Higiezinak eraberritzeko obrei dagokien BEZ tasa

Merkataritza-lokalak eraberritzeko obren aurrekontuetan (eta fakturetan ere bai) BEZ tasa murriztua (% 10ekoa) azaltzen da sarritan. Baina tasa hori aplikatzea ez da zuzena, eta arazoak sor ditzake Ogasunaren aurrean. Artikulu honetan azalduko dizugu noiz aplikatu behar den % 10eko BEZ tasa murriztua eta noiz % 21eko BEZ tasa orokorra.

Lehenik eta behin, kontuan hartu behar dugu BEZaren araudian bi obra-mota bereizten direla: birgaitzeko obrak, batetik, eta berritzeko eta konpontzeko obrak, bestetik.

Birgaitzeko obratzat hartzen dira:

  • Egiturazko elementuak, fatxadak edo estalkiak sendotzeko eta tratatzeko lanek obraren kostuaren erdia baino gehiago hartzen dutenean, edo obra analogoak egin behar direnean (igogailuak eta igotzeko elementuak jartzea, desgaituek arkitektura-oztopoak gainditzeko direnak barne), edo horiei lotuta dauden lanak (baldintza jakin batzuekin, igeltsero-lanak, iturgintzakoak, arotz-lanak, itxiturak hobetu eta egokitzeko lanak eta abar).
  • Gainera, birgaitzeko obra izateko, obraren guztizko kostua higiezinaren erosketa-prezioaren % 25etik gorakoa izan behar da, higiezina aurreko bi urteetan erosi den kasuetan, edo, bestela, merkatuko balioaren % 25etik gorakoa. Bi kasuetan ez da kontuan hartzen lurzoruari dagokion zatia.

Obra-proiektu batek baldintza horiek betetzen ez baditu eta, beraz, ezin bada hartu birgaitzeko obratzat, berritzeko eta konpontzeko obratzat joko da eta igeltsero-lanak, iturgintzakoak, argindarrarekin lotutakoak, margo-lanak, aroztegikoak eta beste batzuk hartuko ditu. Berritzeko eta konpontzeko obren barruan ez dira sartzen instalazioak mantentzeko lanak, ez baita obren egikaritzea.

Obren egikaritzea

BEZ tasa murriztua (% 10ekoa) aplikatzeko xedez obrak egikaritzen direla onartzen da, besteak beste, lan hauek egiten direnean:

  • Iturgintzako, berokuntzako, elektrizitateko eta abarreko instalazioak jartzea, sukaldeko eta bainu-gelako altzariak paratzea, edozein materialez egindako sukalde- edo konketa-gainekoak barne, eta horma-armairuak ipintzea.
  • Instalatzeko eta muntatzeko ondasunak hornitzea, hala nola ateak, leihoak, igogailuak, komunak, berogailuak, aire girotua, segurtasun-ekipamenduak, eta abar. Hau da, ondasunak entregatu eta instalatzea.

Baina ez dira obren egikaritzen atalean sartzen ez instalazioen mantentze-lanak, kontratu mota edozein dutela, ez honako elementu hauen aldizkako mantentze-lanak: igogailuak, sarrailak, galdarak eta berokuntza-sistemak, garbiketa, bideo bidezko atezainak, telebista-instalazioak, uraren presio-igogailu ponpak, su-itzalgailuak, isurbideen hodiak, desinfekzioak eta teilatu-hodiak, nahiz eta egoera txarrean edo matxuratuta dauden materialak ordeztu edo konpondu.

Hori guztia aintzat hartuta, obren egikaritzeari % 10eko tasa murriztua dagokio honako baldintza hauek betetzen badira:

  • Berritzeko eta konpontzeko obren egikaritzea etxebizitza-erabilera duten eraikinetan edo eraikin horien zati batzuetan gauzatu behar da:
  • hartzailea pertsona fisikoa izango da, ez du enpresaburu edo profesional gisa jardungo eta obrak egingo diren etxebizitza bere erabilera partikularrerako izan behar da. Era berean, hartzailea jabekideen erkidego bat bada ere atal honetan sartuko dira aipatutako obren egikaritzeak.
  • Etxebizitza eraikitzen edo birgaitzen bukatu ondoren gutxienez bi urteko epea igaro behar da bertan obrak egiteko.
  • Obrak egingo dituen pertsonak ez du materialik ekarriko lan horiek egikaritzeko, eta ekartzen baditu, kostua ez da eragiketaren zerga-oinarriaren % 40tik gorakoa izango.

Baldintza horiek betetzen ez badira % 21eko zerga-tasa orokorra ezarriko da, merkataritza-lokalak edo bulego-eraikinak birgaitzeko eta berritzeko obretan bezala. Salbuespen gutxi batzuetan % 10eko tasa murriztua aplika daiteke, adibidez, adinekoentzako egoitzetan -etxebizitzen tratamendu bera baitute—, baina orokorrean, lokalak eta bulegoak berritzeko lanetan % 21eko tasa orokorra aplikatu behar da.

Subjektu pasiboaren inbertsioa obren egikaritzetan: BEZik gabeko faktura

Enpresaburu eta profesionalentzako doako aholkularitza-zerbitzuan maiz jasotzen dugun galdera da hau: eraikuntzako profesional askori (iturgin, arotz eta abarri) obra batera lanera joaten direnean BEZik gabeko faktura egiteko eskatzen die eraikitzaileak. Jokabide hori zuzena ala iruzurra den jakin nahi izaten dute. Baldintza batzuk betetzen badira jokabide hori zuzena izango da, alegia, horrelakoetan, iturginak bere lanari dagokion BEZik gabeko faktura egin beharko du. Zergatik? Obra horretan Subjektu Pasiboaren Inbertsioa esaten diotena gertatzen ari delako.

Subjektu Pasiboaren Inbertsioa BEZ zergaren arau orokorraren salbuespena da. Eroslea subjektu pasibo bilakatzen da eta, beraz, BEZa ordaindu behar du, zergaren ondorioak bereganatuz.

Obrak sustatzailearen eta kontratistaren artean zuzenean formalizatutako kontratuen ondorioz egiten direnean gertatzen da Subjektu Pasiboaren Inbertsioa, betiere lanen xedea lurrak urbanizatzea edo eraikinak eraikitzea edo birgaitzea bada.

Hartzaileek honako inguruabar hauen berri eman behar diete kontratista nagusiei, berariaz eta modu sinesgarrian:

  • Eragiketa horietan enpresaburu edo profesional gisa ari direla (partikularrak kanpoak gelditzen dira, beraz)
  • Eragiketa horiek lurrak urbanizatzeko edo eraikina eraikitzeko edo birgaitzeko prozesu baten barruan egiten ari direla.

Era berean, eragiketen hartzaileak aldi berean kontratista nagusiak badira, azpikontratistei berariaz eta modu sinesgarrian jakinarazi behar diete eragiketa horiek lurrak urbanizatzeko edo eraikina eraikitzeko edo birgaitzeko prozesu baten barruan egiten ari direla. Azpikontratista horiek aipatutako iturginak edo arotzak izan litezke.

Adibidez, demagun etxebizitzen eta merkataritza-lokalen eraikin baten sustapenean sustatzaileak eraikitzaile bati agintzen dizkiola eraikuntza-lanak, eta horrek, bere aldetik, iturgin bati azpikontratatzen dizkiola iturgintza-lanak. Obra horretan egindako lanengatik, iturginak BEZik gabeko faktura egin beharko dio eraikitzaileari, eta horrek ere BEZik gabeko faktura egingo dio sustatzaileari. Biek ala biek, eraikitzaileak eta sustatzaileak, euren buruei jasanaraziko diete BEZ zerga eta, aldi berean, horren kenkaria egingo dute; ondorioz, aitorpenaren emaitza neutroa izango da.

Azken berriak

Gasteizko Ekonomia Suspertzeko Plana

Gasteizko udalak laguntzak jarri ditu abian merkatariei, ostalariei eta hainbat sektore ekonomikotako enpresa txikiei laguntzeko. Planak 2,7 milioi eurotan baloratutako ekintzak ditu,...

Autonomoentzako COVID-19 laguntzak Nafarroan

Nafarroako Gobernuak zuzeneko eta aparteko bi laguntza-mota onartu ditu autonomoen taldearentzat: lehena 2.200 eurokoa da, eta martxoaren 17ko 8/2020 Errege Dekretuaren 17....