In itinere istripuetarako estaldura berria autonomoentzat

Lan Autonomoaren Premiazko Erreformen Lege berriak onartu egin du in itinere istripua duten autonomoentzako Gizarte Segurantzaren babesa (hau da, etxetik lanerako eta alderantzizko bidean istripua dutenentzat), betiere arrisku profesionalengatik kotizatzen badute.

Oraintsu arte, norberaren konturako profesional batek bere negoziotik etxerako bidean istripua bazuen, hori ez zen lanarekin lotutako istriputzat hartzen. Lege berriak aldatu egin du egoera, eta, baldintza jakin batzuetan, berdindu egin ditu norberaren konturako langilea eta soldatapekoa.

Neurria indarrean sartu ondoren, in itinere istripua lan-istripua izango da. Beraz, langile autonomoak kotizazio-oinarriaren % 75 jasoko du, aldi baterako ezintasunagatiko baja hartu eta hurrengo egunetik aurrera.

Neurria indarrean dago 2017ko urriaren 26tik, eta kotizazio-oinarrian kontingentzia profesionalei dagokien estaldura sartuta duten autonomoei bakarrik aplika dakieke. Kontuan izan behar dugu autonomo bakoitzaren esku dagoela kontingentzia profesionaletarako kotizatzea ala ez.

Araudiaren arabera, langile autonomoaren lan-istriputzat hartuko da bere kontura egiten duen lanaren ondorio zuzena eta berehalakoa den istripua, betiere lan hori bada araubide berezi horren aplikazio-eremuan sartzearen zioa.

Lan-istriputzat joko da, halaber, jarduera ekonomiko edo profesionalaren egoitzara (lantokira) joateko edo handik itzultzeko bidean izandako istripua ere. Eragin horietarako, langile autonomoak bere jarduera egiten duen tokia hartuko da lantokitzat, baldin eta bere etxea ez bada eta bat badator zerga-ondoreetarako erregistratuta duen lokal, pabiloi edo bulegoarekin.

Garrantzitsuena da autonomoak lantoki duen bulegoa, pabiloia edo lokala zerga-helbide gisa erregistratuta izatea. Profesional batzuek euren etxebizitza dute jarrita zerga-helbide gisa. Kasu horietan, autonomoari ezin zaio in itinere istripua onartu trafiko-istripua izan badu, legearen arabera laneko helbidea eta etxekoa berbera baitira.

Horiez hain, badira kontuan hartu beharreko beste alderdi batzuk. Artikulu honetan azalduko dizkizugu langile autonomoaren auto-istripua in itinere istriputzat hartzeko bete beharreko baldintza orokorrak.

Zer da in itinere lan-istripua?

Espainiako segurantza-sistemaren arabera, bi motatako kontingentziek eragin dezakete ezintasuna: arruntek eta lanekoek. Kontingentzia arrunten artean daude gaixotasun arrunta eta lanekoa ez den istripua. Gaixotasun profesionala eta lan-istripua, berriz, laneko kontingentziak dira.

Araudiaren arabera, «lan-istripu dira langileak inoren kontura egiten duen lanaren ondorioz izan dituen gorputzeko lesioak». Era berean, honako hau agintzen du: «Lan-istriputzat hartuko dira: a) Langileak lantokira joatean edo handik itzultzean izandako istripuak»…

Horixe da in itinere istripuaren lege-kontzeptua. Nolanahi ere, lanaldia hasteko edo amaitzeko orduaren inguruan gertatutako istripua izan beharko da. Bestalde, langileak etxetik lantokira egin ohi duen ibilbidean gertatu behar da istripua, garraiobide egokia erabiltzen ari dela.

Zergatik da garrantzitsua in itinere istripua onartua izatea?

In itinere istripuaren ondoriozko laneko bajak onura asko ditu gaixotasun arruntak edo lanekoa ez den istripuak eragindakoarekin alderatuta.

  • Langileak lehenengo egunetik kobratzen du aldi baterako ezintasunari dagokiona. Bestela, 4. baja-egunetik aurrera kobratuko zukeen.
  • Lan-istripuagatiko laguntza askoz handiagoa izaten da. Kotizazio-oinarriaren % 75 kobratzen da hasieratik, eta, bestela, % 60 21. egunera arte eta hortik aurrera % 75.

Istripu bat in itinere izan dela ebazteko bete behar diren baldintzak azalduko ditugu jarraian.

In itinere istripua izateko bete beharreko baldintzak

Jurisprudentziak baldintza batzuk jartzen ditu istripu bat in itinere izan dela ebazteko, besteak beste, honako hauek:

  • Baldintza geografikoa: langileak bere etxetik lantokira eta alderantziz egin ohi duen ibilbidean gertatu behar da istripua. Langilearen etxea legezko helbidea izan daiteke, edo normalean duen helbidea, edo bigarren etxebizitzari dagokiona, edo oporraldikoa.
  • Baldintza kronologikoa: ibilbidean normalean ematen den zentzuzko denbora-tartearen barruan gertatu behar da istripua. Ibilbidea ohikoa izan behar da; normaltasunetik kanpoko edo norberaren interesen araberako aldi baterako desbideratzeak eginez gero, istripuak ez dira in itinere motakotzat hartzen, kasu horretan eten egiten delako lantokira joatearen eta handik itzultzearen artean egon behar den kausazko lotura.
  • Baldintza teleologikoa: ibilbidearen zuzeneko xedea lanarekin lotutakoa izango da.
  • Erabilitako garraiobidearen egokitasuna: erabilitako garraiobidea egokia izan behar da, langileak normalean erabiltzen duena.

Lan-istripuaren eta in itinere istripuaren arteko aldeak

Legeak, araudia zabalduta, lan-istriputzat hartzen ditu in itinere motakoak. Dena den, badira aldeak bi kontzeptuen artean:

Lan-istripuaren kasuan, lesioa lantokian eta lanorduen barruan gertatuz gero ez dago inolako zalantzarik. Baina in itinere istripuetan, egiaztatu egin behar da langileak egindako ibilbidea, gertakariaren unean, lantokia dela eta lan-denboraren barruan gertatu dela.

Azken berriak