Honela geratuko dira autonomoek jarduera uzteagatik jasoko dituzten prestazio berriak, irailera arte indarrean egongo direnak

Gobernuak, langile autonomoen ordezkaritza handieneko erakundeekin akordioa lortu ondoren, jarduera uzteagatiko laguntzak irailera arte luzatzea erabaki du. Laguntzak bost modalitate izango ditu.

Negoziazioa amaitzean akordio bat sinatu da azkenik. Akordio horrek, jarduera uzteagatiko gaur egungo laguntzak luzatzeaz gain, ezohiko modalitate berri bat sortu du udako hilabeteetan zehar diru-sarrera txikiak aurreikusten dituzten eta berriro aktibatzea aurreikusten duten autonomoentzat: autonomo horiek beheranzko karga-arintzeak izango dituzte Gizarte Segurantzarekiko kuotetan, joan den urtean bezala. Estimazioen arabera, gaur egun jarduera uzteagatiko prestazioa jasotzen dutenen % 95i emango zaie estaldura.

Jarduera uzteagatiko bost laguntza-modalitate autonomoei estaldura emateko

Horrela, ekainaren 1etik aurrera, beren diru-sarreretan beherakadak aurreikusten dituzten autonomoek ¾beren negozioarekin udako hilabeteetan zehar irauteko adinako fakturazioa izango ez dutenek¾ edo beren jarduera dekretu bidez itxi behar izan dutenek hainbat prestazio-modalitate izango dituzte eskura, norberaren konturako langilearen kasuan kasuko egoerak estali ahal izateko.

Oraingoan, laguntzak bost modalitatetan egituratzen dira: lau prestazio ¾horietatik bat berria da¾ eta irailera arteko kuotetako karga-arintzea. Karga-arintze hori beheranzkoa izango da hilabetez hilabete, eta gainerako prestazioak eskatzen ez dituzten autonomo guztiei emango die estaldura, maiatzera arte beren jarduna uzteagatiko prestazioa jaso dutenei.

Horrela, bada, bi laguntza-mota berri agertu dira, eta horiexek dira, hain zuzen ere, aldaketarik esanguratsuenak: a) laguntza horietako batean, kuotetako karga-arintzeak aplikatuko zaizkie maiatzera arte jarduera uzteagatiko prestazio bateragarria jaso duten eta dagoeneko prestazio gehiago jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten autonomoei; b) eta aparteko prestazio berri bat, POECATA deiturikoaren osagarria, diru-sarrera txikiak izanik, jarduera uzteagatiko prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzen ez dituztenentzat —dela fakturazioaren beherakadagatik, dela kontribuzio-aldiagatik—.

1. Kuotetako karga-arintzea maiatzera arte POECATA kobratu duten autonomoentzat

2021eko ekainaren 1etik aurrera, 2021eko maiatzaren 31n 2/2021 Errege Lege Dekretuan aurreikusitako jarduera uzteagatiko prestazioren bat jasotzen zuten autonomoek ez dituzte kuoten zenbateko hauek  ordaindu beharko: 

  • Autonomoen ekaineko kuotaren % 90.
  • Autonomoen uztaileko kuotaren % 75.
  • Autonomoen abuztuko kuotaren % 50.
  • Autonomoen iraileko kuotaren % 25.

Karga-arintze hori bateraezina da aurrerago ikusiko ditugun jarduera uzteagatiko gainerako prestazioekin. Murrizketa horiek lortzeko, autonomoek ez dute eskaerarik egin beharrik izango; aitzitik, automatikoki aplikatuko zaizkie beste laguntzarik jasotzen ez duten eta jarduera maiatzera arte eten duten autonomoei.

2. Jarduerarekin bateragarria den prestazioaren luzapena (POECATA)

Ekainetik aurrera, oraindik kontribuzio-aldia mantentzen duten autonomoek ¾hau da, 2020ko urritik aurrera kobratzen hasi direnek, edo 2019a baino lehen jarduera uzteagatik kotizatzen zutenek, adibidez¾ berriz eskuratu ahal izango dute jarduerarekin bateragarria den prestazioa, irailera arte. Prestazio hori autonomoaren kotizazio-oinarriaren % 70ekoa izango da (661 euro, gutxienekoa kotizatzen badu).

Autonomoak jarduera-aniztasuna badu, hau da, aldi berean norberaren kontura nahiz besteren kontura lan egiten badu, prestazioaren zenbatekoa gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 50ekoa izango da (460 euroko zenbateko finkoa).

Dena den, dirudienez, autonomo gutxik izango dute modalitate horretara jotzeko aukera. Izan ere, gehienek agortuta izango lukete modalitate horretara jotzeko baldintza gisa ezartzen den kontribuzio-aldia, eta POECATAren baldintzak betetzen ez dituztenentzako aparteko prestazio berrira igaro beharko dute (aurrerago zehaztuko dira baldintzak); bestela, kuotari aplikatutako beheranzko karga-arintzeak izango dituzte. Prestazioa urritik edo lehenagotik kobratzen ari den edozein autonomok dagoeneko agortuta izango du modalitate horretarako eskubidea, norberaren konturako langile gehienek zortzi hilabeteko babesa bakarrik baitute, hau da, bi urteko kotizazioa; izan ere, une horretan orokortu zen jarduera uzteagatiko kotizazioa.

Nolanahi ere, 2021eko ekainaren 1etik aurrera, 2021eko maiatzaren 31n 2/2021 Errege Lege Dekretuko 7. artikuluan araututako norberaren konturako lanarekin bateragarria den jarduera uzteagatiko prestazioa jasotzen zuten autonomoek, prestazio-aldiak agortu ez badituzte, prestazioa jasotzen jarraitu ahal izango dute 2021eko irailaren 30era arte, betiere baldintzak betetzen badituzte (LAAB langile autonomoen araubide berezian alta emanda egotea; adierazitako aldien artean fakturazioaren % 50etik gorako beherakada egiaztatzea; 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan 7.980 eurotik gorako etekin garbi konputagarriak eskuratu ez izana; prestazio-aldiak agortu ez izana; eta abar).

3. Aparteko prestazio berria POECATA jaso ez duten autonomoentzat

Berritasun gisa, 2021eko maiatzaren 31n 2/2021 Errege Lege Dekretuak, urtarrilaren 26koak, barne hartzen duen jarduera uzteagatiko prestazioren bat jasotzen zuten autonomoek, baldin eta jarduerarekin bateragarria den prestazioa (POECATA) jasotzeko eskubiderik ez badute, jarduera uzteagatiko aparteko prestazio berria eskuratu ahal izango dute 2021eko ekainaren 1etik aurrera.

Modalitate berri horrek barne hartuko ditu, POECATA jasotzeko aukerarik ez izateaz gain, dagozkion baldintzak betetzen dituzten autonomo guztiak (2021eko apirilaren 1ean alta emanda egotea; 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan norberaren konturako jardueratik eratorritako zerga-arloko etekin garbi konputagarriak 6.650 eurotik gorakoak ez izatea; 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan norberaren konturako jardueraren zerga-arloko diru-sarrera konputagarriak 2020ko lehen hiruhilekoan baino txikiagoak izatea; eta abar).

Aparteko prestazio horren zenbatekoa gutxieneko kotizazio-oinarriaren % 50ekoa izango da, eta ez autonomoaren kotizazio-oinarriarena. Hau da, oro har, 460 euro finko izango lirateke hilean, salbuespenak salbuespen.

Kuotari dagokionez, POECATA prestazioarekin gertatzen den bezala, autonomoa ez da teknikoki salbuetsita egongo; aitzitik, bere kotizazio guztiak ordaindu beharko ditu Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, eta gero bere mutualitateak itzuliko dizkio, prestazioarekin batera.

4. Jarduera guztia eteteagatiko aparteko prestazioaren luzapena

Era berean, dekretu berriak luzatu egin du osasun-agintariek dekretu bidez agindutako jarduera eteteagatiko aparteko prestazioa. Birusa berragertuko balitz, 2021eko ekainaren 1etik aurrera, agintari eskudunak agindutako neurri murriztaileen ondorioz beren jarduera guztiak bertan behera utzi behar dituzten autonomoek aparteko prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea izango dute.

Orain arte bezala, prestazio hori jaso ahal izateko nahikoa izango da Administrazioaren dekretu bidez itxi behar izatea eta, horrez gain, beste baldintza batzuk betetzea, hala nola Gizarte Segurantzarekin edo Ogasunarekin zorrak ordainduta izatea, eta LAABen gutxienez 30 egun naturalez afiliatuta egotea.

Eta, berritasun gisa, oraingoan, prestazioak % 70era igo ditu gutxieneko oinarriaren % 50eko zenbatekoak; beraz, autonomoek 661 euro kobratuko lituzkete, oro har.

Kuotei dagokienez, salbuetsita egongo dira neurria hartzen den hilabeteko lehenengo egunetik, neurria indargabetzen den hilabeteko azken egunera arte.

5. Sasoiko autonomoentzako aparteko prestazioaren luzapena

Azkenik, jarduera uzteagatiko aparteko prestazio bat ezarri da, berriz ere, sasoiko langile autonomoentzat.

Prestazio hori eskuratu ahal izateko, honako baldintza hauek eskatzen dira, besteak beste: batetik, bai 2018an bai 2019an gutxienez 4 hilabetez eta gehienez 7 hilabetez alta emanda egon izana eta kotizatu izana, betiere 2018an eta 2019an alta emanda egondako hilabete horietako bi ekaina eta iraila izan badira; bestetik, 2018an eta 2019an besteren kontura 120 egun baino gehiago altan emanda egon ez izana eta, berritasun gisa, 2021eko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan 60 egun edo gehiago alta emanda egon ez izana. 

Era berean, 2021. urteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan ezin izango dira eskuratu zerga-arloan konputagarriak diren 6.650 eurotik gorako diru-sarrera garbiak.

Baldintza horiek betetzen dituztenek prestazio bat jaso ahal izango dute. Oraingoan, prestazio hori dagokion kotizazio-oinarri minimoaren % 50ekoa bakarrik izango da (hau da, 460 euro inguru). Gainera, Gizarte Segurantzaren kuota ordaintzetik salbuetsita egongo dira.

Informazio gehiago

      

Azken berriak