JARDUERA EKONOMIKOAK SUSTATZEKO KENKARIAK PFEZ-N

Jarduera ekonomiko bat duten zergadunek kenkari jakin batzuk dituzte PFEZn, jarduera sustatzeko. Horrelako lau kenkari-mota daude:

  • Inbertsioengatiko kenkariak.
  • Enplegua sortzeagatiko kenkariak.
  • Langileek enpresan parte-hartzeagatiko kenkariak.
  • Enpresa sortu berrietan inbertitzeagatiko kenkariak.

Kenkari horiek zenbait aldaketa izan dituzte berrikitan, 2018ko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatzen diren jardunetarako indarrean jarri direnak. Artikulu honetan berrikusi egingo dugu nola aplikatzen diren kenkari horiek Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan, berdinak baitira hiru lurraldeotan. Horrelako kenkariak Nafarroan nola aplikatzen diren jakiteko, egin klik esteka honetan:

[ENPRESA- ETA LANBIDE-JARDUERENGATIKO KENKARIAK NAFARROAN]

Inbertsioengatiko kenkariak

Zergadunek zenbait kenkari aplika ditzakete PFEZn, honako hauek sustatzeko: aktibo finko ukigarri eta ukiezin jakin batzuetako inbertsioak eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauan aurreikusitako jarduera jakin batzuk. Arauan zehaztutako kenkariaren ehunekoak (oro har, % 10ekoak) eta mugak berdinak dira kasu guztietan.

Kontzeptu horrengatik egin daitezkeen kenkarien mugak jarduera ekonomikoen etekinek osatutako zerga-oinarriaren zatiari dagokion kuota osoaren gainean aplikatuko  dira.

Kenkaria ezin bada osorik edo partzialki aplikatu kuota osoa nahikoa ez izateagatik, ondorengo ondoz ondoko 15 urteetan aplikatu ahal izango da (2018tik aurrera, ondorengo 30 urteetan).

Enplegua sortzeagatiko kenkaria

Zergaldian zehar kontratatutako pertsona bakoitzeko 4.900 euroko kenkaria aplikatu ahal izango da kuota likidotik, betiere langileari kontratu mugagabea egiten bazaio.

Kopuru horri beste 4.900 euro gehituko zaizkio, kontratatutako pertsona lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboetako batean badago.

Langileari lanaldi partzialeko kontratua egiten bazaio, berriz, lanaldi partzialaren eta lanaldi osoaren arteko aldearen proportzio berean murriztuko da kenkariaren zenbatekoa.

Kenkari hori aplikatzeko honako baldintza hauek bete behar dira: lehenik, kontratazioa egiten den zergaldiaren bukaeran dagoen langile finkoen kopurua ez murriztea ondorengo bi urteetan, eta bigarrenik, langile-kopuru hori kenkaria sortzen den zergaldiaren hasieran baino handiagoa izatea, kenkari-eskubidea duten kontratuen kopuru berean gutxienez.

Gainera, kenkaria sortzen den zergaldiaren hasierako langile finkoen kopuruak handiagoa izan beharko du kontratazioa egin den zergaldiaren aurreko urtekoa baino, kenkari-eskubidea duten kontratuen kopuru berean gutxienez.

Enpresa sortu berrietan inbertitzeagatiko kenkaria (2017. urtea – aldaketen eragina 2018-01-01etik aurrera)

Zergadunek zergaldian enpresa sortu berrietan edo duela gutxi sortutakoetan harpidetutako akzioak edo partaidetzak erosteko erabilitako zenbatekoaren % 20 kendu ahal izango dute. Kapitalerako aldi baterako ekarpenaz gain, bere enpresa- edo lanbide-ezagutza ere eskain dezake.

Gehieneko kenkari-oinarria 5.000 eurokoa izango da urtean, eta harpidetutako akzio edo partaidetzen erosketa-balioak osatuko du oinarri hori. Era berean, urteko gehieneko kopuru kengarriak ezin du gainditu zergadunari dagokion zergaren oinarri likidagarriaren % 10.

Aurretik aipatutako mugak gainditzeagatik aplikatu ezin izan diren kenkariak ondorengo ondoz ondoko bost urteetan amaitzen diren zergaldietako autolikidazioetan aplikatu ahalko dira, betiere aipatutako mugak errespetatuz.

Enpresa eratzen den une berean edo eratu ondorengo hiru urteetan egiten den kapital-gehikuntzaren bidez eskuratu beharko ditu zergadunak erakundearen akzioak edo partaidetzak, eta gutxienez hiru urtez eta gehienez hamabi urtez eutsi beharko dio ondareari.

Akzioak edo partaidetzak saltzen dituen erakundeak sozietate anonimoa, sozietate mugatua, lan-sozietatea edo kooperatiba-sozietatea izan beharko du.

Zergadunak erakundean duen partaidetza zuzena edo zeharkakoa –haren ezkontideak, izatezko bikoteak, edo zuzeneko lerroan edo albokoan bigarren gradurainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunaren bidez hari loturiko edozein pertsonak duen partaidetza ere kontuan hartuta– ezin da erakundearen kapital sozialaren edo boto-eskubidearen % 40 baino handiagoa izan, partaidetza duen urte naturaletako egun bakar batean ere.

Kenkari hori aldatu egin da 2018ko ekitaldirako, haren aplikazioa eta inpaktua errazteko. Hona hemen aldaketak:

  • Zergadunak enpresaren akzioak edo partaidetzak eskuratzen dituen zergaldian enpresaren fondo propioen gehieneko zenbatekoa 400.000 eurokoa izateko betekizuna kendu da.
  • Enpresa eratzen den une berean edo eratu ondorengo bost urteetan (baita zazpi urteetan ere) egiten den kapital-gehikuntzaren bidez eskuratu beharko ditu zergadunak enpresaren akzioak edo partaidetzak, eta gutxienez bost urtez eutsi beharko dio ondareari.
  • Zergadunak izan dezakeen gehienezko partaidetza zuzena edo zeharkakoa erakundearen kapitalaren edo boto-eskubideen % 25era jaitsi da.

Langileek enpresan parte hartzeagatiko kenkaria

Zergadunek lan egiten duten erakundearen edo edozein sozietate-talderen akzioak edo partaidetzak erosteko edo harpidetzeko zergaldian zehar eskudirutan ordaindutako zenbatekoaren % 10eko kenkaria izango dute, urtean 1.200 €-ko mugarekin.

Aurrekoaz gain, honako baldintza hauek bete behar dira:

  • Araututako merkatuetan negoziatu ezin diren baloreak izango dira.
  • Erakundeak mikroenpresa, enpresa txikia edo ertaina izan behar du, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauak aurreikusitakoaren arabera.,
  • Erakundeak langile guztiei egindako eskaintzaren ondorioa izan behar du erosketak edo harpidetzak, baldintza-berdintasuna betez eta langile bat ere diskriminatu gabe.
  • Langileak, bere ezkontidearekin, izatezko bikotearekin edo laugarren mailarainoko ahaideekin batera, ezin du % 5etik gorako partaidetza zuzena edo zeharkakoa izan erakundean edo taldeko beste edozein sozietatetan.
  • Kenkari-eskubidea ematen duten akzio edo partaidetzei gutxienez bost urtez eutsi behar zaie.

Era berean, zergadunek lan egiten duten erakundearen edo edozein sozietate-talderen akzioak edo partaidetzak erosteko edo harpidetzeko zergaldian zehar eskudirutan ordaindutako zenbatekoaren % 10eko kenkaria izango dute, urtean 6.000 €-ko mugarekin, baldin eta zenbateko horiek euskal administrazio publikoek eratutako fondoen maileguetatik badatoz.

Azken berriak

Soldata erregistratzeko betekizun berria

Langilerik baduzu kontratupean, soldata-erregistro bat ere bete beharko duzu Azken hilabeteotan asko hitz egin da lanaldiaren erregistroa osatzeko betebeharrari buruz,...