zenbat kobratzen da?

Aurreko aparteko prestazioan bezala, oraingoan ere autonomoak gutxieneko oinarriaren % 50 kobratuko du (472 euro inguru). Laguntza % 20 gehituko da (661 eurora arte) autonomoa familia ugariko kide aitortua bada eta familia-unitateko diru-sarrera bakarra etenda dagoen jardueratik badator.

Baina autonomoa bizi den etxean familia-lotura duten bi kide edo gehiago badaude aparteko prestazioa jasotzeko eskubidea dutenak, zenbatekoa % 40 murriztuko da.

Kuota ordaindu behar da?

Ez. Prestazioa eskuratzen bada, autonomoak ez du ordaindu behar Gizarte Segurantzako kuotarik neurria indarrean sartzen den lehenengo egunetik neurri hori altxatu eta hurrengo hilabeteko azken egunera arte.

Prestazioak ba al du bateraezintasunik?

Bai. Aparteko jarduera-uztea ez da bateragarria honako egoera hauekin:

  • Besteren konturako langile gisa soldata kobratzearekin, salbu eta lan horretarik jasotako diru-sarrera garbia 1,25 aldiz LGSa baino txikiagoa bada. Hau da, jarduera-aniztasunean diharduten autonomoek euren jarduera uzten badute, soldata bat eta prestazioa kobratu dezakete soldatapeko gisa duten diru-sarrerak aipatutako muga hori gainditzen ez badu.
  • Norberaren kontura beste jardueraren bat egitearekin.
  • Itxierak kaltetutako jarduera duen sozietate batetik datozen etekinak kobratzearekin.
  • Gizarte Segurantzako laguntzaren bat jasotzearekin, salbu eta etendako jarduerarekin bateragarria izanik lehendik jasotzen zuen prestazioa bada. Hau da, prestazioa bateragarria da alarguntza-pentsioarekin, zurztasun-pentsioarekin eta erretiro aktiboko pentsioarekin, adibidez.

 Nola eta noiz eskatu dezaket? 

Jarduera-uzteak dituen gainerako modalitateetan bezala, autonomoak bere mutuan eskatu beharko du prestazioa, Gizarte Segurantzaren mutua laguntzailearen aurrean. Kontuan hartzekoa da, hilabete osoa kobratu ahal izateko, neurri murriztaileak indarrean sartu eta hurrengo 21 eguneko epearen barruan egin beharko dela eskaera. Bestela, eskaera aurkezten den egunetik aurrera finkatuko dira ondorioak.

2. Tarifa finkoa duten edo alta emanda 12 hilabete baino gutxiago daramaten autonomoentzako aparteko prestazioa

Aparteko prestazioa eskatzeko aukera ematen duen bigarren kasua: autonomoak ezin izan duenean eskuratu egungo jarduera-uzte arruntaren luzapena bere kotizazioak direla eta, hau da, 12 hilabete baino gutxiago daramatzalako alta emanda, edo «tarifa laua» esaten zaion hobaria duenez ez duelako jarduera-uztea kotizatu.

Zer eskakizun bete behar ditut?

Aparteko prestazio berria eskuratu ahal izateko, Tarifa Finkoa duten autonomoek edo gutxienekoa kotizatuta ez dutenek honako eskakizun hauek bete behar dituzte:

  • LAABean afiliatuta eta alta emanda egotea 2020ko apirilaren 1aren aurretik.
  • Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta izatea. Dena den, jarduera-uzteari dagokion datan eskakizun hori beteta ez badago, organo kudeatzaileak ordaintzeko gonbita egingo dio langile autonomoari, zor dituen kuotak hogeita hamar egun naturaleko epe luzaezinean ordain ditzan.
  • Zergetan konputagarriak diren 6.650 €-tik gorako etekin garbirik ez izatea norberaren konturako jardueran 2021eko lehen seihilekoan.
  • Norberaren konturako jardueraren diru-sarrerak, zergetan konputagarriak direnak, 2021eko lehenengo seihilekoan 2020ko lehen hiruhilekoan baino txikiagoak izango direla aurreikustea. Diru-sarreren murrizketa hori kalkulatzeko, 2020ko lehen hiruhilekoan alta emanda egondako aldia hartuko da kontuan, eta 2021eko lehen seihilekoan izandako diru-sarreren zati proportzionalarekin alderatuko da.

Zenbat kobratzen da?

Jarduera dekretuz itxi den kasuetan aparteko jarduera-uzteari dagokion berbera. Autonomoak gutxieneko oinarriaren % 50 kobratzeko eskubidea izango du.

Era berean, % 40 murriztuko da zenbatekoa etxebizitza berean familia-lotura duten bi kide edo gehiago badaude aparteko prestazioa jasotzeko eskubidea dutenak. Dena den, egoera honetan dauden autonomoek ere ez dute ordaindu behar Gizarte Segurantzako kuotarik.

Prestazioak ba al du bateraezintasunik?

Bai. Aurreko kasuan bezala, aparteko prestazio berria ez da bateragarria izango honako egoera hauekin:

  • Besteren kontura lan egiteagatik soldata jasotzearekin. Salbuespena: lan horrengatik jasotako diru-sarrerak (garbiak) 1,25 aldiz LGSa baino txikiagoak badira.
  • Norberaren kontura beste jardueraren bat egitearekin.
  • Itxierak kaltetutako jarduera duen sozietate batetik datozen etekinak kobratzearekin.
  • Gizarte Segurantzako laguntzaren bat jasotzearekin, salbu eta etendako jarduerarekin bateragarria izanik lehendik jasotzen zuen prestazioa bada (adibidez, alarguntza-pentsioa).

Nola eta noiz eskatu daiteke? 

Jarduera-uzteak dituen gainerako modalitateetan bezala, autonomoak bere mutuan eskatu beharko du prestazioa, Gizarte Segurantzaren mutua laguntzailearen aurrean. Eskaera maiatzaren 31ra arte egin daiteke, edonoiz, betiere eskakizunak betetzen badira. Nolanahi ere, gogoratu beharra dago eskaera egiten den egunaren araberakoa izango dela kobratzeko data: 

  • Eskaera 2021eko otsailaren 1aren eta 21aren artean egiten bada, otsailaren 1etik aurrera jasoko da 4 hilabetez.
  • Otsailaren 21aren ondoren eskatzen bada, berriz, eskaera aurkezten den egunaren biharamunetik aurrera kobratuko da prestazioa, eta gehienez 2021eko maiatzaren 31ra arte.

3. Jarduerarekin bateragarria den jarduera uzteagatiko prestazioa 

2020ko irailean, jarduerarekin bateragarria den jarduera uzteagatiko prestazioa jarri zuen abian Gobernuak diru-sarreretan jaitsiera handiak izan dituzten autonomoentzat. Laguntza hori luzatu egingo da berriro ere baldintza berberekin, lehenagotik ere jasotzen zuten autonomoentzat eta oraindik eskatu ez dutenentzat. 

Zer eskakizun bete behar da prestazioa kobratzen jarraitzeko edo eskuragarri izateko?

Jarduerarekin bateragarria den jarduera uzteagatiko laguntza luzatu nahi duten autonomoek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Norberaren Konturako Langileen Araubide Berezian edo Autonomoetan edo, dagokionean, Itsas Langileen Araubide Berezian afiliatuta eta alta emanda egotea.
  • Jarduera uzteagatiko prestazioa eskatu aurretik gutxienez 12 hilabetez etengabe kotizatu behar izan da kontingentzia horrengatik.
  • Erretiratzeko adin arrunta beteta ez izatea, edo, beteta izanez gero, prestazioa jasotzeko gainerako eskakizunak ez betetzea.
  • Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta izatea. Dena den, jarduera-uzteari dagokion datan eskakizun hori beteta ez badago, organo kudeatzaileak ordaintzeko gonbita egingo dio langile autonomoari, zor dituen kuotak hogeita hamar egun naturaleko epe luzaezinean ordain ditzan.
  • Norberaren konturako jardueraren diru-sarrerak, zergetan konputagarriak direnak, 2021eko lehenengo seihilekoan % 50etik gora murriztu direla egiaztatzea, betiere 2019ko bigarren seihilekokoekin alderatuta. % 50etik gorako murrizketaren eskakizuna oraingoan ezarri da eta berria da. Gainera, 2021eko lehen seihilekoan, zergetan konputagarriak diren etekin garbiak ezingo dira izan 7.980 euro-tik gorakoak.

Gogoratu beharra dago, diru-sarreren murrizketa kalkulatzeko, 2019ko bigarren seihilekoan alta emanda egondako aldia hartuko dela kontuan, eta 2021eko lehen seihilekoan izandako diru-sarrerekin alderatuko dela.

Zenbat kobratzen da eta zer gertatuko da kuotarekin?

Irailean abian jarri zen aurreko prestazioak bezala, jarduera-uzte honek ere aukera emango die autonomoei kotizazio-oinarriaren % 70 kobratzeko (661 euro gutxieneko oinarrian kotizatzen badute).

Kuotari dagokionez, prozedura ere orain artekoa izango da: laguntza hau jasotzen duen bitartean, autonomoak kotizazio guztiak ordaindu beharko dizkio Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari.
Gero, mutuak ordainduko dio autonomoari kontingentzia arruntengatiko kotizazioen zenbatekoa, hau da, % 98,2, prestazioaren zenbatekoarekin batera. Bestela esanda, autonomoak bere kuotaren % 1,8 bakarrik ordainduko du, 16 euro inguru gutxieneko oinarrian kotizatzen badu.

Nola eta noiz arte eskatu daiteke?

Kasu honetan ere, gainerako prestazioetako prozedura bera erabiltzen da. Jarduerarekin bateragarria den jarduera uzteagatiko prestazioa mutua laguntzailean eskatu behar da, betiere baldintza guztiak betetzen badira, urtarrilaren 31ra arte, baina:

  • Eskaera 2021eko otsailaren 1aren eta 21aren artean egiten bada, otsailaren 1etik aurrera jasoko da 4 hilabetez.
  • Otsailaren 21aren ondoren eskatzen bada, berriz, eskaera aurkezten den egunaren biharamunetik aurrera kobratuko da prestazioa, eta gehienez 2021eko maiatzaren 31ra arte.

Zer dokumentu aurkeztu behar da?

Prestazioa jasotzeko, mutuan eskuragarri dagoen eskaera-eredua bete behar da. Dokumentu horretan autonomoak baimena eman ahal izango dio mutuari Ogasun Ministerioan zerga-datuak kontsultatzeko.

Eta baldintzak ez direla beteko ikusten bada?

Laguntza eskuratu ondoren autonomoa konturatzen bada fakturazio-beherakadaren edo etekin garbien inguruko eskakizunak ez dituela beteko, honako aukera hauek izango ditu:

  • Laguntzari uko egin diezaioke, edozein unetan, 2021eko apirilaren 30a baino lehen.
  • Bere ekimenez prestazioa itzuli ahal izango du 2021eko lehen seihilekoko diru-sarrerek adierazitako mugak gaindituko dituztela ikusten duenean.

4. Sasoiko autonomoentzako aparteko prestazioa zabaltzea

Azkenik, eskuragarritasuna areagotzeko helburuarekin, dekretuak zabaldu eta berriro aldatu ditu sasoiko autonomoei bideratutako prestazioa lortzeko eskakizunak.

Zer eskakizun bete behar dira laguntza eskuratzeko?

  • Bai 2018an eta bai 2019an, gutxienez 4 hilabetez eta gehienez 6 hilabetez autonomo gisa alta emanda egon eta kotizatu behar izan du eskatzaileak, betiere, denbora-tarte horretan, gutxienez 2 hilabetez alta emanda egon bada 2018ko eta 2019ko ekitaldien lehen erdian.
  • 2018an eta 2019an zehar, besteren konturako langile gisa ezin izan da egon 120 egun baino gehiago alta emanda edo antzeko egoera batean.
  • Besteren konturako langile gisa ezin izan da egon 60 egun baino gehiago alta emanda edo antzeko egoera batean 2021eko lehenengo seihilekoan.
  • Zergetan konputagarriak diren 6.650 eurotik gorako diru-sarrera garbirik ez lortzea 2021. urtearen lehen erdian.
  • Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta izatea. Dena den, jarduera-uzteari dagokion datan eskakizun hori beteta ez badago, organo kudeatzaileak ordaintzeko gonbita egingo dio langile autonomoari, zor dituen kuotak hogeita hamar egun naturaleko epe luzaezinean ordain ditzan.
  • Zenbat kobratzen da eta zenbateko kuota ordaindu behar da?

Alarma-egoeran indarrean egon zen aparteko prestazio hartan bezala, laguntzaren zenbatekoa dagokion gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 70ekoa izango da (661 euro gutxieneko oinarrian kotizatzen bada).

Kotizazioari dagokionez, prestazioa jaso bitartean ez da nahitaezkoa izango kotizatzea, eta langilea alta emanda egongo da.

Zenbat iraungo du?

Prestazioak 2021eko otsailaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak, eta gehienez 4 hilabeteko iraupena izango du, betiere eskaera otsailaren 1etik 21era bitartean aurkezten bada. Bestela, eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Jarduera uzteagatiko laguntza hau edozein unetan eskatu daiteke, araua indarrean sartzen den unearen eta 2021eko urtarrilaren arteko epean.

Eta eskakizunak ez direla beteko ikusten bada?

Laguntza eskuratu ondoren autonomoa konturatzen bada eskakizunak ez dituela beteko, honako aukera hauek izango ditu:

  • Laguntzari uko egin diezaioke, edozein unetan, 2021eko apirilaren 30a baino lehen.
  • Bere ekimenez prestazioa itzuli ahal izango du diru-sarrerek adierazitako mugak gaindituko dituztela ikusten duenean.

Zer dokumentu aurkeztu behar da?

Autonomoak mutuan eskuragarri dagoen eskaera-eredua bete beharko du. Dokumentu horretan baimena eman ahal izango dio mutuari Ogasun Ministerioan zerga-datuak kontsultatzeko.

 

 

Azken berriak