Hobetu zure negozioaren likidezia zergak geroratu eta zatikatzearen bidez

COVID-19aren pandemiak zailtasun ekonomiko handiak ekarri dizkie enpresa askori, eta ia ez dute likideziarik egin behar dituzten ordainketei (eta, haien artean, ezarrita dituzten zergen ordainketari) aurre egiteko.

Zirkunstantzia hori arintzeko, Alarma Egoera hasi zenetik administrazioek hainbat neurri hartu dituzte ETE-en eta autonomoen likidezia-egoera zaila hobetzen saiatzeko.

Egoerak eragindako diru-sarreren beherakadari aurre egiteko abian jarri diren neurrien artean, honako hauek aipa daitezke: PFEZren ordainketa zatikatuen, BEZaren hiru hileroko likidazioen eta zerga-zorren ordainketaren geroratzea, Gizarte Segurantzarako kotizazioen luzamenduak eta ICOren edo Eusko Jaurlaritza-Elkargiren abalen bidezko kredituak.

Likidezia-premia horiei erantzuteko, bankuen finantzaketara jotzea da ohikoena (kreditu-lerroen edo deskontu-lerroen bidez). Ildo horretan, zergen geroratzea eta zatikatzea tresna ezezagunagoa da, baina horrek ez du esan nahi hura bezain baliagarria ez denik.

Artikulu honetan, eremu honetan izan diren azken berritasunak berrikusiko ditugu. Izan ere, zenbait berritasun gertatu dira neurri horien funtzionamenduan, ezaugarrietan eta baldintzetan.

Bizkaia

2021 urtearen hasieran, Bizkaiko Foru Aldundiak hobetu egin ditu zergak ordaintzeko bermerik gabeko geroratze automatikoak. Hori dela eta, Bizkaiko zergadunek baldintza hobeetan geroratu ditzakete beren zergen edo beste zerga-zor batzuen ordainketa. Aldaketak:

  • itzultzeko epeak luzatzen ditu
  • zorra kitatzeko hileko kuotak zenbateko berekoak izateko eskakizuna kentzen du
  • 000 eurora bitarteko zorrak bermerik aurkeztu gabe geroratzeko aukera ematen du.

Azpimarratu beharra dago hobetu egin direla 2020ko urtarrilaren 1ean zergadunen alde aldatu ziren baldintzak.

Aldaketarik azpimarragarrienen artean, Bizkaiko Foru Ogasunak honako zor hauek geroratzeko aukera emango du automatikoki eta bermerik aurkeztu behar izan gabe:

  • 50.000 eurotik beherako zorrak hileko aldizkakotasuneko 48 epetan itzuliko dira. Orain arte, 20.000 euroko muga zegoen ezarrita, eta zenbateko bera izan behar zuten hileko 36 kuotatan itzuli behar ziren.
  • 50.001-100.000 euroko zorrak 36 hilabetetan itzuliko dira. Orain arte, 50.000 euroko muga zegoen ezarrita, eta zenbateko bereko hileko 24 kuotatan itzuli behar ziren.
  • 500.000 euroko arte zorrak 24 hilabetetan itzuliko dira. Orain arte, zenbateko hori zuten zorrak zenbateko bereko hileko 12 epetan itzuli behar ziren.

Halaber, zerga-zorren ordainketa errazteko, hiru aldiz eskatu ahal izango da zor beraren geroratzea edo zatikatzea (orain arte bi aldiz eska zitekeen). Era berean, hiru epe utzi ahal izango dira ordaindu gabe gehienez (bi ziren orain arte); kopuru horretatik gora, geroratzeak eraginkortasuna galduko du.

Bestalde, zerga-zorrak zergen itzulketekin konpentsatzeko ezarritako arauak aldatu egin dira, eta aurrerantzean ez da konpentsaziorik egingo zerga-zorrak geroratuta eta behar bezala bermatuta daudenean. Era horretan, gainera, zergadunen likidezia bultzatuko da hain zailak diren garai hauetan.

Araba

2021 urtearen lehen zatirako, zerga-zorren ezohiko geroratze bat ezarri da jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisikoentzat, mikroenpresentzat eta enpresa txikientzat.

Geroratze hori borondatezko aldian eskatu beharko da, eta borondatezko aldian aurkezteko eta ordaintzeko epearen amaiera 2021eko urtarrilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte duten zerga-zorrak eta zerga-administrazioak egindako likidazioen emaitzazkoak diren eta borondatez ordaintzeko epearen amaiera aldi horretan bertan duten zerga-zorrak har ditzake eraginpean.

Geroratzea lortzeko, ez da bermerik aurkeztu behar izango, eta geroratzeak ez du berandutze-interesik sortuko. Geroago, zenbateko berdineko hileko 6 kuotatan zatikatuta egin beharko da ordainketa, eta zatikatze horren lehen epea 2021eko uztailean amaituko da.

Gipuzkoa

Gipuzkoan hartutako neurria Arabakoaren antzekoa izan da. Horrela, beraz, jarduera ekonomikoak egiten dituzten PFEZren zergadunen eta BEZari lotutako eta salbuetsi gabeko higiezinen errentamenduagatik kapital higiezinaren errendimenduak lortzen dituzten zergadunen zerga-zorrak eta mikroenpresen eta enpresa txikien zerga-zorrak (borondatezko aldian aurkezteko eta ordaintzeko epearen amaiera 2021eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitarte duten autolikidazioen emaitzazkoak) hileko 6 kuotatan zatikatu ahal izango dira, eta haietako lehena 3 hilabeteko gabealdi baten ondoren ordaindu beharko da. Eta, hori guztia, bermerik aurkeztu behar izan gabe eta berandutze-interesik sortu gabe.

Nafarroa

Nafarroan, 1/2021 Dekretu-Foru Legearen bidez, hainbat zerga-neurri sartu dira COVID-19ak jarduera ekonomikoen eremuan izan duen inpaktuari erantzuten saiatzeko. Neurri horien artean, zergen ezohiko geroratze berri bat ezarri da, eta honako ezaugarri hauek ditu:

1. Eskatu dezaketen zergadunak.

2020 urtean 6.010.121,24 eurotik beherako eragiketa-bolumeneko jarduera ekonomikoak egin dituzten pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak.

2. Geroratu daitezkeen zerga-zorrak.

Borondatezko aldian aurkezteko eta ordaintzeko epearen amaiera 2021eko urtarrilaren 1etik apirilaren 30era bitarte duten likidazio edo autolikidazioen aitorpenen ondoriozko zerga-zorrak baino ez (PFEZren eta Sozietateen gaineko Zergaren konturako atxikipenei dagozkienak eta zozketa, tonbola, apustu, ausazko konbinazio eta zorte-, enbido- edo zori-jokoen gaineko tasei dagozkienak barne).

Ezin izango dira geroratu honako zenbateko hauek edo txikiagoak dituzten zerga-zorrak:

  1. a) Pertsona fisikoak diren zergadunak: 100 euro.
  2. b) Pertsona fisikoak ez diren zergadunak: 300 euro.

3. Betekizunak

  1. a) Eskaera borondatezko aldian, eredu ofizialean (CAT06) eta soilik Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzu telematikoen bitartez aurkeztea.
  2. b) Zergadunak bere zerga-betebeharrak egunean utzi behar ditu geroratzea ematen zaionean, eta egoera horretan jarraitu beharko du geroratzearen indarraldian.

4. Ezaugarri bereziak.

  1. a) Ez da konturako ezein ordainketarik eskatuko.
  2. b) Ez da bermea aurkeztea eskatuko.
  3. c) Ez da berandutze-interesik sortuko.
  4. d) Zenbatekoaren gehieneko mugarik gabe.
  5. e) Emandako geroratzearen epea: diru-sarreraren 3 hilabeteko etetea, ordaintzeko borondatezko aldia amaitzen denetik aurrera zenbatzen hasita. Hilabete horien ondoren, zenbateko bereko hileko lau kuotatan ordainduko da geroratutako zorra.
  6. f) Ez da zenbatuko borondatezko aldian beste geroratze bat emateko gainditu ezin den geroratze kopuruaren gehieneko mugaren ondorioetarako.

5. Ez-betetzea.

Emandako geroratzeak ez-betetzeengatik ezerezten badira, aurkezteko eta ordaintzeko borondatezko aldia amaitu eta hurrengo egunetik ezereztearen egunera bitarteko berandutze-interesak likidatuko dira.

Estatuaren gainerakoa (Zerga Administrazioko Estatu Agentzia)

Gobernuak, 35/2020 Errege Lege Dekretuaren bidez, zergen geroratzea onartu du aurkezteko eta ordaintzeko epea 2021eko apirilaren 1etik 30era bitarte duten lehen hiruhilekoko autolikidazioen (hala nola BEZaren, PFEZren eta Sozietateen gaineko Zergaren) ordainketa atzeratu nahi duten autonomo eta ETE-entzat, betiere 2020. urtean 6.010.121,04 euro baino gutxiago fakturatu badituzte eta 30.000 euroko gehieneko balioarekin.

Xedapen honetan enpresentzat aurreikusitako neurrien artean, geroratzeen arloko malgutasuna ezartzen da, diruzaintzan izan ditzaketen tentsioak saihesteko, martxoaren 12ko 7/2020 Errege Lege Dekretuarekin 2020ko lehen hiruhilekorako egin zen bezala. Horrela, beraz, zergen ordainketa sei hilabetez geroratzeko aukera ematen zaie ETE-ei eta autonomoei, interesen hiru hilabeteko gabealdiarekin (eskaera egin ondoren), 2021eko apirilaren 1etik 30era bitarte aurkeztu beharreko autolikidazioen kasuan.

Adierazitako Errege Dekretuaren 8. artikuluan ezartzen denez, aurkeztutako eskaerak 30.000 eurora bitarteko zenbatekoa duten zerga-zorrei dagozkienean emango da geroratzea (eman diren edo ebazteko dauden bermerik gabeko gainerako geroratze-/zatikatze-eskaerak barne). Adibidez, egin beharreko diru-sarrera 32.000 eurokoa bada eta dagoeneko 6.000 euroko geroratze bat eman badizute, 24.000 euroko ezohiko geroratzea baino ez duzu eskatu ahal izango, eta gainerako 8.000 euroak ordaindu egin beharko dituzu, edo horietarako bermedun geroratze bat eskatu.

Gainera, atxikipenetarako eta konturako sarreretarako (111, 115, 123… zenbakiko ereduak), legez jasanarazi beharreko zergetarako (BEZaren 303 zenbakiko eredua) eta Sozietateen gaineko Zergaren ordainketa zatikatuetarako (202 eta 222 zenbakiko ereduak) ere eskatu ahal izango da ezohiko geroratze hori, baldintza normaletan geroratu ezin direnean.

Laburbilduz, ezohiko geroratzearen baldintzak honako hauek dira:

  • 6 hilabeteko geroratze-epea.
  • Ez da berandutze-interesik sortuko lehen 3 hilabeteetan.

 

Azken berriak

Lanbidek hainbat laguntza-deialdi argitaratu ditu

Azken egunetan, Lanbidek hainbat laguntza-lerro argitaratu ditu: 2021eko laguntza-deialdia, iraupen luzeko langabezian dauden 30 urtetik gorako pertsonak EAEko lantokietan kontratatzeko Euskal...