HONELA ERAGITEN DIE AUTONOMOEI LANALDIAREN DERRIGORREZKO ERREGISTROAK: 10 GAKO PRAKTIKO

 

Dagoeneko sartu da indarrean enpresek beren langileen ordutegia erregistratu beharra. Araua martxoan onartu zen eta Gobernuak bi hilabeteko epea eman zien enpresei behar bezala antolatzeko.

Horrenbestez, 2019ko maiatzaren 12tik enpresa guztiek nahitaez egin behar dute lanaldiaren kontrola.

1. Nola eragiten die lanaldiaren derrigorrezko erregistroak autonomoei?

Lehenik eta behin, argitu behar da lanaldia erregistratzearen araudiak ez diela zuzenean eragiten langile autonomo guztiei, soldatapeko langileen lanaldiak erregistratzeko bakarrik pentsatuta baitago.

Horregatik, autonomoek edo kooperatibetako langile bazkideek ez dituzte erregistratu beharko lanean egiten dituzten orduak.

Bestalde, lanaldiaren kontrola egin beharko dute langileak kontratatuta dituzten autonomoek, baina ez beraiena, soldatapeko langileena baizik. Zentzu horretan, langile autonomoak enpresari gisa jarduten du, eta hari dagozkion erantzukizunak bereganatzen ditu.

Horrenbestez, soldatapeko langileak dituzten enpresari eta enpresa guztiei eragiten die, salbuespenik gabe, sektorea, langile kopurua edo bestelako arrazoiak denak direla, Gobernuak ez baititu zehaztu.

2. Zer da lanaldiaren derrigorrezko erregistroa?

Lanaldiaren derrigorrezko erregistroa dela-eta, enpresek nahitaez egin behar dute beren langileek lanean egiten dituzten orduen kontrol eraginkorra eta benetakoa.

Mekanismo horrek langile bakoitzaren sartze- eta irtete-orduak erregistratu behar ditu eta, ahal izanez gero, langileen legezko ordezkaritzarekin adostu behar da. Autonomoen eta enpresa txikien kasuan —ez dute horrelako ordezkaritzarik—, araudiak ez du lanaldiaren erregistroa egitetik salbuesten enpresaria, eta langileei ere berdin egin beharko zaie kontsulta.

Datuak lau urtez gordeko dira eta enpresako arduradun baimenduek eta langileak berak bakarrik eskuratu ahal izango dituzte.

3. Zein da erregistroaren xedea?

Funtsean, lanaldien iraupena neurtzea eta aparteko orduak (kobratzeko) eta lanarteak dokumentatzea da helburua. Izan ere, lanarteak ez dira hamabi ordutik beherakoak izango lanaldi bat amaitzen denetik hurrengoa hasten den arte, Langileen Estatutuak zehazten dituen gutxienekoekin bat etorriz (asteko gutxieneko lanarteak ere zehazten ditu, besteak beste).

4. Nork bermatu behar du lanaldiaren eguneroko erregistroa?

Lanaldiaren erregistro egokia egitea enpresaren azken erantzukizuna izango da, ez langileena.  Hark «frogagarria» izan behar du, hau da, bat etorri behar du langileak egindako benetako lan-orduekin, eta ezin izango da aldatu.

5. Nola egin behar da erregistroa?

Araudiak ez du zehazten mekanismorik edo bitarteko zehatzik (eskuz, mekanikoa, digitala) enpresak lanaldiaren erregistroa gaitzeko. Dena den, argi eta garbi zehazten du langile bakoitzaren lanaldia zer ordutan hasi eta zer ordutan amaitzen den txertatu behar dela.

Hala eta guztiz ere, eta garbi identifikatuta dagoenean salbu, lanaldiarekin lotutako guztia txertatzea komeni da, bereziki legeak zehazten dituen edo hitzarmen bidez edo norbere borondatez finkatu diren eguneko Horrela, erregistratutako lanaldiaren haste- eta amaitze-orduen arteko denbora-tartea lanaldi eraginkorra dela jasotzen duen presuntzioa saihestu ahal izango da.

Ohiko lantokitik kanpo dauden langileen kasuan —gaua kanpoan igaro ala ez—, lanaldiaren eguneko erregistroak Estatuko arau orokorrak bete beharko ditu eta, beraz, lanaldi eraginkorra erregistratu beharko da.

Horregatik, erregistro horretan ez dira sartuko enpresaren eskura jarritako denbora-tarte guztiak, horiek dieta edo aurrerakin bidez konpentsatu beharrari kalterik egin gabe.

Dena den, kasu horietan komenigarria izaten da erregistroan bi denbora-elementu horiek berariaz konputatzea, bien arteko banaketa frogatu ahal izateko. Horretarako egokia izan daiteke langilearen aitorpen dokumentatua egitea, enpresak adierazpen horren errealitatea egiaztatzeko duen kontrolerako gaitasuna eta zuzendaritza-ahalmenak alde batera utzita.

6. Zigortu egin gaitzakete ordutegi-erregistro bat ez izateagatik?

Lanaldien erregistroa egitea derrigorrezkoa denez, Lan Ikuskaritzak zigortu egin dezake kontrol horretarako erregistrorik ez izatea.

Langileen lanaldiak erregistratzen ez badira, enpresak 626 eta 6.250 euro arteko isuna ordaindu beharko du. Berriz ere gauza bera gertatzen bada, zenbatekoa handitu egin daiteke. Halere, eta Lan Ministerioak jakinarazi duenez, lehen aplikazio-hilabeteetan ez da isunik jarriko enpresek behar bezala frogatzen badute erregistroa ezartzen ari direla.

7. Zer gertatzen da lanaldi irregularrak dituzten langileekin?

Ordutegiaren erregistroa egitea derrigorrezkoa da langile guztientzat, horiek lanaldi errepikakorrak izan nahiz ordutegi irregularrak izan, merkataritzako langileen kasuan, adibidez.

Nolanahi ere, araudia lan-merkatuko funtzio eta lan guztien aniztasuna kontuan izaten saiatu da, eta ordutegiaren kontrola nahitaez egin behar dela aitortu du, «ordutegi-malgutasunari kalterik egin gabe». Horrenbestez, enpresak eta langileek mekanismoren bat adostu beharko dute lanaldi atipikoak dituzten langileen lan-orduak modu egokian islatzeko.

Zentzu horretan, eguneko lanaldia aldakorra izan daitekeenez (ohikoa baino lanaldi luzeagoak beste lanaldi laburrago batzuekin konpentsatzea, esaterako), eta langileak benetan egin duen lanaldia zehazteko egun batetik gorako denbora-tarteak edo sekuentziak kontuan izan behar direnez, lanaldiaren erregistroak —nahitaez bete beharrekoa— ezohiko egoera hori izan beharko du kontuan.

Ordutegi-malgutasunak hilean lanaldi jakin bat betetzea eskatzen badu eta langileak lanaldi hori nahi bezala bana badezake, eguneko ordutegiaren erregistroak gehiegizko lanaldiak jasotzen baditu ere, hori ez da aparteko lanordu gisa edo itundutakotik gorako lanaldi gisa hartuko, hileko gainerako egunetako erregistroak aztertuz gero, hileko lanaldi arrunta betetzen dela egiaztatzen bada.

8. Eta etxetik lan eginez gero?

Telelanaren egoera ordutegi aldakorrak dituen langile batenaren antzekoa da eta, beraz, etxetik lan egiten duten soldatapekoek ere beren ordutegia erregistratu behar dute.

Lantokira sartzeko eta handik irteteko ordu jakin bat ez dagoenez, enpresariak mekanismo bat adostu beharko du etxetik lan egiten duten langileekin, horiek zenbat orduz lan egiten duten eta lanean zer ordutan hasi eta noiz amaitzen duten kontrolatzeko.

9. Eta nire enpresan ABLE batek lagatako edo azpikontratatutako langileak badaude?

  • ABLE batek lagatako pertsonen kasuan, horiek beren zerbitzuak eskaintzen dituzten bitartean, enpresa erabiltzaileak zuzentzen eta kontrolatzen du horien lan-jarduera eta, beraz, enpresa erabiltzaileak bete beharko du lanaldiaren erregistroa.
  • Azpikontratazioari dagokionez, enpresa azpikontratatzaileari dagokio jarduera kontrolatzea; horrenbestez, hura arduratuko da laneko betebehar guztiak betetzeaz, lanaldiaren erregistroa barne.

10. Eguneko lanaldiaren erregistroarekin ordeztu al dezaket aparteko orduak erregistratzearen betebeharra?

Araudiaren arabera, langile bakoitzaren lanaldia egunez egun erregistratu behar da aparteko orduak zenbatzeko, eta ordainketetarako zehaztutako denbora-tartean egingo da guztizko zenbatekoa, kasuan kasuko ordainagirian, langileari laburpenaren kopia bat emanez.

Horrenbestez, lanaldiaren eguneko erregistroa eta aparteko orduen erregistroa legezko betebeharrak dira, elkarrengandik independenteak eta bateragarriak. Halere, eguneko lanaldiaren erregistroa aparteko orduak erregistratzeko ere erabil daiteke, legeak zehazten dituen gainerako xedapenak betetzen badira.

Edonola ere, Consulting Pro zerbitzutik zure egoera zehatza aztertzen lagunduko dizugu. Deitu 900 100 240 telefono-zenbakira edo bidali zure kontsulta webgunearen bitartez, honako inprimaki hau erabiliz.

[SAKATU HEMEN ARTIKULU GUZTIAK IKUSTEKO]

Azken berriak