Hauek izango lirateke autonomoen kuota berriak 2023tik aurrera

Gizarte Segurantza Ministerioak proposamen berri bat aurkeztu du elkarrizketa sozialerako mahaian Langile Autonomoen Araubide Berezia (LAAB) aldatzeko eta kotizazioa benetako sarreraren arabera ezartzeko kolektibo horretan. Proposamenaren arabera, hamahiru tartetan banatuko lirateke kuotak: 183 euroko kuota ordainduko lukete gutxien irabazten dutenek, eta 1.266 eurokoa gehien irabazten dutenek.

Lehenago argitaratu dugun moduan, urte batzuk dira benetako sarreren araberako sistema bat lantzen ari dela, gaur egun kotizazio-oinarria aukeratzea ahalbidetzen duen sistemaren kalterako, zeinean langile autonomoen kuota kalkulatzeko ez baita aintzat hartzen jarduerarekin lortzen den etekin ekonomikoa.

Sistema berria onartuz gero, 2023an jarriko da indarrean, baina autonomoek 9 urteko epealdi iragankor bat izango dute sistema hori aplikatzeko. Epe horretan, kuotak gora edo behera egingo du, progresiboki, dagokien tartean kokatu arte.

Espainian 3 milioi autonomo baino gehiago daude gaur egun, eta, haien etekin ekonomikoaren arabera, Gizarte Segurantzak kalkulatzen du sistema berriak mesede egingo diola % 66ri, hilean gutxiago ordaindu beharko baitute kuota kalkulatzeko modalitate berri honi esker. Hala, hilean 600 euro baino gutxiago irabazten dutenek 1.300 euro aurreztuko dituzte urtean; 600 eta 900 euro artean irabazten dutenek, berriz, 600 euro gutxiago ordainduko dute urtean.

Gizarte Segurantzaren Proposamena: etekin garbien tarteak eta ordaindu beharreko kuotak

Diru-sarreren lehen tartea hilean 600 eurotik beherako errentak dituztenena da; altuena, berriz, 4.050 euro baino gehiago irabazten dutenena. Autonomoak tarte batean edo bestean sartuko dira beren errenten arabera, baina urtean zehar sei aldiz aldatu ahalko dute tartez beren diru-sarreren bilakaerari egokitu ahal izateko. Aukera hori ezarri da, batez ere, urtaroarekin lotura estua duten jarduerak egiten dituzten langile autonomoentzat.

Taulan ikus daiteke ondorio ezberdinak dituzten hiru tarte planteatzen direla: bat 1.125,9 euroan dago finkatuta, eta tarte horretan daudenek orain ordaintzen dutena ordainduko dute 9 urte horietan zehar. Horren azpian beste bat dago, hilean 600 eta 1.125,90 euro artekoa; tarte horretan kuota txikiagoa ordainduko da hurrengo bederatzi urteetan. Eta, azkenik, hilean 1.125,90 eta 4.050 euro arteko etekin garbiak dituzten profesionalentzat dira gainerako hamar tarteak. Tarte horietan daudenek urterik urte gero eta kuota handiagoa ordainduko diote Gizarte Segurantzari.

Eskema honek duen arazoetako bat da kuota oso astiro (9 urte) doituko dela gorantz eta beherantz, bereziki beherantz bada, eta hala salatu dute gizarte-eragile batzuek. Hala, adibidez LGSra iristen ez diren autonomoek oraingoaren antzeko kuota ordaindu beharko dute bederatzi urte pasatu arte. Izan ere, 2023an % 4 baino ez du egingo behera kuotak tarte horretako autonomoentzat.

Tarifa laua bi urtez lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik dauden etekinentzat

Beste alde batetik, mantendu egingo da tarifa plana deritzona, baina bi urtez gehienez, eta soilik lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak diren etekinak dituzten autonomoentzat.

 

 

Azken berriak