Instagramen erabilera saltokietarako eta negozio txikietarako

Instagram izugarri hazten ari da. Hain zuzen, sare sozial guztietatik, azken urteotan hazkunderik handiena izan duena da. 2012an, Facebookek Instagram erosi zuen, eta horrek hazkundea areagotu zuen.

Hasieran, pertsona gazteentzat zen, erabilera pertsonalekoa, baina gero eta enpresa gehiagok Instagramen kontua sortzea erabaki dute, euren xede-publikoa erakartzeko asmoz.

Orain, komunikazio-tresna nagusietako bat da enpresa eta saltokientzat, ikusizko edukia sortzeko eta publizitate-kanpaina eraginkorragoak egiteko aukera ematen baitu. Gainera, argitaratutako irudietan oinarrituta bere plataformatik bertatik saltzeko proba bati ekin dio Instagramek Estatu Batuetan. Enpresentzako Instagramen blogeko sarrera honetan lor daiteke horren berri.

ezgif_com-gif-maker

Zalantzarik gabe, gaur egun, Instagram ezinbesteko sare sozialetako bat da profesional eta enpresentzat.

Zer da Instagram? Kontuan hartu beharreko alderdiak

“Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du”. Horixe da Instagramen funtsa. Irudi batek gure erretinan duen eragin bisuala askoz handiagoa da edozein eslogan gogoraerrazen mezua baino. Hori horrela, ezinbestekoa da irudiei ahalik eta etekinik handiena ateratzea.

Beraz, esan daiteke Instagram argazki eta bideoak kargatzeko sare sozial eta aplikazio bat dela. Pertsonek argazki-efektuak erabil ditzakete, eta, gero, argazkiak Instagramen bertan edo beste sare sozial batzuetan elkarbanatu; esaterako, Facebook, Tumblr, Flickr eta Twitterren.

Sare sozialekin lotura duen edozein gauzarekin bezala, Instagramen zure enpresaren kontua egin aurretik, komeni da zenbait galderari erantzutea, sare sozial hori enpresarentzat egokia den ala ez jakiteko. Kontuan hartu behar da Interneten denak ez duela balio. Beraz, zentzuzkoagoa da kontua sare sozial pare batean izatea eta behar bezala eguneratzea, zaindu gabeko sare sozial askotan egon beharrean.

Garrantzitsua da gure erabiltzaileekiko komunikazioa zaintzea eta gure markarekin lotutako online ospea sortzea. Hortaz, hasi aurretik, hobe da zure buruari galdetzea ea zure enpresak Instagramen kontu korporatiboa izan behar duen. Hain zuzen, erantzun galdera hauei:

  • Nire produktuak ezagutarazten lagundu dezake?
  • Irudien bidez markaren balioa hobetuko da?
  • Sare soziala eguneratzeko denbora daukat?
  • Badakit nola funtzionatzen duen?

Galderen erdiei baiezko erantzuna eman badiezu, onuragarria izango da zure enpresarentzat Instagramen kontua izatea. Lehenik eta behin, sare sozial horretan zer online estrategia izan zehaztu behar duzu; izan ere, irudiak ausaz argitaratzeak ez du ezertarako balio. Gogoratu online marketinean zer den funtsezkoa: helburuak ezartzea eta emaitzak neurtzea.

Kontuan hartu beharreko zenbait aholku:

Lortu zure lehen jarraitzaileak

Instagramen profila sortzen duzunean, 0 jarraitzaile dituzu. Zure bezero potentzialen aurrean, ez da oso egokia zure markagailua hutsean egotea. Beraz, hasteko, “Follow and I will follow back” teknika erabil dezakezu: profilei jarraitzea, haiek zure jarraitzaileak izateko. Nahi baduzu, zure Instagrameko profil pertsonaletik, beste arrazoi batzuengatik edo beste sare batzuetatik ezagutzen duzun jendearekin has zaitezke.

Teknika hori pixka bat inbaditzailea irudituko zaizu, batik bat online marka edo denda batek erabiltzen badu, baina Instagramen jarraitzaileak doan eta azkar lortzeko modurik errazena da.

Dena den, ez da komenigarria zenbait profili irizpiderik gabe jarraitzea; zure negozioaren xede-publikoa bilatu behar duzu. Horretarako, bi gauza egin ditzakezu:

  • Zure lehiakideen jarraitzaileak kopiatzea. Haien jarraitzaileak zure bezero potentzialak dira. Bilatu online denda bat, zureen antzeko produktuak saltzen dituena, eta hasi haren jarraitzaileei jarraitzen.
  • Zure sektorean influencer-ak direnen jarraitzaileak kopiatzea; jarraitzaile asko dituzte, eta haien iritzia garrantzitsua da. Esate baterako, demagun zure online dendan haurrentzako gauzak saltzen dituzula eta Espainiako merkatuan jardun nahi duzula; bilatu Espainiako erreferentziazko ama blogari bat eta hasi haren jarraitzaileei jarraitzen. Jarraitzaile horietako asko zuri jarraitzen hasiko dira, eta zure online dendara joateko esteka sakatuko dute (beraz, ipini esteka zure profilean). Jarraitzaileak lortzeaz gain, trafiko kualifikatua eramango duzu zure dendara.

“Follow and I will follow back” teknikak emaitza gehiago ematea nahi baduzu, pertsonei jarraitzeaz gain, “atsegin dut/like” sakatu behar duzu haien profileko azken argazkiren batean. Egiaztatuta dago horrek jarraipenaren itzultze-ratioa hobetzen duela.

Eta pertsona horiek zuri jarraitzeko aukerak handiagotu nahi badituzu, utzi iruzkin bat haien argazkietan.

Influencerren profiletan iruzkinak egitea

Online denda txikiek erabiltzen dute teknika hori. Instagramen identifikatu behar duzu zein diren zure sektoreko influencerrak. Ondoren, argitaratzen dituzten argazkietan, “gure negozioaren publizitatea duen” iruzkin bat egin behar dugu.

Adibidez: gau-jantziak saltzen badituzu, bilatu influencerrak (jarraitzaile asko dituzten eta zure sektorean eragina duten pertsonak) eta, haien argazkiren batean saldu nahi ditugun moduko jantziak azaltzen badira, honako honen antzeko iruzkin bat idatz dezakegu: “Neskak, bisitatu gure profila, azken joeretako gau-jantziak aurkituko dituzue, arrazoizko prezioetan”.

Influencerren jarraitzaileek zure iruzkina irakur dezakete, eta haietako batzuek klik egingo dute profileko izenean, eta zure produktuak ikusi, zuri jarraitu, eta zure online dendan sartuko dira. Hortaz, trafiko kualifikatua bideratuko duzu zure webgunera; online salmentak lortzeko aukera da.

Dena den, teknika hori sektorean hasten ari diren pertsonen denda txikientzat da egokia, ez baita oso profesionala. Hori dela eta, kontu handiz erabili behar da.

Lotu zure kontua Facebookekin

Zure Instagrameko kontuko jarraitzaile-kopurua handitu nahi baduzu, bi kontuak lotzea gomendatzen dizugu, jarraitzaileak sare sozial batetik bestera bideratzeko. Facebooken ere traolak erabiltzen badira ere, oso bestelakoak dira joerak eta erabilerak. Zure sare sozialak gestionatzeko tresnaren bat, hala nola HootSuite, erabiltzen baduzu, garrantzitsua da zure mezuak eta haien tonua zein forma dibertsifikatzea.

(#) Traolen erabilera

Argazkiak kargatzeaz gain, traolak (#) behar bezala erabiltzen ikasi behar duzu, haien araberakoa izango baitira zure argitalpenen irismena eta jarraitzaile-kopurua. Twitterren bezala, Instagramen ere traolen joera egunero aldatzen da; izan ere, asteko egun bakoitzerako traolak daude. Bilatu zure sektorearekin zerikusirik handiena duten etiketak eta erabili zure argazkietan. Esate baterako, beherapenetan edo gero eta ezagunagoa den Black Friday egunean salmenta gehiago lortu nahi badituzu, erabili #beherapenak edo #blackfriday traolak.

lolatenerife_grande

Oraingoan ere, zer traol erabili behar dituzun jakiteko, aztertu zein erabiltzen dituzten zure lehiakideek, influencerrek eta abarrek.

Dena den, ez erabili traol gehiegi. Instagramek 30 traol jartzen uzten du argitalpen berean, gehienez ere, baina, traol gehiegi badaude, mezuaren eragina txikitu egingo da.

Kalitatezko jarraitzaileak eta interesdunak

Sare sozial ororen erronkarik handienetako bat eragin handia izatea eta kalitatezko jarraitzaileak aurkitzea da. Edozein markaren lanik zailenetako bat erabiltzaileak fidelizatzea da, gure produktuak berriro kontsumi ditzaten lortzea, alegia. Sentimenduak markekin lotuz, gure produktuak erabiltzaileengana hurbiltzea lortzen dugu, baita erabiltzaileek gure produktuetan interesa izatea eta informazio eguneratua eskuratzea ere; beraz, salmentak lor ditzakegu.

Ohiko akatsa da Instagrameko profila zure produktuak sustatzeko soilik erabiltzea. Instagramen arrakasta lortu duten marka eta enpresek euren produktu edo zerbitzuen balioa erakusten dute; alegia, produktuaz gain, hari esker lortzen dena ere saltzen dute. Jendeak ez du publizitatea ikusi nahi; hortaz, saiatu zure edukiak iragarki baten antza izan ez dezan.

Oso garrantzitsua da zure profilak lerro jakin bat izatea. Noizean behin, lerro horretatik ateratzen den edukia argitara dezakezu, baina ahalegindu lerro horretara beti itzultzen. Horri esker, zure kontuak ikusleria zehatza izango du.

Zure xede-publikoa aukeratu behar duzu, eta, jende hori erakartzeko, estrategia egokia behar duzu, baita publiko horrentzat baliagarria izango den edukia ere. Adibidez, lerro iradokitzailea izan dezakezu; alegia, zure jarraitzaileentzat baliagarriak diren joera, bizimodu edo interesei buruzko informazioa eman dezakezu.

Horrenbestez, zure marka-irudia hobetzen eta zure jarduera eta produktuak erakusten laguntzen dizu Instagramek, publizitate-kanpaina garestietan dirurik inbertitu gabe.

Sustatu zure produktuak influencerren bidez

Instagramen, askotariko influencerrak daude. Jarraitzaile asko (10.000tik gora) dituzten profilak dira, eta harremanetarako helbide elektronikoa izan ohi dute. Haietako askok zure produktuaren argazki bat argitaratzea eta zure kontua aipatzea onartzen dute. Horren ordainean, askok produktua onartzen dute, eta beste batzuek prezio bat kobratzen dute argitaratutako argazki bakoitzeko.

Sortu ekitaldiak eta lehiaketak

Besteen lehiaketa eta ekitaldietan parte hartzeaz gain, zeureak sortu behar dituzu. Aukeratu gai bat, erabaki jarraitu beharreko estrategia, eta, batik bat, pentsatu zer sari eskainiko diezun zure jarraitzaileei. Interesgarria den zerbait eskaini behar duzu, hala nola opariak, deskontu-txartelak eta sustapen bereziren bat.

Horretarako, zozkatu nahi duzun produktuaren argazkia ipini behar duzu zure profilean, eta, testu batean, zozketan parte hartzeko bete beharreko baldintzak azaldu. Gutxienez, baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Zure profilari jarraitu (Helburua: jarraitzaile gehiago lortzea).
  • Euren Instagrameko profilean lehiaketaren argazkia jarri (Helburua: lehiaketa birala izatea), zure marka aipatuz.
  • Zure markarekin lotutako traola jartzeko edo zure markari buruz zerbait idazteko eska dezakezu.

Eman protagonismoa zure bezeroei

Badago Instagrameko profiletan gero eta gehiago erabiltzen den teknika bat: bezeroek zure produktuekin argitaratzen dituzten argazkiak zure saltokiaren profilean argitaratzea, lehenago sortu duzun eta zure Instagrameko, Facebookeko edo Twitterreko profilean edo zure online dendan erabili duzun traolarekin batera.

Horri esker, zure jarraitzaileek ikus dezakete nola geratzen diren zure produktuak edo benetako bezeroek nola erabiltzen dituzten. Gainera, lotura bat ezartzen duzu zure ikusleekin, zure profileko protagonistak bihurtuz.

mr wonderful_grande

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....