Ibilgailuen eta horien gastuen kengarritasuna BEZ eta PFEZ zergetan

Autonomoek, enpresariek eta profesionalek izan ohi duten zalantza nagusietako bat da: beren jardueran erabiltzen duten ibilgailuaren kostuak kengarriak ote diren.

Automobilak kostu handiko ondare-osagaiak dira, bai erosteko orduan eta baita erabileran ere (erregaia, bidesariak, mantentzea, konponketak, etab.). Zergapeko gehienek erabiltzen dituzte eta, erabilera anitzekoak direnez, sarritan enpresa-kontuetarako eta xede partikularretarako baliatzen dituzte.

Ondorioz, automobilak eta horien kostuak gai gatazkatsua dira PFEZ eta BEZ zergetan duten kengarritasunari dagokionez. PFEZren eta BEZaren araudien arabera, kostu horiek kengarriak izan daitezke, baldin eta ekonomia-jarduera aurrera eramateko eta diru-sarrerak lortzeko ibilgailuok beharrezkoak badira.

Baina automobilak enpresa-lanetarako eta norbere gauzetarako erabil daitezkeenez, zaila da zehaztea kostuaren zein zati dagokion ekonomia-jarduerari eta zein ekonomia-jarduerarekin zerikusirik ez duen ondasun partikularraren kontsumoari.

Ogasunek ez dute konponbide bera eskaintzen bi zergetan. Zorrotzagoak dira PFEZren kasuan, non gastua kengarria den automobila enpresa-lanetarako soilik erabiltzen bada. BEZaren kasuan, berriz, irizpidea malguagoa da eta kenkari partziala baimentzen dute. Horrenbestez, lege-presuntzioak onartzen du automobilaren kostuen erdia enpresa-helburuekin lotuta dagoela.

Kenkaria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ)

1. Ibilgailua soilik ekonomia-jarduerari atxikita dagoenean

Automobilaren enpresa-erabilerak sortzen dituen gastuak (erregaia, bidesariak, konponketak) eta eros-balioaren amortizazioa % 100era arte kengarriak izan daitezke ibilgailua ekonomia-jarduerari soilik eta osorik atxikita badago, honako muga hauekin:

  1. a) Amortizazio edo errentamendu kasuan: 5.000 euro, edo zergadunak erabilitako amortizazio-ehunekoa 25.000 eurorekin biderkatzearen ondoriozko emaitza, txikiagoa bada.
  2. b) Ibilgailua erostearen ondoriozko finantza-gastuak: erosketa-prezioa 25.000 eurotik gorakoa denean, kopuru horri dagokion zati proportzionala.
  3. c) Gainerako gastuak: 6.000 euro.

2. Ekonomia-jardueran ibilgailuaren erabilera ohikoa denean, erabili beharra agerikoa izanik

Jardueraren ezaugarriak direla eta, zergadunak frogatzen badu erabili ohi duen ibilgailua oso garrantzitsua dela diru-sarrerak lortzeko, aipatutako gastuen % 50 kengarria izango da ibilgailu bakarrari dagokionez, honako muga hauekin:

  1. a) Amortizazio edo errentamendu kasuan: 2.500 euro, edo zergadunak erabilitako amortizazio-ehunekoa 25.000 eurorekin biderkatuta ateratzen den zenbatekoaren % 50, txikiagoa bada.
  2. b) Ibilgailua erostearen ondoriozko finantza-gastuak: erosketa-prezioa 25.000 eurotik gorakoa denean, kopuru horri dagokion zati proportzionala.
  3. c) Gainerako gastuak: 3.000 euro.

3. Erabilera noizbehinkakoa denean eta jarduerarako oso garrantzitsua ez denean

Ez dira kengarriak izango automobilen erosketa, errentamendu, konponketa, mantentze edo balio-galerarekin lotuta dauden gastuak.

4. Salbuespenak

1. eta 2. ataletan azaltzen diren mugak ez dira aplikatuko aipatzen diren gastuak honako ibilgailu hauen erabilerari badagozkio, ibilgailuok esklusiboki ekonomia-jarduerari atxikita daudela joko baita:

  • Salgaien garraioan erabiltzen diren ibilgailu mistoak.
  • Bidaiariak garraiatzeko ordaindutako zerbitzuetan erabiltzen direnak.
  • Ordezkari edo agente komertzialek joan-etorri profesionaletan erabiltzen dituztenak, betiere aurreko 1. ataleko a) eta b) letretan ezartzen diren mugak kontuan hartuta.
  • Gidariei edo pilotuei irakasteko ordaindutako zerbitzuetan erabiltzen direnak.Zaintza-zerbitzuetan erabiltzen direnak.
  • Ibilgailuen ordaindutako alokairu-zerbitzuetan diharduten erakundeek jarduera horretarako soilik erabiltzen dituztenak.

Kenkaria Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ)

Kasu horretan, hein batean ekonomia-jardueran erabiltzen diren automobilak, hau da, jarduerari zuzenean eta esklusiboki atxikita ez daudenak, % 50ean enpresa-jarduerara edo jarduera profesionalera lotuta daudela onartuko da. Beraz, aipatutako % 50 horretan ibilgailua erosteko kuotak eta autoarekin zuzenean lotutako ondasun- eta zerbitzu-gastuak (osagaiak eta ordezko piezak, erregaia, aparkamendua, bidesariak, konponketak, etab.) ken daitezke.

Automobila soilik enpresa-jarduerari atxikita dagoela frogatzen bada (hau da, ez dela xede pertsonaletarako erabiltzen, eta gainera subjektu pasiboaren jardueraren kontabilitatean edo erregistro ofizialetan jasota badago), kenkaria % 100erainokoa izango da.

Nolanahi ere, jarraian azaltzen diren ibilgailuak % 100ean ekonomia-jarduerari atxikita daudela onartuko da eta, beraz, horiek erosteak, erabiltzeak eta mantentzeak eragindako kuotak % 100 kengarriak izango dira:

  • Salgaien garraioan erabiltzen diren ibilgailu mistoak.
  • Bidaiariak garraiatzeko ordaindutako zerbitzuetan erabiltzen direnak.
  • Ordezkari edo agente komertzialek joan-etorri profesionaletan erabiltzen dituztenak.
  • Gidariei edo pilotuei irakasteko ordaindutako zerbitzuetan erabiltzen direnak.
  • Zaintza-zerbitzuetan erabiltzen direnak.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....