Jarduera-aniztasuna: nola kotizatzen den eta zein laguntzatarako eskubidea ematen duen aldi berean langile autonomoa eta besteren konturako langile kontratuduna izateak

Norbere edo besteren konturako langileak, bere jarduerak direla medio, nahitaez Gizarte Segurantzako bi erregimenetan edo gehiagotan izena eman behar duenean sortzen den egoerari esaten zaio jarduera-aniztasuna. Beraz, besteren konturako lan-kontratua izan eta Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean alta emanda egotearekin bateragarria da aldi berean norbere kontura bestelako ekonomia-jardueretan aritu eta Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) izena emanda egotea.

Aldi berean besteren kontura lan egiteagatik jarduera-aniztasuneko erregimenean kotizatu duten langile autonomoek (kontingentzia arruntei dagokien kotizazioa), Estatuko Aurrekontu Orokorren legeak urtero finkatutako gehienezko zenbatekoa edo gehiago kotizatu badute, eskubidea izango dute zenbateko horretatik aurrera ordaindu duten zenbatekoaren % 50 berreskuratzeko, gehienez LAABen ordaindutako kontingentzia arruntengatiko kuoten % 50. Itzulketa interesdunak eskatuta egingo da, eta horretarako eskaera hurrengo ekitaldiko lehen lau hilabeteetan egin beharko du.

Laguntzak eta jarduera-aniztasuna

1. Jarduera-aniztasuna eta Gizarte Segurantzako laguntzak (baliaezintasun, zahartzaro, heriotza eta biziraupenagatikoak)

Langileak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean eta Autonomoen Araubidean (LAAB) kotizazio-aldiak egiaztatuta baditu, segidan edo txandaka, aldi horiek osotasunean hartuko dira kontuan, gainjartzen ez baldin badira, laguntzarako eskubidea eskuratzeko, horri eusteko edo berreskuratzeko. Baliaezintasunagatiko, zahartzaroagatiko, heriotzagatiko eta biziraupenagatiko pentsioak honako irizpide hauen arabera eskuratuko dira:

a) Langileak, laguntza eskatzean kotizatzen ari den erregimenean izango du laguntza jasotzeko eskubidea, betiere erregimen horretan baldintza guztiak betetzen baditu (adina, gabezia, etab.).

b) Baldintza horiek betetzen ez baditu, aurretik kotizatu duen erregimenean izango du pentsiorako eskubidea, betiere erregimen horretan baldintza guztiak betetzen baditu.

c) Horretan ere ez baditu betetzen, kotizazio guztien batuketa egingo da eta pentsioa emango zaio kotizazio gehien metatu dituen erregimenaren arabera.

Azaldutakoa aplikagarria da laguntza kobratzeko baldintzak betetzeko (adina, eskatzen diren kotizazio-aldiak, etab.), eta gainjartzen ez diren kotizazioei dagokie (aldi batez erregimen batean kotizatu da eta beste aldi batez beste erregimen batean). Gainjartzen direnek, ondorio horietarako, bakar baten balioa izango dute.

Langileak bi erregimenetan batera kotizatu badu, kotizazio bikoitzak edo jarduera-aniztasunak bi pentsio izateko eskubidea emango dio soilik erregimen bakoitzeko baldintza guztiak betetzen baditu.

Baina, hainbat erregimenetan kotizatu duela egiaztatuta, horietako batean pentsio-eskubiderik ez badu, erregimen horretan (jarduera aniztasunean) egiaztatutako kotizazio-oinarriak eta pentsio-eskubidea onartzen dion erregimeneko kotizazio-oinarriak metatu ahal izango ditu, solik oinarri arautzailea zehazte aldera, eta oinarrien batuketak ezingo du gainditu une bakoitzean indarrean den kotizazioaren gehieneko muga.

2. Jarduera-aniztasuna eta erretiroa

Erregimen bakoitzeko baldintza guztiak betetzen baditu, langileak bi pentsio jasotzeko eskubidea izango du. Erretiroko unean erregimen horietako batean alta emanda ez badago, bi erregimenetan egiaztatutako kotizazioak gutxienez 15 urtez izan beharko ditu gainjarrita. Hainbat erregimenetan kotizatu duela egiaztatuta, horietako batean pentsio-eskubiderik ez badu, erregimen horretan (jarduera aniztasunean) egiaztatutako kotizazio-oinarriak eta pentsio-eskubidea onartzen dion erregimeneko kotizazio-oinarriak metatu ahal izango ditu, solik oinarri arautzailea zehazte aldera, eta oinarrien batuketak ezingo du gainditu une bakoitzean indarrean den kotizazioaren gehieneko muga.

Aurreko atalean aipatutako kotizazio-oinarrien metaketa gauzatu ahal izateko, gertaera eragilearen aurreko hamar urteetan jarduera-aniztasunean egon dela egiaztatu beharko du langileak. Bestela, aurreko paragrafoan adierazitako aldiaren barruan jarduera-aniztasunean benetan kotizatutako denborari dagozkion kotizazio-oinarrien zati proportzionala metatuko da, legearen arabera.

3. Jarduera-aniztasuna eta haurdunaldiko edo edoskitze-aldiko arriskua

Kontuan hartuko da arrisku-egoera langilearen jarduera guztietan edo horietako bakarrean ematen den. Arrisku-egoera langilearen jarduera guztietan ematen bada, emakume horrek erregimen bakoitzean izango du laguntzarako eskubidea, betiere horietako bakoitzean baldintza guztiak betetzen baditu. Arrisku-egoera ez bada langilearen jarduera guztietan ematen, emakume horrek arrisku-jarduera hartzen duen erregimenean bakarrik izango du laguntzarako eskubidea.

4. Jarduera-aniztasuna eta aldi baterako ezintasuna

Aldi baterako ezintasunagatiko laguntza ekonomikoaren estaldura nahitaezkoa da LAABen izena emanda duten langile guztientzat, baina hautazkoa izango da, Gizarte Segurantzako beste erregimen batean alta emanda egonik, horretan Aldi baterako ezintasunagatiko laguntza-eskubidea dutenentzat.

Lan-istripuen eta gaixotasun profesionalen kontingentzien estaldura borondatezkoa da LAABen, bi salbuespenekin: mendeko langile autonomoak (TRADE) eta istripu-arrisku handiko jarduera profesionala izateagatik nahitaez estaldura hori izan behar duten autonomoak. Haatik, Erregimen Orokorreko kotizazioetan sartuta daude lan-istripuengatiko eta gaixotasun profesionalengatiko kontingentziak.

Laguntzaren izaera kontuan hartuta, orokorrean ez dira bateragarriak laguntza jasotzea eta ordaindutako edozein jardueratan aritzea. Nolanahi ere, norbere kontura eta besteren kontura (jarduera-aniztasunean) lanean diharduen edo bi jarduerak erregimen berean dituen (enplegu-aniztasuna) langilearen kasua da ohikoena. Aldi baterako ezintasunagatiko laguntzaren arrazoi den osasun-arazoak bi jardueretako batean bakarrik badu eragina, laguntza hori bigarren jarduerarekin bateratu ahal izango du, betiere egoera horrek lanerako gaitasuna osorik berreskuratzea galarazten ez badio.

Informazio gehiago, artikulu honetan BATERAGARRIA AL DA LANGILE AUTONOMOA IZATEA ETA ALDI BEREAN SOLDATAKO LANGILEA?

Edonola ere, Consulting Pro zerbitzutik zure egoera zehatza aztertzen lagunduko dizugu. Deitu 900 100 240 telefono-zenbakira edo bidali zure kontsulta webgunearen bitartez, honako inprimaki hau erabiliz.

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak